Kronologia

2010eko apirilaren 18a
11:17
Entzun
Desagerketa. Jon Anzaren neska-lagunak preso ohia Baionako tren geltokira eraman zuen iazko apirilaren 18an, eta hark Okzitaniako Tolosarako trena hartu zuen.

Kezka. Bost egun geroago hasi ziren senideak kezkatzen. Izan ere, minbizia zuen Anzak, Bordeleko erietxean ordua hartua zuen apirilaren 24rako, eta ez zen agertu.

Lehen bilatze saioak. Senideak berehala hasi ziren hurkoa bilatzen. Sorospen zerbitzuetara jo zuten lehenik, erietxeren batean ote zegoen galdezka. Ospitale askotara deitu zuten; tartean, Anzaren gorpua agertu den Tolosako ospitalera.

Salaketa. Abokatuek salaketa jarri zuten Baionako auzitegian, bilatzeko prozedura hasteko.

ETAren oharra. Maiatzaren 21ean ETAren agiria kaleratu zuen Gara egunkariak. Anza ETAko kidea zela zioen, eta Poliziak bazekiela hori. ETA apirilaren 18an Okzitaniako Tolosan ETAkoekin gelditua zela harekin, baina ez zela iritsi. "Gerra zikinarekin" lotu zuen desagerketa.

Salaketa gezurtatu nahian Rubalcaba eta Ares. ETAren salaketa "gezurra" zela esan zuten jarraian Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Ekainean, desagerketa "ETAren arazoa" zela esan zuen Rubalcabak.

Ikerketa abiatzeko agindua. Ekainean desagerketari buruzko ikerketa abiatzeko eskatu zuen Anne Kayanakis Baionako fiskalak. Anzaren etxea miatu zuten Ahetzen.

Herritarrak bilaketan. Anza bilatzeko lanean hasi ziren boluntarioak taldeka, herritarrei galdetuz eta preso ohiaren argazkiak kaleetan itsatsiz. Talde bat Tolosako ospitalera ere joan zen galdezka. Ia hamar hilabete geroago, han agertu da hilotza.

Mobilizazioak. Maiatzean bahiketaren hipotesia nagusitzearekin batera hasi ziren protestak. Eta ehunka mobilizazio egin dira, Non da Jon? lelopean. Ekainean milaka lagunek salatu zuten Donostian Anza "gerra zikinaren biktima" zela, eta irailean bi mila lagunek egin zuten martxa Donibane Lohizunen. Hilero, 18. egunean, protestak egin dituzte herri askotan. Presoek ere egin dituzte protestak.

Hedabideak poliziei begira.Gara egunkariak iturri sinesgarriak aipatuta argitaratu zuen Espainiako Poliziak Anza trenean harrapatu, legez kanpo galdekatu, hil eta lurperatu zuela. Le Monde egunkariak ere sinesgarritasuna eman zion Espainiako Poliziak bahitu izanaren hipotesiari. Martxoan "bahiketaren eta Espainiako Poliziaren hutsegitearen hipotesiari" indar eman dio Liberation kazetak. Jacques Massey kazetariak ETAri buruz kaleratutako liburuan, Espainiako Poliziaren zerbitzu sekretuei egotzi zien "bahiketa".

Andreu epailea. Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ikerketarako diligentziak hasi zituen otsailean, Baionako fiskalak eskatuta.

Anzaren gorpuaren berri. Martxoaren 11n jakin zen -ofizialki- Jon Anza hilda dela eta gorpua Tolosako Purpan erietxean dagoela. Informazio ofizialen arabera, preso ohia apirilaren 29an aurkitu zuten Tolosako etorbide batean osasun egoera txarrean, hiriko erietxe horretara eraman zuten, maiatzaren 11n hil zen eta harrezkero Purpaneko gorputegian dago.

"Gerra zikina izan da". Jon Anza zenaren senideek, abokatuek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Non da Jon? kolektiboak eta beste hainbat eragilek martxoaren 13an zioten heriotza "gerra zikinaren ekintza" izan dela, eta Espainiako polizia indarrak direla hilketa eragin dutenak. "Jon bahitu, torturatu eta hil egin zuten".

Manifestazio jendetsua Donostian. Martxoaren 14an zortzi mila lagun bildu ziren Donostian Anzaren heriotza salatzeko. Martxoaren 18an mobilizazio ugari egin zituzten hainbat hiri eta herritan.

Lehen autopsia. Martxoaren 15ean egin zioten Anzari lehen autopsia, Tolosan, senideen konfiantzako medikurik gabe. Frantziako Polizia Euskal Herritik joandako jendeari oldartu egin zitzaion. Baionako fiskalak esan zuenez, gorpuak ez du kolperik eta bala zauririk.

Ikerketa instrukzio epaileari. Kayanakis Baionako fiskalak martxoaren 18an igorri zion Michel Valet Tolosako Epaitegiko fiskalari auziari buruzko dossierra, eta dagoeneko auzitegi horren esku dago ikerketa. Valetek orain instrukzio epaile bati emango dio gaia eta, honek ikerketa abiatzen duenean, Anzaren sendiak informazioa jasotzeko aukera izango du, parte zibil gisa.

Anza iritsi zen apirilaren 18an Tolosara. Baionako fiskalak ziurtatu du Anza iritsi zela iazko apirilaren 18an, preso ohiak aurreikusia zuen bezala. Kayanakisek emandako beste datu baten arabera, euskal militantea Baionako tren geltokitik arropa batzuekin atera zen eta apirilaren 29an aurkitu zutenean beste batzuekin zegoen. Ikerketa sekretupean dagoela gogoratu du prokuradoreak.

Auzitegi Nazionalak Anzari buruzko informazioa eman zion Frantziari. Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionalak Jon Anzari buruzko informazioa bidali zion martxoaren 23an Frantziako Fiskaltzari. Auzitegi hartako iturrien arabera, euskal militanteak egindako telefono deien eta bankuko mugimenduen berri eman dio.

Anza kasuari buruzko bloga itxi zuten. Jon Anzaren desagerpenaren eta heriotzaren eta horren inguruko zalantzen berri ematen zuen bloga itxi zuten martxoaren 24an. Erabilpen arauak urratu direlako itxi zutela azaldu zuen Wordepressek. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, ordea, "zentsura" ikusi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.