Hasieran zubia zegoen». Hitz horiekin hasi zuen Jimeno Jurio historialariak Garesko (Nafarroa) historiari buruzko bere liburua. Garesko harrizko zubian oinarrituz eraiki zen herria, eta hortik jaso zuen izena; herria eta Garesko zubi erromanikoa bereizezinak dira. Garesko zubia XI. mendearen hasieran eraiki zuten, Donejakue bidea egiten zutenen ibilbidea errazteko asmoz. Gaur egun, erromesek Arga ibaia zeharkatzen dute, Garesko zubi historikoaren harrien gainetik.
Gares Izarbeibarko bailararen erdian dago, Arga ibaiaren ertzean eta Iruñetik 24 kilometrora. Robo ibai txikiak Argarekin egiten du topo herriko sarreran, eta haren ura Garesko zubiaren zazpi arkuen azpitik igarotzen da. Gares Izarbeibarko herri gazteena dela esan ohi da, eta haren sorrera estuki lotuta dago zubi erromanikoaren eraikuntzarekin.
Antso Gartzes III.a Iruñeko Erresumako erregearen emazteak, Munia erreginak, zubia eraikitzeko agindua eman zuen XI. mendean. Hareharriz egindako zubi erromanikoa erromesen bidea errazteko baliagarria izango zela pentsatuz. Munia erreginaren izena zubiaren jatorriarekin lotzen dute historialariek, XI. mendeko dokumentazioan zubia Ponte Regina (Erreginaren zubia) gisa aipatzen baita. Gaur egun, herriaren gaztelerazko izena XI. mendeko deitura horren eboluzioa da: Puente la Reina.
Gares, Ponte Regina eta Puente la Reina dira herriaren izen ezagunenak, baina 1121ean Alfontso I.ak beste izen bat erabili zuen: Ponte de Arga (Argako zubia). Urte horretan Lizarrako forua eman zion Garesi, eta bertan erabili zuen izena, herriaren ertzak bustitzen dituen ibaiari erreferentzia eginez. Garai horretan, jada desagertutako Santiagoko parrokia erromanikoa ere eraiki zuten, eta herriak ospea lortu zuen bere artisautzarengatik eta olibondoengatik; baina, batez ere, Donejakue bideko erromesek zeharkatu behar zuten zubiarengatik.
Garesko zubi erromanikoa erdi-puntuko zazpi arkuz osatuta dago, eta, simetria erromanikoaren arauei jarraituz, arku handiena erdian dago, eta ibaiaren ertzetan daude arku txikienak. Erdiko arkuak 20 metro baino gehiagoko luzera du, eta hurrengoak pixkana-pixkana txikitzen dira; izan ere, hurrengo biak 17 metro luze dira; atzetik datozenak, 12,5 metro; eta txikienak, berriz, sei metro inguru.
Txoriren agurra
Kale guztiek zubira daramate. Herriko etxeak zubiaren ondoren eraiki zituztenez, herriko kale nagusia harrizko zubiaren sarreran amaitzen baita. Eraikuntza erromanikoaren jatorrizko egitura oso gutxi aldatu da sorreratik, baina hainbat zaharberritze lan egin dituzte. Lehendabizikoa eta gatazkatsuena 1843an izan zen. Garesko Udalak Jose Nagusia arkitektoa kontratatu zuen zubiko galtzada zabaltzeko; zalgurdiekin zubia gurutzatu nahi zuten herritarrek. Nagusia ibilbide luzeko arkitektoa zen, Nafarroako Foru Aldundiaren jauregiaren planoak egin zituen eta. Berehala baietz esan zion udalaren proposamenari.
Nagusiak lanari ekin zion, eta zubia indartzeko planarekin hasi zen. Horretarako, adreiluzko arku handi bat egin zuen herrira ematen duen isurialdean. Arkitektoaren lana ondo zihoan, baina, egun batean, zubiaren erdigunea zabaldu nahian, Txoriren Ama Birjinaren kapera hondoratu zuen; herritarrentzat sakratua zen eraikuntza hori. Elezaharrak dioenez, Txori izeneko hegaztiak zubian zegoen Ama Birjinaren kapera bisitatzen zuen egunero. Mokoan Argako ura hartu, eta Birjinaren aurpegia garbitzen omen zuen Txorik, edo horrela diote XIX. mendeko kronikarien testuek.
Kondaira horren eragina oraindik nabaritzen du Itziar Imaz Garesko alkateak: «Herrian badago jendea Txori benetakoa zela dioena, eta kale asko daude Txori deitzen direnak; haurtzaindegia Txori deitzen da. Herriaren kondaira propioa da». Hondoratutako kapera Santiago parrokiara lekualdatu zuten, eta gaur egun ere bertan dago. Hala ere, txoriak ez zuen berriro bisitatu zubia. Herritarrak haserretu egin ziren hainbeste maite zuten txoria ez zelako itzuli, eta Jose Nagusia arkitektoak proiektua erabat utzi behar izan zuen.
Txoriren kaperaz gain, zubiak harrizko bi dorre zituen ibaiaren bi muturretan, baina Lehen Karlistaldian ia guztiz suntsitu ziren. Hurrengo zaharberritze lanak ez ziren hain gorabeheratsuak izan; zubiaren zoladura 1989an aldatu zuten, eta XI. mendeko harri handiak eta irregularrak galtzada harriekin ordezkatu zituzten. Hamar urte geroago, 1999an, Garesko zubiaren sekretua deskubritu zuten herritarrek. Garesko Udalak indusketa lanak egin zituen kale nagusian, ur kanalizazioa hobetzeko asmoz. Kalea zulatzean, espero ez zuten zerbait aurkitu zuten: arku bat. 900 urteren ondoren, ezkutatuta zegoen arku bat aurkitu zuten, eta ibaiaren beste aldean, haren bikotekidea. «XI. mendean eraikitako arkuak aurkitu genituen, lurperatuta. Horrela, zazpi arkuko zubi bihurtu zen», esan du alkateak.
Urtebetetze berezia
Zazpi arkuren gainetik ibiltzen dira ia 65.000 erromes urtero, Garesko turismo bulegoko datuen arabera. Batez ere maiatzetik urrira pilatzen dira turista gehien herriko zubi gainean, alkatearen arabera: «Zubia da gehien bisitatzen duten lekua, bertan topo egiten baitute Donejakueko bi bideek: Nafarroako ibilbideak eta Frantziako ibilbideak. Donejakue bideko gune turistikoenetako bat da Garesko zubia». Erromesek Garesko zubiaren historia ezagutzea «ezinbestekoa» dela esan du herriko alkateak, eta, horregatik, turismoko bulegoa zubiaren parean dago, ateak beti irekita eta erakusketa iraunkorrez beteta.
Bisitariak motxila handiekin ibiltzen dira kaleetan barna, herriko izenei behatuz eta kale nagusiko harrizko bidetxoari jarraituz. Haren amaieran, adreiluzko arkuarekin egiten dute topo, Garesko zubiaren atariarekin. Aho zabalik geratzen diren erromes horietako askok herriko jatetxeetan bazkaltzen dute gero, eta ostatuetako oheetan lo egin. «Turismoak onura asko ekarri dizkigu, merkataritzan batez ere. Ez dugu gaizki ikusi, lagungarria baita guretzat», alkatearen esanetan.
Iaz 900 kandela piztu zituzten garestarrek, eta programazio berezia prestatu zuten, musikarekin, janariarekin eta kirolekin josia. Ospakizunak 1122. urtea izan zuen oinarri, Alfontso I.ak Lizarrako forua Garesi eman zionean, hain zuzen ere. Ekitaldiz betetako urtea izan zen 2022a, Imazen arabera: hitzaldiak, antzerki emanaldiak eta bisita gidatuak antolatu zituzten, zubiaren historia txikienei eta bisitariei kontatuz. Ospakizuna herriko jendeak antolatu zuen, zubiaren historia eta haren mitoak bizirik mantentzeko: «Zubiaren historia ezagutzen ez zutenak jakin-minez etortzen ziren», esan du alkateak.
Aurten ere Jazz Zubipean emanaldia antolatu dute herrian; Garesko zubian elkartzen dira herritarrak eta turistak, jazz musikaz gozatzeko. Musika entzuten duten bitartean, izar iheskorren batek zeharkatzen du gaueko zerua batzuetan, jaialdia abuztuan antolatzen baita, Pertseiden garaian. Ekitaldiak antolatzerakoan, zubi erromanikoa «beti» presente dago, Imazen arabera, eta ospakizunen protagonista da askotan: «Zubia gure esentziaren zati oso garrantzitsua da».
Bihar: Santiago zubia, Irunen (Gipuzkoa).
UDAKO SERIEA. Zubiak (IV). Garesko zubia
Zazpigarren arkua
Harrizko zubi erromanikoak milaka bisitari erakartzen ditu urtero, Donejakue bideko gune turistikoenetako bat baita. Garesko zubi erromanikoa XI. mendean eraiki zuten, eta hortik dator Nafarroako herriaren izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu