UDAKO SERIEA. Ezkerra Latinoamerikan (III). Honduras.

«Narkodiktaduratik» demokraziarako bidea

Estatu kolpe batek Zelayaren gobernua eten zuenetik, sistema autoritario batean kateatuta egon da Honduras, hamabi urtez. Aginte horren kontra sortu ziren mugimenduek indarrak batu dituzte azken bozen ostean, eta Xiomara Castro presidenteak ezkerreko gobernu bat altxatu du adostasun zabal horren gainean.

Polizia Juan Orlando Hernandez Hondurasko presidente ohia AEBetara estraditatzen, apirilaren 21ean. GUSTAVO AMADOR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Demokrazia da Hondurasen jokoan dagoena, Xiomara Castrok iazko azaroan hauteskundeak irabazi zituenetik. Garaipenak amaiera eman zion hamabi urteko aro autoritario bati: armadak 2009an estatu kolpea eman ondoren ezarri zenari. Manuel Zelaya kendu zuten orduan boteretik, Castroren senarra dena. Orain, herritar askorengan itxaropena piztu duen aro berri bat hasi da Hondurasen, eraldaketa sakonak iragarri dituen gobernu baten gidaritzapean. Latinoamerikan azken urteetan ezkerrera egin duten herrialdeetako bat da Honduras, baina ezkerretik harago doan askotariko sektoreen babesari esker lortu du hori. Akordio zabal batek lehenetsi du Juan Orlando Hernandez aurreko presidentearen «narkodiktadurarekin» amaitzea.

Castrok urte erdi darama boterean. Orain arte egindakoaz eta Hondurasek dituen etorkizuneko erronkei buruz mintzatu daBERRIA Ramon Romero UNAH Hondurasko Unibertsitate Nazional Autonomoko irakasle, filosofian doktore eta ikerlari politikoarekin. Castroren garaipenaren garrantziaz jabetzeko, ezinbestekotzat du kolpearen ondorengo aro autoritarioan herrialdeak jasan zituen aldaketak ulertzea.

Joan den asteartean bete ziren hamahiru urte Zelayaren kontrako estatu kolpetik. Gobernuak kontsulta bat antolatu zuen egun horretarako: herritarrei galdetu behar zien azarorako deituta zituen bozetan hautetsontzi bat gehitu nahi zuten ala ez. Baiezkoak irabaztekotan, konstituzio berri bat idatzi ala ez erabakiko zuten herritarrek. Baina armadak galdeketa eragotzi zuen kolpearekin. Romeroren iritziz, «eskuin muturrak ez zuen sekula ere ulertu Zelayaren eraldaketak ez zirela arriskutsuak enpresarientzat, ezta ideologikoki kaltetuta sentitzen zirenentzat ere». Baina haren «intrantsigentziak» behartu zuen kolpea.

Zelaya kanporatuta, lau urtez agindu zuen Porfirio Lobok (2010-2014), eta hura presidente karguan ordezkatu zuen Juan Orlando Hernandezek (2014-2022), joan den apirilean, narkotrafikoagatik AEBetara estraditatu zutenak. «Lobo ez zen heldu narkodiktadura bat ezartzera, baina Orlando Hernandez boterera heltzeko oinarriak jarri zituen», azaldu du Romerok. Orlando Hernandezena bai, «narkodiktadura» izan zen, ikerlariaren esanetan.

Halako erregimen batek funtsezko bi ezaugarri ditu. Batetik, diktadura bat da; botere abusua. Bestetik, krimen antolatua —bereziki, narkotrafikoa— gobernu aparatuan txertatuta egotea du bereizgarri. «Aurretik, beste herrialde askotan bezala, narkotrafikatzaileek eragina zuten gobernuarengan, baina Orlando Hernandezen agintean gobernura iritsi ziren. Narkotrafikatzaileek karguak hartu zituzten; garrantzitsuena barne: errepublikako presidentearena».

AEBek Orlando Hernandez narkotrafikoagatik epaituko badute ere, Romerok argitu du presidente ohiak Washingtonen babesa izan zuela. Agerikoa izan zen 2017ko hauteskundeetan, Etxe Zuriak Orlando Hernandezen garaipena ontzat eman zuenean, nahiz eta nazioarteko zenbait ikuskarik iruzurra salatu zuten; besteak beste, Europako Batasunak eta Amerikako Estatuen Erakundeak. Aldiz, Donald Trumpek AEBetako hauteskundeak galdu eta Joe Bidenek presidente kargua hartu zuenean, «narkotrafikoarekin lotutako ikerketak indartu ziren».

Ordutik, Romerok gogorarazi du AEBek urrats «esanguratsua» eman dutela Orlando Hernandezen agintea amaitze aldera. Washingtonek «presio egin» zuen iazko azaroko hauteskundeak «garbiak» izan zitezen. Jarrera aldaketa horren atzean migrazioaren auzia dagoela adierazi zion, urtarrilean, Rodolfo Pastor de Maria Hondurasko Presidentetzaren Estatu idazkariak BERRIAri. Haren esanetan, migrazioa «arazo politiko bat» bihurtu daAEBentzat, eta Washingtonek mintzakideak behar ditu arazo hori konpontzeko.

Baina Orlando Hernandez kanporatzeko bultzada herrialdean bertan sortu da. Neurri handi batean, «bizimoduaren okertze azkarrarengatik». Aurreko gobernuak gizarte laguntzak murriztu zituen, eta pribatizazio prozesuak abiarazi. Tartean, osasun arloan. «Horrek min handia egin dio biztanleriari». Are gehiago pandemia gaian. Horrez gain, gobernuak «errepresio prozesu geroz eta itogarriagoa» ezarri zuen ekologisten aurka, auzi sozialak defendatzen zituzten abokatuen aurka, gizarte liderren aurka, eta emakumeen nahiz LGTBI komunitateko kideen aurka. Estatuko indarren jazarpenari gehitu behar zaizkio «narkotrafikatzaileen mehatxuak». Batez ere, landa eremuetako komunitate txikietan.

Herritarren erreakzioa eragin duen beste arrazoietako bat estatuko lurren salmenta izan da, ZEDE Garapen Ekonomikorako Eremu Bereziak delako figuraren bidez. «Lurralde subiranotasuna galtzea ekarri du. ZEDEetan ez zuten agintzen ez Poliziak, ez armadak, ezta legeek ere. Han kokatzen ziren enpresek beren araudia ezar zezaketen, eta zergak ordaintzetik salbu zeuden». Romerok nabarmendu du lur salmentak herritarren eta enpresen lekualdatze behartuak eragin zituela, eta, ondorioz, enpresari asko jarri zirena gobernuaren aurka; ez lekualdatzerngatik soilik, baizik eta ZEDEetako jabeei aukera eman zitzaielako merkatuan aparteko abantailekin lehiatzeko.

Antzeko zerbait gertatu zen ustelkeriarekin ere. «Imajina ezinezko mailara iritsi zen. Herritarrak, lehenengo aldiz ohartu ziren ustelkeriak egiten dien kalteaz». Baina herritarrak ez ezik, enpresari asko ere asaldatu ziren. «Ustelkeria hain handia izatera heldu zen, ezen argi gelditu baitzen ez ziela enpresari gehienei mesede egiten, enpresari kupula jakin bati baizik». Filosofoaren esanetan, egoerak bultzatu zuen enpresa sektorearen zati handi bat gobernuaren aurka mugitzen hastea, eta sortzen ari ziren indar politiko berriekin itun bat bilatzera.

Aliantzari eutsi, eraldatzeko

Loboren eta, batez ere, Orlando Hernandezen kontrako erreakzioak zenbait alderdi berriren sorrera ekarri zuen Hondurasen. Horien artean, ordezkari independentez osatutako aliantza bat eta Salvador Nasrralla telebistako aurkezle ohiak, ustelkeriaren kontrako borroka bandera hartuta, gidatutako indarra. Castrok horien eta beste alderdi batzuen babesa izan du presidentetza eskuratzeko. «Boterera heldu dena sektore askotariko koalizio bat izan da: izaera desberdineko aurrerakoiak ?—ezker erradikalenetik sozialdemokraziaraino— eta zentro-eskuineko taldeak».

Romeroren iritziz, sektore horien arteko «aliantza nazional handi bat eraikitzea eta mantentzea da gobernuaren erronka garrantzitsuena», hori gabe «kolokan» egongo delako herrialdearen eraldaketarako proiektu osoa. «Badirudi ultraeskuinak ulertu duela, eta akordioari boikota egiten ari da. Gobernuaren kontrako kanpaina bat dago abian hedabideetan. Muturrekoa dela diote, ezgaia, eta aurreko politikarien jardun ustelekin jarraitzen duela». Bestalde, patronalak jarrera aldatu duela ohartarazi du. «Zuzendaritza berritu du, eta oraingoek interes handiagoa dute eskuin muturrarengana hurbiltzeko». Beraz, Castrok gobernuaren eta bere lidergoaren inguruko batasuna indartzea lehentasun izan behar duela uste du Romerok, nahiz eta oraingoz «sinesgarritasun handia» duen.

Oinarri horren gainean, presidenteak «narkodiktaduraren» hainbat neurri desegin beharko dituela adierazi du filosofoak, «zuzenbide estatua berreraikitzeko». Ustelkeriak eta giza eskubideen urraketek «erakundeak suntsitu» dituzte Hondurasen. «Orlando Hernandezek erabateko agintea zuen estatuko botereen gainean, eta ustelkeria zen harreman horiek lotzen zituen zementua». Castrok administrazio «eraginkorra eta gardena» beharko du agindutako aldaketak bultzatzeko, baina bide horretan aurrera egitea ez da erraza izaten ari. Besteak beste, Romerok adierazi duenez, «langile publiko gehienak ustelkeriarekin nahastuta egon direlako».

Helburu hori betetzeko, ikerlariak ezinbestekotzat du «estatua narkotrafikatzaileengandik askatzea». Bereziki, Poliziari, armadari, botere judizialari eta fiskaltzari dagokienez. Parlamentua eztabaidatzen ari da Auzitegi Goreneko magistratuen independentzia bermatuko duen hautaketa prozesu bat, eta eztabaida berari helduko dio aurrerago fiskaltzaren hautaketarekin ere.

Orlando Hernandezek bultzatu zituen zenbait lege bertan behera utzi ditu Castrok agintaldiko lehen hilabeteetan: ZEDEak indargabetu ditu, herrialdeko lan merkatua prekarioago bihurtu duen ordukako lanpostuen legea baliogabetu du, baita sekretuen legea ere, gobernuaren edozein ekintza konfidentzial izenda zezakeena.

Horrez gain, herritarren behar ekonomiko larriak leuntzeko berehalako neurriak hartzearen garrantzia nabarmendu du Romerok. Arlo horretan, bi neurri nabarmendu ditu: Gobernuak eskoletan haur guztientzako bi jatordu bermatu izana, eta ekintzailetza sustatzeko laguntza programa. Baina asmo handiagoko neurriak bultzatzeko, estatuaren finantzak orekatu beharko ditu Castrok. Gaur gaurkoz, Hondurasek bere aurrekontuaren erdia baino gehiago bideratzen du kanpo zorra ordaintzera. «Gobernuak zorra negoziatu beharko du hartzekodunekin, baina faktorerik erabakigarriena lapurreta etetea da, ustelkeriarekin amaitzea», adierazi du Romerok.

Orain arteko urratsak

Castroren gobernuak bere lehen urte erdian egindakoa aztertuta, Romerok uste du herrialdeak behar dituen aldaketak gidatzeko «borondate nahiko sendoa» duela. Presidenteari erreformen abiada azkartzeko eskatzen diote zenbait analistek, argudiatuta Orlando Hernandez babestu zuten sektoreak orain daudela ahulen, eta aldaketak azkar gauzatu ezean gobernua arriskuan egon daitekeelako. Romero ez da iritzi berekoa. «Asmo onak ez dira nahikoa, egin daitekeena egin behar da».

Ikerlariak ohartarazi du erreformen abiada gehiegi bortxatzeak sektoreen arteko «batasunerako mekanismoak apurtu» ditzakeela, eta gobernuak «nazioartearen konfiantza» gal dezakeela. «Gustatu ala ez, AEBak aliatu garrantzitsua dira Hondurasentzat. Ezin daiteke ahaztu pobrezia murrizteko baliabide nagusia AEBetan legez kanpo bizi diren milioi bat hondurastar baino gehiagoren diru bidalketak direla. Gurea ez da inbertsio handiek eusten duten estatu bat, migratzaile pobreek eutsitakoa baizik». Romeroren esanetan, AEBek migrazio politika gogortzea erabakiko balute, Hondurasek askoz ere zailtasun handiagoak izango lituzke eraldaketak bultzatzeko.

«Lau urte dauzkagu justizia sozialerantz pausoak egin eta erakundeak berreraikitzeko. Beharrezkoa da irmo egitea aurrera, eta aldaketak sendotzea, horrela lortuko dugulako soilik gobernuaren kontra sortzen ari den konspirazioa geldiaraztea». Baina Romerok argi du: «Estatuak modu estrategikoan jokatzen asmatzen ez badu, arma gehiago emango dizkie konspirazioa bultzatzen ari direnei».

Bihar: Kolonbia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.