Txibite: «Autogobernua sendotzen du akordioak»

UPNren eta PPren ustez, «onartezina» da EAJk Nafarroako eskumenak hitzartzea. Bolañosek dio legealdi luze baterako oinarriak daudela

Maria Txibite eta Unai Hualde, atzo, Iruñean. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Nafarroan oihartzun zabala izan du, sei hilabeteren buruan beste bi eskumen hitzartzeko konpromisoa hartu duelako PSOEk, EAJrekin eginiko akordioan. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak ongietorria egin dio edukiari: «Gure Foru Hobekuntza zabalduko du. Gure autogobernua sendotuko du. Nafarroako Gobernu gisa, atsegin dugu jakitea mahaiaz bestaldean egongo den gobernuak erraztu egingo duela hori albait arinen iristea Nafarroara».

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakari eta EAJren Napar Buru Batzarreko presidentearen ustez, «oso positiboa» da akordioa Sanchezen inbestidura bermatu duelako. Hualderen arabera, Nafarroarentzat aurreikusitako bi eskumenak Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoan zeuden, baina oraingoak epea zehaztu du, sei hilabetekoa.

Guztiz bestelako interpretazioa egin zuten eskuineko alderdiek. UPNren esanetan, Foru Hobekuntzaren gainetik jauzi egin dute bi aldeek: «Onartezina da: nafarrei irain egin zaie». Txibiteri leporatu zioten «umiliazio hori baimendu izana». Bide beretik jo zuen PPko Javier Garciak, eta jeltzaleei aurpegiratu zien «paternalismoz jokatu nahi izatea». Haren ustez, «nafarren izenean hitzartzera ausartu da» EAJ.

ELAk ohar bidez kritikatu zuen akordioa «nahita» dela orokorra eta «zehaztugabea». Sindikatu horren ustez, ez du lotzen PSOE, eta «alderdi horren borondatearen araberakoa da». Zehaztutako puntuetako bat da lan arloan erkidegoko lan hitzarmenak lehenestea. ELAk nabarmendu zuen sindikatuak«lan erreformen aurka egindako mobilizazioen ondorio» dela lorpen hori.

CCOOk ere gai hori izan zuen hizpide. Nabarmendu zuen erkidegoko lan itunak «blindatu» egin direla. Ontzat jo zuen akordioa, PSOEren eta Sumarren arteko gobernua osatzea bermatuko duelako eta «agenda soziala bultzatzen» jarraituko delako.

Lau urterako

EAJren eta PSOEren arteko akordioa legealdi osorako da. Bide horretatik, Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroak esan zuen akordio guztiek «legealdi luze bat» izateko oinarriak dituztela. «Akordio guztietan badugu berme bat dioena lau urteko legealdi bat nahi dugula», azaldu zuen SER irrati katean.

Halere, Ortuzarrek berak abisatu du ezen, zenbaterainoko aurrerapenak egiten diren eta adostutakoa zenbateraino betetzen den, horren araberakoa izango dela akordioa eta, beraz, «legealdiaren egonkortasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.