UDAKO SERIEA. Iparragirre. Mito bat tiraderan (IV). Lokalizazioak.

Bihurgunez bihurgune

Soldadu, musikari poeta, bohemio, erbesteratu, artzain, erromantiko peto. Mito bat. 'Gernikako arbola' kantaren sortzailea baino gehiago. Jose Mari Iparragirre (1820-1881). Jaio zela bi mende, asteon. Hari buruzko film bat iragarria zuten negurako, baina tiraderan geratu da proiektua; ez da hala gertatzen den lehena. Tiradera hori zabaltzeko eta mitoa egurasteko saio bat da sail hau.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Jose Mari Iparragirreren biografia bihurgunez eta pasarte ezezagunez betea dago. Bi kontinente eta hamaika herrialde korritu zituen, eta artistak kantaldiz kantaldi eta bidaiaz bidaia egin zuen bideak labirinto itxura hartzen du, ibileron lokalizazio posibleen zerrenda luzea harilkatuz.

URRETXU (GIPUZKOA)

Alzola Etxea. Kale Nagusia, 10. Bertan jaio da Jose Agustin Iparragirreren eta Francisca Manuela Balerdiren bigarren umea: Jose Mari, 1820ko abuztuaren 12an. Herriko eskolan hasiko da ikasten, irakasle liberal batekin, baina, 6 urterekin, Zerainera (Gipuzkoa) bidaliko dute gurasoek, osabarekin ikas dezan.

MADRIL

San Isidro ikastetxea. Toledo eta Estudios kaleen gurutzaketa. Iparragirreren eskola berria, jesuitena. Jendetzak eraikina asaltatu du 1834ko uztailaren 17an, kolera izurrite bat dagoelako hirian eta jesuitek eragin dutelako zurrumurrua zabaldu delako. Iparragirreren irakasle Casto Fernandez apaiza ere hil dute. Hortik gutxira, Gipuzkoako frontera abiatu da 13 urteko ikaslea, amari eskolara doala esanda.

PARIS

Rochechouart kalea, 38. Parisko Kontserbatorioko irakasle titular eta tenor handi Gilbert Duprezen etxea. La Rochejaqueleingo markesaren aurkezpen gutuna lagun jo du atea Iparragirrek, 1842an. Badira bi urte pasa Frantziara heldu dela, Karlos Maria Isidro Borboikoaren alde armak hartu zituzten beste milaka euskal herritarrekin batera, eta kantutik bizi nahi du, bere eztarriaren ahalen jakitun. Karlisten babes sareari esker iraun du orain arte. Baita musikarako bere dohainei esker ere. Ez du maite opera kantagintzak eskatzen duen diziplina, baina, eta Paristik alde egitea erabakiko du, abentura eta entzule bila, Europan barrena.

LARRESORO (LAPURDI)

Apaiztegia. Gratien Adema Zaldubi ikaslea (Senpere, Lapurdi, 1828 - Baiona, 1907) lehen bertsoak idazten hasia da, eta Iparragirreren bisitak inarrosi dio barrena. Haranburu zuzendariak gonbidatuta heldu da hamaika naziotan eta plazatan zaildutako bardoa, «txapela buruan, gitarra eskuan, begia sutan, bizarrak apaindurik aurpegia, gerriko gorria tinko, espartin arinak oinetan». Berehala, «bere boz aberats eta dardarkariarekin», zortziko zenbait ematen hasi da apaizgai gazteen aurrean. Gitarra zahartxo bat, besteak beste.

VESOUL (FRANTZIA)

Saint-Georges karrika, 3. Andere Grosdemongek, ofizioz emagina, munduratzen lagundu du mutiko bat, 1847ko abuztuaren 9an, arratseko zazpietan, Sophie-Adele Picquartek sortu duena. Ezkongabea da hori, eta 21 urtekoa. Estrasburgon (Frantzia) sortu, eta Belforten (Frantzia) bizi da. Joseph Femand izena eman dio semeari. Hamar urte barru, 1857ko irailaren 6an, Iparragirrek bere semetzat onartuko du haurra, Joakin Elosegi Donostiako notarioaren aurrean.

LONDRES

Kristalezko Jauregia. Hyde Park. Nazioarteko I. Erakusketaren egoitza, 1851ko maiatzaren 1etik abuztuaren 31ra. Okzitaniako Tolosan atxilotua eta Frantziako lurretatik egotzia izan ostean, Florentziako konpainia liriko bateko kide egin da Iparragirre; Txirula magikoa taularatzen dute. Karlisten artean oso zabaldua den Ai, ai, ai mutilak porrusalda Tirolgo estiloan kantatzen entzun du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kapitain nagusiak, Manuel Mazarredo jeneral liberalak Guardia Zibilaren sortzailea. Hunkituta hurbildu zaio kantariari, «etxera itzuli nahi dut», esan dio Lehen Karlistaldia amaitu zenetik sorterrira itzuli ezin duen soldadu ohiak. Bisa berezia lortuko dio Mazarredok.

BILBO

Cafe Suizo. Plaza Barria, 1. Posta kaleko 3. zenbakiko gozotegiarekin dago konektatuta. La Pasteleria izeneko gazte kulturazaleen egoitza da azken hori, bertan egiten dituzte tertuliak. Gazteok azalduko diote Iparragirreri zer diren foruak, 1851ko udan, Londrestik etorri berritan. Azalpenok jaso berritan sortu du Gernikako arbola, eta berehala hasi da jendaurrean kantatzen: «Arbola botatzia/ Dutela pentsatu/ Euskal-erri guziyan/ Denak badakigu./ Ea bada jendia,/ Denbora orain degu/ Erori gabetanik/ Iruki biagu». 1852ko abuztuaren erdialdean, kontzertua eskaini du Donostiako handikien aurrean, eta Eustasio Amilibia eta Joaquin Mendizabal liberalak asaldatu egin dira kanta entzutean. «Espainia osoari desafio egitea da hau!», esan dute, denek entzuteko moduan, eta entzule guztiak hasi zaizkio protestan musikariari.

GUEÑES (BIZKAIA)

Tolosako (Gipuzkoa) epaitegian preso egon ostean, Bizkaia bukatu eta Kantabria hasten den mugaraino ekarri dute bi guardia zibilek, 1852ko udaren amaieran. Londrestik itzultzeko agiria eman zion berak, Mazarredo jeneralak, desterratu du. Bizipen horiek Nire amak baleki kantuan jasoko ditu bardoak: «Kartzelatik aterata/ fiskalen etxera/ abisatu ziraten/ juateko berihala/ ez etortzeko gehiago/ probintzi honetara/ orduan hartu nuan/ Santander aldera».

MADRIL

Cafe y Fonda San Luis. Montera kalea, 17. Juan Maria Altuna piano jolea lagun duela kantatu du Gernikako arbola, 1853ko udaberrian, hemen. Madrilera itzuli da Iparragirre. Ama besarkatu du berriz, hogei urteren buruan. Hiriko dirudunek maite dute bardoaren jarduna; baina, bohemio beti, Espainian zeharreko bira bati ekitea erabaki du. Galizia eta Portugal ere bisitatuko ditu. Garairik oparoena du. 1854ko abuztuan, bere aurkako desterru agindua bertan behera geratzean, Euskal Herrira ere etorri da kantatzera.

BUENOS AIRES

Rio de la Platan, txalupa bat, bardoa eta Anjela Kerexeta andregaia barruan. 62 egun egin dituzte itsasoz, Baionatik, Angelita ontzian. Lehorreratzeko aldatu dira txalupara. Dozenaka euskaldun dituzte moilan zain; gehienak, Lehen Karlistaldian borrokatutakoak. Altxatu da Iparragirre, hasi dira oihuka lehorrekoak. Gernikako arbola kantatuz heldu dira Ameriketara bardoa eta bikotekidea, marearen erdian zutik, 1858ko urriaren 29an. Errepertoriorako kanta berri bat ere badakar: Agur Euskalerriari. «Gazte gaztetatikan/ Herritik kanpora/ Estranjeri aldean/ Pasa det denbora;/ Egia alde guzietan/ Toki onak badira/ Baina bihotzak dio/ Zuaz euskalerrira./ Lur maitea hemen uztea/ Da negargarria/ Hemen gelditzen dira/ Ama eta herria;/ Urez noa ikustera/ Bai, mundu berria/ Oraintxen bai naizela/ Errukigarria». Kaian txaloka hartu dutenek txalo egingo diote berriz, hiriko antzokian lehen emanaldia egin duenean. Bigarren emanaldiko ikusleek, aldiz, txistuka hartuko dute Victoria antzokian, azaroaren 27an.

SORIANO (URUGUAI)

Trobadorearen Postua, 1860an, La Agraciada udalerritik gertu. Antzokietan arrakasta lortzeko ametsa zapuztuta, herrialdez aldatu, eta emaztearekin batera altxatu du etxe hori bardoak, 200 buruko artalde baten artzain lanari ekiteko, Uruguai ibai ertzean finkatuta dagoen lehengusu aberatsaren bitartez.

MONTEVIDEO

Café del Guernicaco Arbola. Cagancha plaza, ipar-mendebaleko izkina, 1861eko abuztuaren 14an. Iparragirrek kafetegia irekitzea lortu du. Zailago zaio ixtea; parranda betean bizi da. Hainbeste, itxi egin beharko du, zorrek itota.

SORIANO

Los Cancheros etxaldea, Daca ibaiaren ertzean, 1868an, departamentuko hiriburu Mercedesetik bi legoara. Artzain dabil artista, berriz, 1.000 buru gobernatzen, inguruko hirietara kantatzera joateari utzi gabe.

DONOSTIA

Ezkurra hotelean, 1877ko azaroaren 4an, ongietorri afaria eskaintzen ari zaizkio Iparragirreri. Urriaren 24tik dago hirian, Ameriketatik bueltan. Entzuleen artean da Jose Manterola musikologoa, pieza asko bere kantutegian jasoko dizkiona. Bost egun geroago, Hara nun diran kantu idatzi berriaren hitzak emango dizkio bardoak Manterolari.

EZKIO-ITSASO (GIPUZKOA)

Zozobarro benta, Itsason, 1881eko apirilaren 6an. Bronkopneumoniak jota hil da bardoa. Hiru urteko gainbehera fisiko eta emozionalaren ostean.

Bihar: Soinu banda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.