UDAKO SERIEA. Euskararen hauspo berria (III). Pello Jauregi

«Eremu naturalak aktibatu behar dira»

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2014ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Gazteak ditu ikergai Jauregik, eta salto bat emateko aukera ikusten du zenbait herritan: gazte gehien-gehienek badakite euskaraz, eta euskaraz funtzionatzeko modua badago. Urratsa egitea falta da. Ausartzea.

Gazteek euskararekin zer jokabide duten aztertzen denbora darama Pello Jauregi irakasleak (Pasaia, Gipuzkoa, 1958). Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) egoera ikertu du oraindik orain, eta ondorioztatu du jauzi bat emateko aukera badagoela. Haren ustez, euskara eskolatik kanpo ere hedatzea da gakoa; ziklo naturala edukitzea.

Ezagutzan bai, baina erabileran zenbat egin dezake eskolak?

Agian, errazagoa da alderantziz egitea. Badaude haur batzuk eskolaldi osoa euskaraz egin dutenak eta, hala ere, gaztelaniaz hobeto egiten dutenak. Gaztelaniaz sozializatu dira —etxean, kalean, hedabideetan...—, eta horiek guztiek askoz indar handiagoa daukate eskolak baino. Eskolak badu indarra, eta erabileran egin dezake —dezente egiten du—, baina erdibidean geratzen da. Haur bat eskolan soilik euskalduntzen denean, hamarretik hiruk lortzen dute gaitasun arrunta; gainontzekoek ikasten dute, baina ez erabateko erraztasunez. Eta erabateko erraztasunik ez badu, joera erdararakoa izango da. Eskolatik ezin dugu askoz gehiago espero erabileraren aldetik. Kopuru handiak ez dira eskolatik etorriko jadanik.

Gehiago eska dakioke eskolari?

Handian, ez; txikian, bai. Haurrak txikiak direnean, eskolak oso dinamikoak dira; haurrek asko hitz egiten dute. Asko erdal familietatik datoz, eta ez dakite oso ondo euskaraz. Baina gero, gaztexeagoak direnean, euskaraz hitz egiteko gaitasun handiagoa dutenean, orduan metodologia askoz ere pasiboagoa da: gehiago hitz egiten dute irakasleek, eta ikasleek, entzun. Eskolak dinamikoagoak balira, aurrera egin ahalko genuke gaitasunean, eta ohiturak finkatu ahalko lirateke gehixeago.

Etxearen garrantzia aipatu duzu. Noraino eragin daiteke hor?

Eremu pribatua da, intimoa. Eragin daiteke zeharka, gauzak eskainiz eta giroa sortuz. Nolako eskaintzak egin? Eskaintza kolektiboak interesgarriak dira. Aurten, adibidez, eskaini dira gurasoentzako barnetegiak; aukera dute umeekin joateko. Euskaldunon guneak trinkotu behar dira. Gurasoen artean ikusi behar da batzuk euskaldunak direla, garrantzia ematen zaiola, eta beste batzuk erakar litezke horren bidez.

Erdigunea ez direla umeak soilik.

Umea erdigune duten jarduerak badaude —aisian falta da oraindik—, baina gurasoak erdigune dituzten espazioak behar dira. Etxeko hizkuntz sozializazioa gurasoek ezartzen dute; norabidea haiek jartzen dute. Gurasoak aktibatu behar dira, haurrek euskara etxean ere normal jasotzeko, ez eskolan soilik. Lasarte-Oriako datuen arabera, haurrek eskolaz gain etxea ere euskal toki dutenean, hamarretik zazpi-zortzik joera dute kalean lagunekin euskaraz egiteko; hori batez ere etxetik dator. Oker handi bat da: «Eskolak egingo du, ikasiko du, eta egingo du...». Ez. Helduen euskalduntzeak izugarrizko garrantzia du, helduen euskararako joerak ere bai, hori delako hazia gainontzeko belaunaldiak euskalduntzeko eta eredu hartzeko.

Etxean eragiteko garairik bada?

Badaude bi garai garrantzitsu familietan. Bat, bikoteak osatzen direnean. Garrantzitsua da zein den bikoteak osatzeko hizkuntza; horrek zerikusia dauka gazte ingurunean zein hizkuntza den nagusi. Normalean, errazagoa da hizkuntza berria erlazio berrian jartzea, eta ez harremana hasi ondoren aldatzea. Baina garai oso zehaztugabea da, eta intimoa. Bigarren garaia da gurasoek seme-alabak dituztenekoa. Euskararekiko grina eta kezka sortzen zaie askori. Aldi berean, baina, ez da garai ona, gurasoak oso kezkatuta daudelako haur jaioberriarekin. Eta hizkuntz ohiturak aldatzeak energia eskatzen du.

Etxekoa lortuko balitz, aurrerapausoa bermatuko litzateke?

Lasarte-Orian, D ereduan eskolatu eta gurasoekin euskaraz egiten dutenen artean, hamarretik zazpi-zortzik egiten dute euskaraz kalean. Kontua da guraso direnean zer egingo duten. Euskaraz egingo dute edo ez? Hor daukagu zalantza. Jendeak gaitasun ona ez daukanean, hizkuntz erabilera erdaldunen parekoa da; gehienek erdaraz egiten dute. Gainera, kontuan hartu behar da eskola amaitzen dutenetik guraso diren arte hamabi-hamabost urteko tartea dagoela, eta bitartean arriskua dagoela hizkuntza kamusteko. Esperantza ez da oso positiboa. Hala ere, lortuko bagenu hizkuntza ez kamustea, erabiltzea eta guraso direnean egitea, seguru asko jauzi kualitatibo handia emango genuke erabileran.

Ezagutza gehitu behar da, beraz?

Bai. Baina gaitasunean benetako pausoak erabilerari esker ematen dira. Eskolak modu artifizial eta formalean ematen du ematen duena. Normaltasuna lortzeko, behar da eremu naturalak egotea eta maiz erabiltzea. Hortik dator benetako naturaltasuna. Gaitasunean falta den koska ez da gaindituko eskolatik, baizik komunikabideen bidez, egunerokoan erabiliz, bromak-eta euskaraz eginez... Modu naturalean barneratua izango denez, hitz egiteko joera izango du. Hor sortzen da ziklo naturala. Hori aktibatzea falta da.

Hizkuntz asimetria jarri duzu mahai gainean.

Gazte eremuan inoizko baldintza onenak ditugu Lasarte-Oriaren gisako tokietan. Hamar gaztetik bost-seik euskaraz ongi egiten dute; gainontzekoek, zati txiki bat kenduta, ondo edo nahiko ondo ulertzen dute. Kataluniako egoeraren antzekoa da hori. Edozein eragilek eskaintza bat egingo balu gazteen artean, euskara hutsez egin ahalko luke, denek ulertzen dutelako. Ez dago diskriminaziorik. Baina horrek eskatzen du hizkuntz asimetriarako joera: «Zuk ulertzen duzu? Bada, nik euskaraz egingo dut, nahiz eta zuk erdaraz erantzun. Zuk erdaraz egin nahi baduzu, egin; nik euskaraz egingo dut». Kultura hori erabat arrotza da euskaldunontzat, inoiz ez dugulako baldintza sozialik izan horrela jokatzeko. Baina, eskolari esker, humus hori sortu da. Egin daiteke.

Asimetriarako ahaleginak militantziari lotua izan behar du?

Militantzia behar da, baina denei ezin zaie eskatu militantzia. Beharko genuke herritarren %20 bat prest egotea harreman asimetrikoetan jokatzeko; baina, horrekin batera, behar dugu %80k era pasiboan hori onartzea, uztea.

Euskarak badauka nahikoa erakarpen hori bideragarri izateko?

Hori prestatu beharko litzateke. Diskurtsoak pentsatu behar dira. Seguru asko, diskurtsoak ez du bera izan behar leku guztietarako. Eremu bakoitzean suspertu beharreko emozioak diferenteak dira. Egiteko bat badugu: klixe orokorretik eta denei mezu bera ematetik atera behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.