Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariak bere alderdiaren "azken helburua" ez dela herri galdeketa esan du, "autogobernua hobetzea baizk", eta, adierazpen horiek direla medio, Unai Ziarreta EAko lehendakariaren ustez, "EAJk ez ditu gauzak garbi autodeterminazioaz". Aldiz, bere alderdiak erabaki eskubidea defenditzean "itzulingururik" ez duela egiten adierazi du eta EAk horretaz "gauzak erabat desberdin" ulertzen dituela.
"Guk ere, jakina, autogobernuan aurrepausoak eman nahi ditugu, baina ez gara horretan geratzen. Izan ere, herri gisa autodeterminazio eskubidea dagokigu", adierazi du gaur Ziarretak Onda Vasca irratian.
Eusko Legebiltzarrak ekainean onartu zuen Galdeketaren Legea "herri honek" azkeneko hamar urtean izandako ekimenik garrantzitsuena izan dela dio EAko lehendakariak, "eta Madrilek deuseztu egin du".
EAk urteak daramatza Eusko Jaurlaritzan EAJrekin, eta lankidetza horrek "fruitu onak" eman dituela uste du. "Guri esker jarri da eztabaidaren erdian autodeterminazio eskubidea". 2009ko martxoan izango dira EAEko hauteskundeak, eta "edozein lankidetzak oso norabide garbia eduki beharko du".
Ziarretak dio EAJk ez dituela gauzak garbi autodeterminazioaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu