Libanora 15.000 soldadu bidaltzea gehiegi dela esan du Chiracek

2006ko abuztuaren 25a
19:57
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak Libanon 15.000 soldadu izango dituen nazioarteko indarra hedatzea erabaki zuen. Kopuru hori gehiegizkoa dela esan du Jacques Chirac Frantziako presidenteak. Bestalde, Frantziak agindutako 2.000 soldaduak igortzeko arazorik ez duela izango gaineratu du.

Ekialde Hurbileko gatazkaren inguruan mintzatu dira gaur Angela Merkel Alemaniako kantzillera eta Jacques Chirac, EB Europako Batasuneko Atzerri ministroen bileraren aurretik. NBEren, Amerikako Estatu Batuen, Europako Batasunaren eta Errusiaren parte hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute. Siriak “paper garrantzitsua” duela esan dute, baina bertako agintariekin gauzak zail daudela. Siriak, bere aldetik, Libanotik datozen kamioiak bere lurretan sartzea galarazi duela jakinarazi du Siriako irrati batek.

Bestalde, Chiracek NBEren Libanoko bake indarren gidaritza hartuko zutela eta soldaduen kopurua areagotuko zutela iragarri zuen atzo. Gaur bertan beste 150 soldadu frantziar iritsi dira Libano hegoaldera, zehazki Nakoura herrira. Atzo arte 400 soldadura mugatu zuen Frantziak bere esku-hartzea, baina nazioarteko komunitatetik jaso dituen kritiken ondorioz, azkenean, 2.000 soldadu igortzea eta UNIFIL indarren gidaritza hartzea erabaki du Parisek.

Gaur iritsi diren millitarrak injeniarien atalekoak dira, eta, besteak beste, gatazkaren ondoren lehertu gabe geratu den munizioa eztandarazteaz arduratuko dira libanoarrak arrisku horretatik kanpo uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.