Hau da Sortuko Kontseilu Nazionalak alderdiaren "birfundazio" prozesua gidatzeko egindako zuzendaritza proposamena:
Arnaldo Otegi Mondragon. Filosofian lizentziatua eta Zuzenbideko gradua amaitzear. Bateragune auzian espetxetik atera da aurtengo martxoan. Sortuko idazkari nagusia da.
Maite Sabalza Baztan. Iruñea (1978). Historian lizentziatua eta Ingeles Magisteritza egina. Irakaslea da, eta Sortuko Nafarroako Kontseiluko eta politika feministako taldekoa.
Pello Otxandiano Kanpo. Otxandio (1983). Telekomunikazioen ingeniaritzan doktorea. Ikasle mugimenduan aritua, Bilduko zinegotzi ohia (2011- 2015). Euskal Herria Ezkerretik Eraikiz-eko arduraduna.
Sonia Jacinto Garcia. Errenteria (1977). Zuzendaritza Idazkaritzan goi mailako titulua du, eta Administrazioa eta Finantzak goi zikloa amaitzear. Zientzia Politikoak eta Administrazioa gradua hasi berri du. Ikasle eta gazte mugimenduan eta Herritar Batasunean aritua. Jarrai-Haika-Segi sumarioan auzipetuta egon zen. Bateragune auzia dela-eta espetxetik atera zen iazko urrian.
Gotzon Elizburu Beristain. Soraluze (1988). Kazetaritzan lizentziatua eta EITB-EHU Multimedia Komunikazioan masterra du. Ernai gazte erakundeko koordinatzaile eta bozeramailea izana. Sorturen Iratzar fundazioko komunikazio arduraduna da.
Miren Zabaleta Telleria. Iruñea (1981). Zuzenbidean lizentziatua eta Filosofia gradua amaitzear. Genero indarkerian unibertsitate aditu titulua du. Ikasle mugimenduan eta dinamika politiko-sozial ugaritan aritua. Bateragune auzia dela-eta kartzelatik atera zen urrian.
Gorka Elejabarrieta Diaz. Deustua, Bilbo (1977), Urruñan bizi da. Soziologian lizentziatua. Ikasle eta gazte mugimenduan aritua. Nazioarteko harreman eta politikan aritua. Sortuko nazioarteko lantaldeko kidea da.
Enkarna Cordon Endeiza. Santurtzi (1960). Hezkuntza mugimenduan aritua. Sortun Bizkaiko barne antolaketa arduraduna da.
Arkaitz Rodriguez Torres. Donostia (1979). Industria Elektronikako ingeniari teknikoa eta Enpresa zuzendaritza gradua amaitzear. Gazte mugimenduan eta Herritar Batasunean aritua. Hamar urteko espetxealdia egin zuen hiru zatitan banatuta. Jarrai-Haika-Segi sumarioan auzipetua izan zen. Bateragune auzia dela-eta espetxetik atera zen urrian.
Jone Etxeberria Agirre. Ordizia (1979), Itsasondon bizi da. Filosofian lizentziatua da eta Hizkuntza Teknologiak graduondokoa EHUn egina. AHTaren aurkako mugimenduan eta herri mugimendu askotan ibilia. Ordizian ANVko zinegotzi ilegalizatua izan zen (2007-2011). Sortun sozioekonomia arloko arduraduna eta EH Bilduko Sozioekonomia Mahaiko kidea.
Unai Gonzalez Azua. Gasteiz (1980). Biologia diplomaturako hiru ikasturte eginda eta Magisteritza gradua egiten. Gazte mugimenduan eta Herritar Batasunean aritua. Jarrai-Haika-Segi auzia dela-eta sei urteko espetxe zigorra betea. Arabako Euskal Herria Ezkerretik Eraikiz-eko arduraduna da.
Oiakue Azpiri Robles. Bilbo (1972). Soziologian lizentziatua da. Ikasle eta gazte mugimenduan aritua, eta Arrigorriagako EHko zinegotzia 1999-2003an. 18/98 auzian auziperatua. Sortun politika feministako arduraduna da.
Haimar Altuna Ijurko. Lizartza (1976). Formakuntza profesionalean Elektronika titulua du. Gazte mugimenduan eta Herritar Batasunean aritua da. Sei urtez preso egon zen. Sortuko Gipuzkoako koordinatzaile ondokoa da eta gatazkaren konponbideko arduraduna.
Ipar Euskal Herriko bi kide. Egunotan jakinaraziko dituzte izenak.