UDAKO SERIEA. EUSKARAREN HAUSPO BERRIA (X) B PAULA KASARES.

«Frustragarri samarrak izan dira hamar urte hauek»

Aurrera egiteko traba politikoak nabarmen dira Nafarroan. Oztopo bihurtu da Euskararen Legea, Kasaresen ustetan. Parlamentua aldatzea, hori du esperantza.

Garikoitz Goikoetxea.
Elizondo
2014ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Gazteekin kezkatua da Paula Kasares filologoa (Iruñea, 1969): euskararen ezagutza handiena duen adin taldea da Nafarroan, eta gutxien erabiltzen duena. Ikusten du euskararekiko atxikimendua Nafarroan, baina borondate politikoa eskas da. Euskarak toki gutxi du eskolaz kanpo: kalean, hedabideetan, aisialdian... Erabilera indartzeko, denen arteko continuum bat ezinbestekotzat jo du.

Euskararen iraupena atxikimenduarekin lotuta ikusten duzu.

Atxikimendua ezinbertzekoa da hizkuntza batek bizirik irauteko. Hori aintzat hartu gabe ezin azal daiteke euskarak nola iraun duen orain artio. Pentsatuko bagenu euskarak belaunez belaun iraun duela soilik jende euskaldunak ume euskaldunak hazi dituelakoz, ezin izanen genuke azaldu gaur egungo egoera. Euskara lehen hizkuntza ez zuten hainbat hiztunek euskararen aldeko bide bat egin dute: euskara ikasi, beretu, beren bizitzan sartu, eta, aita-amatu direlarik, ume horiek euskaldun hazteko erabakiak hartu dituzte.

Eta atxikimendua oraindik ez dutenekin behar adina egin da?

Kezka aspaldian dugu. Erdaldun multzo hori aski heterogeneoa da, eta hondar hamarkadan anitzez ere anizkunago bihurtu zaigu: badira erdaldun batzuk hemen sortuak; bertze batzuek jatorria urrutiko herri batean dute, baina hemen sortutako haurrak dituzte; eta badira bertze batzuk harreman arinagoa dutenak tokiarekin, askoz mugituzaleago direlakoz. Behar ditugu hurbilarazi; batez ere, belaunaldi berriei begira.

Hezkuntzaz kanpoko alorretan behar beste indar jarri da?

Hezkuntzak izan du sekulako pisua. Hezkuntza gabe, ezin izanen genuke irudikatu euskararen edo beste edozein hizkuntzaren berreskuratzea. Baina pasatu dira urte batzuk; badugu beste ikuspegi bat. Badakigu: eskolaren bidez sortzen den gaitasun hori ez da automatikoki bilakatzen erabilera. Oso inozoak izan ginen irudikatzen eskolak ekarriko lukeela hizkuntzaren egoeraren iraultzea berak bakarrik. Ikusi da ezetz: ezinbertzekoa da eskola, baina ez da aski. Behar da eskolatik kanpoko lotura. Euskaraz ikasten duten ikasleak benetan euskal hiztun bilakatzeko, hori da kontua: eskola ez izatea ohitura bat haurren hizkuntzaren bizipenetan. Continuum bat behar du. Aisialdia da haurren behar pedagogiko bat hiztun bilakatzeko.

Nafarroan goia jo da?

Bertze era batez formulatuko nuke. Nafarroan dugu paradoxa bat, agian bertze lurraldeetan baino garbiago agertzen dena: euskaldunena den adin taldeak du erabilera tasarik txikiena. Horrek salatzen du arestian erran dizudana: eskolak bakarrik ezin ditu belaunaldi berriak hiztun bilakatu. Gizartearen beste arloak beharrezko dira. Euskarazko eskola bakarrik Nafarroako alde batean eskaintzen da sistema publikoan; hizkuntza politika instituzionalak ez du lehentasunezko jotzen horren segida (aisialdia, elkarteak...); hedabideetan, adibidez, ETB3 euskarazko marrazki bizidunen katea ezin da hartu... Hori dena kontuan hartzen badugu, ados nago goia jo dugula. Gazteen erabilera ez da mugitu hogei urteotan Nafarroan. Kezkatzekoa da.

Alor politikoan zein da egoera?

Eskutik helduta joan dira UPN eta PSN. Horiengandik ezin dut deus espero. Bertze alderdien artean, noski, Ezkerrarekin eta, izan liteke aukera gutieneko batzuk adosten hasteko. Baina horretan ere harritzeko kontuak agertzen dira. Joan den legegintzaldian, adibidez, Euskararen Legearen eremukatzea ukitu zen —lehen aldiz 1986tik—; modu lotsagarrian egin zuten: Iruñerriko eremu ez-euskalduneko hiru udalerriri aukera eman zitzaien eremu mistora pasatzeko. Horrelako ukituekin kontent zen Ezkerra. Nafarroako ezkerreko alderdi batzuetan hizkuntza eskubideekiko sentiberatasuna ez dut inondik inora ere modu itxaropentsuan ikusten.

Euskararen Legea traba da euskara garatzeko?

Bai. Legea murritza da; estatuan bertze inon ez dagoen elementu aski bitxia eta arrunt gaiztoa bihurtu dena du oinarri: eremukatzea. Testua ez da gai herritar guztiak modu berean hartzeko. Gainera, batez ere hamabost urte hauetan, testuaren interpretazioa murriztailea izan da. Argi esan behar da: legea ere ez da betetzen. Nafarroako Gobernuak oraindik jokatzen du Nafarroa eremu bakarra balitz bezala, hau da, erdalduna. Defenditzen baduzu eremukatzea, defenditu behar duzu ondorio guzietarako. Ezin dezakezu izan Foruzaingoaren auto multzoa erdara hutsean errotulatua eta Nafarroa osoan ibili. Eremukatzea oso zaila da Nafarroa bezalako toki txiki batean, populazio hain txikiarekin. Herren egiten du alde guzietatik: sorreratik, betetzetik eta ondorioetatik.

Gainera, legeetako kontzeptuak ez dira inozoak, neutroak. Sortzen dute errealitate bat, pertzepzio bat. Legean agertzen bada Nafarroak baduela eremu ez-euskalduna, normala da jendeak barneratzea euskara ez dela bertako elementu bat, ez dagokiola horri. Eta historiak kontrakoa erraten du: duela gutirako, herri aunitz, eremu ez-euskaldunean daudenak, euskaldunak ziren.

Zer planteamendu beharko luke legearen birformulazioak?

Errotik aldatuko nuke. Beti Nafarroaren aniztasuna aipatzen da. Nafarroa ez da EAE baino anizkunagoa. Nafarroak, bere handitasunean, hizkuntzaren aldetik, badu Gipuzkoa bat, badu Bizkai bat, badu Araba bat. Ez da heterogeneoagoa. Kontua da legegileek zer asmo zuten. Valentzian, hizkuntz legea diseinatu zutelarik, ez zuten banatu lurraldea hizkuntza eremutan, nahiz dokumentatuta dagoen katalanaren isoglosak ez zirela iritsi hego eta barne aldera. Nafarroan ez dago dokumentatuta Tutera aldean eta Ebro azpiko lurraldeetan euskara inoiz solastatu ote den, baina ez denik ere ez.

Euskalgintzak zer egiteko du?

Funtsezkoa. Herri ekinbidez lortu da hizkuntzari lotutako hainbat lorpen. Are gehiago da funtsezkoa, erakunde publikoak ez badira batere sentiberak hizkuntzarekin. Bertze gauza bat da nola lortzen dugun hori. Itzaltze hori, indarrak galtze hori... Hamar urte hauek izan dira frustragarri samarrak. Miguel Sanzek euskararen aurkako gurutzada abiatu zuen Nafarroako euskalgintza bildu zelako Oinarriak plataformaren bidez, euskararen lege hobe baten aldarrikapenean. Ondotik etorri zen etorri zena. Urte oso gogorrak izan dira. Orain, gauzek agian leunago dirudite, baina ez dira aldatu euskararen kontrako lege atzeratze hori gertatu zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.