UDAKO SERIEA. Hizkuntza baterako bidaia (IV). Aroa Uharte.

Zoriz mundu bat zabaltzea

Errumaniara eraman zuten Arte Ederretako ikasketek, eta Bartzelona, Mosku eta San Petersburgora, gero, eslaviar hizkuntzek zein errusiar literaturak sortutako lilurak. Errusieratik euskarara hiru liburu ekartzea izan da bidaia horren azken nasa, oraingoz.

Moskun, elurpean. 2017ko Gabonetan, Moskura itzuli zen Uharte, astebete pasatzera, eta hiria ezagutu zuenean bezala topatu zuen: elurpean. Irudian, Kremlinen, atzean Ivan Handiaren kanpandorrea duela. AROA UHARTE.
Ainhoa Sarasola.
Leitza
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Arte Ederretako karrera egiten ari zela, Erasmus beken bidez beste herrialde batera joateko aukera suertatu zitzaion Aroa Uharteri (Leitza, Nafarroa, 1984). «Bazen mapa bat nora joan gintezkeen jartzen zuena», gogoratu da. Alemania, Ingalaterra... aukera ohikoagoak izaten ziren ikasleen artean. Baina maparen beste puntu batean jarri zuen berak hatza: Errumanian. Han igarotako hilabeteetan errumaniera ikasi zuen, eta literatura errusiarrarekin zaletu. Orduan ez zuen usteko mapako txoko hura aukeratu izanak mundu berri bat zabalduko zionik, baina han hasitako bidaiak Bartzelona, Mosku eta San Petersburgo izan zituen hurrengo geltokiak. «Inportantea izan zen; uste dut horrek markatu zuela ondorengo norabidea. Segur aski, erabaki ez oso kontziente bat izan zen, baina ondoren pila bat eskertu dudana, ezagutu ahal izan dudalako hau dena». Hizkuntza eslaviarrak eta haien herrialdeetako historia eta literatura dira hau dena hori, baita itzulpengintza lana ere. Ordutik, hiru liburu ekarri ditu errusieratik euskarara.

«Besterik gabe, interes berezirik izan gabe» hautatu zuen Errumania Uhartek; artean ezer gutxi zekien hizkuntzaz eta herrialdeaz, baina, dioenez, bazuen jakin-mina herrialde komunisten historiaz eta karreran pixka bat landutako errusiar arte abangoardistaz. 2005ean abiatu zen hara, sei hilabeterako. «Hilabete politak pasatu genituen. Errumaniera ikasteko hilabeteko ikastaroa eman ziguten, eta, han bizi ginela, errumanieraz moldatzen ginen. Niretzat kristoren satisfazioa izan zen hizkuntza ikastea, gustura egin nuen». Gogoan du leku askotako gazteak zeudela ikasle egoitzan, ekialdeko herrialdeetakoak batez ere. «Hor bazen hizkuntzen oso saltsa polita».

Aurrez «deus» ez jakin arren, errumaniera ez zitzaion ikasteko «hain zaila» iruditu. Orduan piztu zitzaion Ekialdeko munduarekiko interesa ere. «Han ginela, ez dakit nondik nora, Dostoievski eta Tolstoi irakurtzen hasi nintzen; buruan daukat nola liluratu ninduen Krimena eta zigorra-k, eta pentsatu nuela: 'Hau errusieraz irakurri nahiko nuke nik!'».

Errusian «murgiltzea»

Amaitu zuen egonaldia, itzuli zen etxera, eta bukatu zituen ikasketak. Baina hor segitzen zuen lilurak. «Uste dut hizkuntzek sortu zidatela hori hasieran, eta, gero, literatura errusiarra ezagutzeak. Eta bizitzaren zirkunstantziak: karrera bukatu, eta zer egin pentsatzen hasita, beste zerbait ikastea erabaki nuen». Hautu bat egin behar, eta zoriaren eta barne bulkadaren arteko zerbaitek eraman zuen erabakia hartzera. «Akordatzen naiz, Interneten 'errusiar literatura'-edo sartu, eta ailegatu nintzela Bartzelonako Unibertsitateko Eslaviar Filologiako atarira. Programan, errusiera, Errusiako historia, literatura-eta irakasten zutela ikusi nuen. Eta pentsatu nuen horixe egin nahi nuela».

Bartzelonara jo, eta, bost urtez, horiek denak landu zituen, baita katalana, poloniera, errumaniera gehiago ikasi ere, herrialde horien nahiz beste batzuen literatura eta historiarekin batera. Horiek ezagutzea hizkuntza ikasteko oso garrantzitsua dela uste du. «Asko laguntzen du, eta beste ikuspuntu bat ematen dizu, beste lotura bat egiten duzu hizkuntzarekin; ez da bakarrik funtzionala zarela, baizik eta uler dezakezula pixka bat zer pentsatzen duen edo nondik heldu den jende hau, zer historia izan duen... Gainera, nik beti lotu izan dut hizkuntza literaturarekin, hori zen nire motibazio nagusietako bat. Eta literaturaren bidez historia ere ukitzen duzu».

Ikasten ari zela, Moskun sei hilabeteko egonaldia egiteko aukera sortu zitzaion 2011n. Ordurako «dezente» landua zuen errusiera; «baina kristoren shocka izan zen hala ere». Bakarrik iritsi zen hiri handi hartara, urtarrilean, eta elurpean, maleta handi bati tiraka jo zuen unibertsitatera. «Moskun badira Stalinen garaiko zazpi eraikin erraldoi, eta horietako bat da MGU Moskuko Estatu Unibertsitatea. Hamar mila ate eta ez dakit zenbat pasillo, igogailu dituen eraikin hartara joan nintzen, eta dena zen... handia, berria, hotza, negua, hizkuntza ez entenditzea...». Pixkanaka, baina, egokitu zen. Unibertsitateko egoitzan bizi izan zen, hizkuntza ugaritan mintzo ziren 13.000 ikaslerekin.

Karrera amaitzean, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. «Nik sumatzen nuen behar nuela nire hizkuntzan bizi». Baina beste aukera bat jarri zitzaion begien aurrean: beka berri batzuen bitartez, San Petersburgora master bat egitea. «Oso diferentea» izan zen esperientzia, Moskukoaren aldean. «Hango historia irakasle baten etxean izan nintzen, eta hasieran kosta egin zitzaidan, baina gero ederra izan zen, asko ikasi nuen. Nolabait intelligentsia errusiarraren parte sentitzen zen familia bat zen; hizkuntza pila bat zekizkiten, sukalde osoa hiztegiz betea zuten, eta asko irakasten zidaten». Urtebete egin zuen han, eta «murgiltzea erabatekoa» izan zen.

Horri esker, errusiera informalagoa ez ezik, literatura ere sakonago ezagutu zuen. Eta Errusiako gizartean pisu handia duela egiaztatu zuen. «Beti esaten da, eta hala da». Historiari lotuta azaldu du arrazoia: XIX. mendearen hondarrera arteko lege zurrunak, XX. mendera arteko tsarismoa... «Zentsura giro hartan, literatura espazio bat zen pentsamendua modu libre batean garatzeko, baita filosofia ere. Hala ulertzen da, adibidez, Tolstoi ez zela bakarrik idazlea, baizik eta filosofoa, pedagogoa... Gero, XX. mendean ere eduki zuen pisua». Horren lekuko da, Uharteren ustez, garai guztietan errepresaliatuak izan diren idazleen kopurua ere; Puxkin, Bulgakov, Xalamov... «Literatura zorrotz kontrolatu izan du aginteak, bazuelako botere bat».

Pisu horren zantzuak erraz sumatu ohi zituen kalean: metroan jendea irakurtzen, poesia errezitaldiak tabernetan... «Badituzte literatur erreferente argi batzuk; adibidez, Puxkin. Bada errusieraz esaera bat, 'Puxkin da gure dena', haientzat harekin hasi zelako dena, eta han edonork daki haren bertsoren bat». Uhartek uste du errusiarrak jabetzen direla beren literaturak letra unibertsaletan duen pisuaz. «Badu prestigioa kanpoan ere; haiek badakite, eta oso harro daude».

Batez ere klasikoen lanak landu zituen berak karreran, baina XX. mendeko idazle batzuk ere klasikotzat har daitezkeela dio. «XIX. mendea urrezko aroa izan zen, Puxkinekin hasi, eta Dostoievski, Tolstoi... XIX. mendearen bukaerari, berriz, zilarrezko aroa esaten zaio, eta poesia sinbolistan hor daude Blok, Tsvetaieva... Eta, bere gorabeherekin, XX. mendeko literatura ere oso inportantea izan zen; guretzat, kasik klasikoak dira Akhmatova, Babel, Bulgakov...».

Halere, uste du Euskal Herrian «gutxi samar» ezagutzen dela errusiar literatura. «Gu, azkenean, Mendebaldeko munduaren parte gara, kultura anglosaxoia bazter guztietatik ailegatzen zaigu, baina Ekialdekoa, gutxi. Minimoa ezagutzen dugu, eta itzulita dagoena ere minimoa da; hortik kanpo dagoen guztia ez da ailegatzen». Jatorrizkotik itzultzea azken 30-40 urteko kontua dela dio, eta, bereziki, Literatura Unibertsala bilduman atera direla, klasikoak batez ere —Turgeniev, Gorki, Lermontov, Gogol...—. Garaikiderik ere itzuli da azkenaldian, Katakrak eta Pasazaiteren eskutik bereziki. «Baina, orokorrean, euskarara itzuli diren idazleak kanonikoak dira». Are gutxiago dago zenbait generotan; poesian, esaterako. «Igual 30 bat liburu itzuli dira euskarara, eta ipuinak edo nobelak izan dira gehienak».

Garaiaren printzak, hitzetan

Hiru lan euskaratu ditu berak urteotan. Sergei Dovlatoven Filiala (2017, Katakrak) izan zuen lehena, Amaia Apalauzarekin lau eskutara itzulia. «Amaiak Maleta itzuli behar zuenean [Dovlatovena, 2014an Literatura Unibertsala bilduman emana], laguntza eskatu zidan errusierarekin, eta harremana egin genuen. Niretzat oso probetxugarria izan zen ikusteko zer zen itzultzea; ez nekien zer eskatzen duen, nolakoa den prozesua... Gero, berak proposatu zidan Filiala, osorik, elkarrekin itzultzea». Gustuko du. «Dovlatov ia klasiko bat da, nahiz eta XX. mendearen bukaerakoa izan. Estilo oso zuzena du, oso esaldi motzak eta sinpleak erabiltzen ditu, baina ahozko hizkuntzatik eta argotetik ere asko dauka. Orduan ohartu nintzen askoz ere zailagoa zela niretzat hori itzultzea, Tolstoi baino, adibidez».

Ondoren ekin zion Leninen Estatua eta iraultza saiakerari (Txalaparta, 2020). «Enkarguz ailegatu zitzaidan aukera, eta kristoren ilusioa egin zidan, 'Egiatan? Proposamen bat jaso dut!'», oroitu da, irriz. Oso bestelako lana zen, saiakera politiko bat, «garai konkretu batean idatzitakoa, eta pentsa zer garai... Horretan, adibidez, oso aberasgarria da historia ezagutzea, eta, aldi berean, hori itzuliz asko ikasten duzu garaiaz». Idazkeran ere sumatzen da sortu zuen garaia. «Oso denbora gutxian idatzi zuen, hilabeteko tartean-edo. Ez da testu oso landua, baina kostatu zitzaidan, uste dut kristoren ardura sentitu nuelako Leninen testu bat zelako».

Aurrez irabazia zuen Literatura Unibertsala bilduma osatzen jarraitzeko EIZIEk antolatzen duen itzulpen lehiaketa, baina Leninenaren ostean euskaratu zuen Alexandra Kollontairen Erle langileen amodioak (Erein, Igela, 2020). Lagin bat aurkeztu eta balekoa zela ikusteak lasaitasuna eta segurtasuna eman zizkion, eta, Leninenaren aldean, «askoz ere atseginagoa» egin zitzaion testua. Hartan ere garaia irakurtzen dela uste du. «1923an idatzi zuen, iraultza egiteko prozesu bete-betean zebilela, eta badu azkar idatzitako testu baten kutsua. Gainera, mundu guztia alfabetatu nahian zebiltzan garai hartan, eta Kollontaik idazten zuen denek ulertzeko asmoz, eta emakumeengana ailegatu nahian, ordura arte ez zeudelako literatur sisteman, ezta irakurle gisa ere». Horregatik darabil «hizkuntza nahiko sinplea» idazleak. «Zailtasun handiena, berriz ere, kolokialtasun hori, tonu hori aurkitzea izan zen».

Jatorrizko hizkuntzatik euskaratu ditu hirurak, baina dakizkien beste hizkuntzetako itzulpenak ere baliagarriak izaten zaizkio kontsultarako. Bidelagunak ere topatu izan ditu. Batetik, Errusian ezagutu zuen jendearekin argitu izan ditu zalantzak; bestetik, Apalauza, Xabier Olarra eta karrerako kideekin ere kontsultatu izan ditu. «Nik uste dut ez dudala deus ere bakarrik egin, beti daude inguruan laguntzaileak».

Beti izango da zer itzulia

Egun, Euskal Herrian bizi izanda, hizkuntza mantentzea du erronka. Ulermenari errazago eusten dio, irakurriz, adibidez: «Liburu elektronikoak izugarrizko laguntza dira, zeren, irakurtzen ari zarela, ulertzen ez duzun hitz horretan klik egin, eta hiztegiko definizioa agertzen zaizu. Osotara ezagutzen ez duzun hizkuntza batean irakurtzeko hori da modu praktikoena». Errusiako lagunekin harremana mantenduz, podcastak entzunez, filmak ikusiz ere eutsi dio, eta orduan baino errazago ere irakurtzen du, baina uste du azkarrago galtzen direla hitz egiteko eta idazteko gaitasunak.

2017an Errusiara itzuli zen astebeterako, eta buruan baditu hara joateko plan gehiago ere —transiberiar trena du begiz jota—, baina, egungo egoeran, ez daki noiz gauzatu ahalko dituen. Itzulpengintzatik bizibidea ateratzea ere zaila ikusten du, baina liburu gehiago itzultzeko aukera izango duela espero du. «Iruditzen zait errusieratik beti egongo dela zer itzuli, eta hori gauza ederra da».

Bihar: Ana Isabel Morales.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.