Urte eta erdi inguru darama Ramon Rabanerak (Gasteiz, 1948) politikatik aldenduta. Bizitza ia guztia politikari eskaini osteanoraindik ere egoera berriari neurria hartu ezinik dabilela aitortu dio BERRIAri. PPk Gasteizen duen egoitzan egin du hitzordua kazetariarekin, Espainiako Kongresuan Podemosek Mariano Rajoyren aurka aurkeztutako zentsura mozioa eztabaidatu den egunean. Eztabaida hori baliatu du Podemos kritikatzeko: «Sortu diren gauza berri hauek ez didate ezer esaten».
Politikaren lehen lerroa utzi duzu. Bigarrena ere bai?
Badut politikari buruzko interesaoraindik ere, noski. Ordezkaritza karguak utzi ditut, baina egia da politikari lotuta jarraitzen dudala, aholkuak ematen, nire gogoetak partekatzen... Nolanahi ere, orain askoz ere lasaiago bizi naiz politika beste aldetik ikusiz.
Eta nola ikusten da politika beste aldetik?
80ko eta 90eko urteetan egiten zen politikaren falta sumatzen dut. Orduan, ez zegoen etsai politikorik, aurkariak ziren denak, biolentoak kenduta. Gaur egun, ordea, irainak nagusi dira, ez dira herritarren arazoak konpontzen,eta politikariak ez dira kezkatzen herritarren benetako arazoekin.
Esan izan duzu belaunaldi gazteagoei bide eman nahi zenielako utzi duzula politika.
Bai. Politikan denbora luzea eman dut, eta zinez diot aspertzea baino gauza okerragorik ez dagoela bizitza honetan; hori eta politikatik kanporatua izatea. Hori gertatzen denean, politikari askok erresumina izaten dute, uste dutelako bidegabe jokatu dutela eurekin. Nire kasuan, ez da halakorik gertatu. Eman behar nuen guztia eman dut. Diputazioan nengoenean ere gauza bera gertatu zitzaidan. Zortzi urte eman nituen, eta uztea erabaki nuen. Uste dut zortzi urte nahikoa denbora dela egin beharrekoa egiteko. Uztea erabaki nuen, nahiz eta inkestak alde nituen; baina ongi egindakoaren irudipenarekin utzi nuen, zintzo jokatu nuen sentipenarekin. Senatuan nengoenean,gauza bera gertatu zitzaidan. Eta erabakia lehenik eta behin komunikabideei jakinarazi nienez, atzera bueltarik gabeko hautua izango zela ziurtatu nuen. Pozik nago hartutako erabakiarekin.
Politikak gogaitu zaitu?
Hori baino gehiago da ez dudala inor nekatu nahi! [Barre egin du] Modu egokian joatea gustuko dut: bizitzan oro har, baina politikan are gehiago.
Alianza Popularren militatzen hasi zinen gaztetan. Nola piztu zitzaizun politikarako interesa?
Familia karlista eta monarkiko batekoa naiz, eta etxean pasio handiarekin bizi zan dugu beti politika. Eskuinekoak ziren etxean. Gazte nintzela, APn eman nuen izena, eta alderdi horretako gazte erakundeko lehen presidentea izan nintzen. Garai hura oso zirraragarria izan zen, demokrazia iristear zegoen, eta zalantza asko zeuden kalean; baina, aldi berean, ilusioa geneukan. Orain, alderdi batzuek mespretxuz hitz egiten dute trantsizioaz, eta ez dut ulertzen, garai hura bizi behar zelako. Batzuen eta besteen arteko elkargune bat eratzea lortu zen, eta hura eredugarria izan zen nazioartean.
APtik PPra egin zenuen salto.
EAEn koalizio bat egin zen, UCDren eta APren artean. Hemen,izena aldatu genion koalizioari, Burgosen mokoka zeudelako bi alderdi horietako buruak, Landenilo Lavilla eta Manuel Fraga. Marcelino Orejak koalizio bat sortzea erabaki zuen hemen: Coalicion Popular. Hura izan zen gerora PP izango zenaren hazia, nolabait. Zentro-eskuinaren eta eskuinaren arteko batura izan zen. Hortik aurrera, Euskadin alderdi bat sortzea erabaki zen. Hor agertu zen Jaime Mayor Oreja: hark lortu zuen alde guztiak batzea, eta hark gidatu zuen zentro eskuina Euskadin. Ondoren jaio zen PP. Garai hartan hartutako erabaki batzuetan parte hartu nuen, eta oso harro nago.
Baina hainbat desadostasunengatik, politikatik aldentzea erabaki zenuen tarte batean.
Pentsatzen dudana esateko ohitura daukat, eta, APren garaian Eusko Legebiltzarrerako aurkeztu ziren hautagaitza batzuk ez zitzaizkidanez oso egokiak iruditzen, ez nintzen aurkeztu. Mayor Orejak ere uko egin zion aurkezteari. Politikatik aldenduta egon nintzen hainbat hilabetetan, lanik gabe geratu nintzen, eta garai hartan ireki nituen akademiak. Horren ostean, Mayor Orejak proposatu zidan Batzar Nagusietarako hautagaia izatea. Orduan, UA indartsu zegoen, eta PP Arabatik desagertzeko arrisku handia zegoen. Gogoan dut guri botoa emateko erregutzen niolajendeari kalean! Azkenean, UA nagusitu zen, hamar bat eserleku lortuta, eta guk hiru ordezkari baino ez genituen atera. Hortik aurrera, lan handia egin genuen Araba osoan, eta bigarren indarra bihurtu ginen. Eta, hortik, Arabako ahaldun nagusi bihurtu nintzen gero, PSEri esker.
Beti eskertu diozu PSEri babesa eman izana.
Sozialistak oso exijenteak izan ziren akordioekin, baina oso leial jokatu zuten. Beti esan dut alderdiek batuta egon behar dutela gizartearentzat onuragarriak diren gaietan. Gogoan dut EAJko aurrekontu batzuk babestu genituela, eta herritarrek oso ongi ulertu zutela. Orain, baina, ezezko jarreran daude denak.
PPk eta EAJk akordioa lortu dute Madrilen.
Eta niri oso positiboa iruditzen zait. Baina denbora luzea daramagu ezezkoarekin, batez ere Araban. Niretzat, eredugarria da Bilboko Udala, hiria hobetzeko edozein proposamenek babes zabala izaten duelako. Gasteizen, baina, plaza bati izena aldatzeko ere liskarrak izaten ditugu. Bereziak gara, itxiak, geurekoiak.
Arabarra, foruzalea eta espainiarra zarelako harro agertu zara beti.
Araba lurralde bikaina da. Jendea zentzuduna da, ia kolore guztietakoek gobernatu dute, ez da inolako hausturarik egon gizartean, toki guztietatik etorritako herritarrak daude, eta bizikidetza posible da. Miresten ditut Gaztela-Leondik, Galiziatik eta Andaluziatik hona etorri zirenak lan egitera, miresten ditut Gipuzkoatik etorritako enpresaburu txiki horiek, ekintzaile horiek, hiria eraldatzeko gai izan ziren horiek... Horrek guztiak egiten du Araba miresgarri.
Arabako ahaldun nagusia izatea berezia izan zen zuretzat?
Bai, dudarik gabe. Nire bizitzako esperientziarik garrantzitsuena izan da, eta ez nukeen pauso hori emango jakinda nire bizitza arriskuan jarriko nuela. Hautatu ninduten egun berean testamentua egin nuen, sinetsita nengoelako zerbait gertatu behar zitzaidala.
ETA bi aldiz saiatu zen zu hiltzen. Nola gogoratzen duzu?
Ni hegazkinaren beldur naiz, baina bestea, hiltzeko arriskuarena, barneratuta neukan. Testamentua egin nuen, banekielako zerbait gertatu ahal zitzaidala; baina beldurrik ez nuen, ez nuen horretan pentsatzen. Gogoan dut behin Estibalizko egunaren bezpera zela. Goizeko laurak aldera, dei bat egin zidaten Madrildik esateko ezin nintzela etxetik atera nire aurka atentatu bat egiteko arrisku handia zegoelako. Bada, hurrengo egunean, Estibalizera joan nintzen, baina, auto ofizialean joan beharrean, kamuflatutako batean joan nintzen. Nik betebehar bat nuen, nirekin batera jende asko zegoelako arriskuan, eta koldarkeria bat izango zen beldurragatik amore ematea.
ETAk armak utzi ditu.
Lasaiago bizi naiz, baita nire familia ere. Baina zertarako balio izan du honek guztiak? Zertarako hildakoak? Hobeto gaude, bai, baina ezin dugu memoria galdu. Ez naiz ari mendekuaz hitz egiten, gertatutakoaren memoriaz baizik. Egia da txertorik hoberena, berriro gerta ez dadin. Benetako kontakizuna eraiki behar dugu, mendekurik eta gorrotorik gabekoa, baina benetakoa.
2001ean, Kontzertu Ekonomikoa berritzeko akordioan parte hartu zenuen. Negoziazio nekezak izan ziren?
Lorpen handia izan zen, baina negoziazioak oso zailak izan ziren. Nire jarrera ez zen erraza izan, PPkoa izanik euskal ordezkaritzatik kanpo utzi nahi nindutelako. Baina erakutsi nuen Arabako interesak sutsu defendatzen nituela. Azken akordioa lortzea ahalbidetu nuen. Ibarretxek berak aitortu zuen lor zitekeen kontzertu ekonomikorik hoberena zela. Akordioaren merituaren zati bat nirea izan zen, eta, akordio horri esker, Ramon Rabanera politikaria indartuta irten zen.
Azkenaldian, itun hori pribilegiotzat jo dute hainbat alderdik,eta baita zure alderdiko hainbat buruzagik ere.
Nik pedagogia egin behar izan dut gai honekin. Euskal berezitasunaren defendatzaile sutsua naiz,eta ez ditut ulertzen egiten zaizkion kritikak. Izan ere, Euskadirentzat ona dena mugakide den edozein erkidegorentzat ere ona izango da. Horixe baita globalizazioa. Hala ere, eskertzekoa da PPren gobernuek zer errespetu erakutsi dioten kontzertuari. Kupoaren azken akordioa positiboa da, eta, guretzat ona bada, Errioxarentzat edo Burgosentzat ere ona izango da.
Ibarretxe planaren aurkako jarrera sutsua erakutsi zenuen. Zergatik?
Arabako Diputazioa plan horren aurka agertu zen, eta arabar askoren babesa jaso nuen kalean. Ibarretxe plana ez bazen bideragarria izan, Arabak aurka egin zuelako izan zen. Ezinezkoa zen plan hori aurrera eramatea, eta horren erakusgarri da Ibarretxek Kongresuaren ezezkoa jaso ostean plan hori ahaztuta geratu dela, eta gizartean ez dela independentziaz hitz egiten. Noiz edo noiz estatutu berri batez hitz egiten da, baina ez dut uste hori denik gizartearen kezka.
Erabakitzeko eskubidearen eta estatus berri baten inguruko eztabaida egon badago.
Ez dut uste euskal gizarteak eztabaida horretan interesa duenik. Araban, esaterako, ez dut interesik sumatzen. Herritarren lehentasunen artean ez dago.
Senatua erreformatu behar da?
Bai, duda barik.
Zergatik ez da erreformatu PPk gehiengo osoa izan duenean?
Hori egia da. Zergatik ez den erreformatzen? Meloia irekitzen delako, erreforma hori egiteko Konstituzioa bera erreformatu behar delako.
Eta horren beldur da PP?
Zertarako erreformatu orain arte ongi joan dena? Horretarako,adostasun zabala behar da,baina alderdien arteko eztabaidak haustura ekartzen badu, ez goaz inora. Senatua erreformatzen hasten denean beste erreforma batzuk egin nahi izango dira.
Nola ikusten duzu EAEko PP?
Egoera zaila pasatu dugu. ETAren biolentzia desagertu denetik, gure mezua azaltzeko zailtasunak izan ditugu. Iritzi publiko baten babesa izan dugu beti, gure balentriagatik; baina ETAren osteko aroan, ez dugu asmatu erakargarri den mezu bat ematen eta beste alderdietatik bereizten. Guk lortu behar dugu na da mezu moderatu bat ematea hiru oinarrien gainean: Espainiako batasuna, Estatutuaren defentsa eta hiru euskal lurraldeen aniztasuna. Euskadirentzat ona delako Espainiaren barruan egotea.
UDAKO SERIEA Politikari ohiak (I). Ramon Rabanera.
«Ez dugu asmatu mezu erakargarria ematen ETAren osteko aroan»
Belaunaldi berriei bide eman nahi zielako, 2015. urtearen amaieran utzi zuen politikaren lehen lerroa Rabanerak. EAEko PPren egoerarekin kezkatuta dago, eta uste du Espainiaren batasuna eta Estatutuaren defentsa oinarri duen mezua helarazi behar duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu