Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Zuzenean, Miarritzeko saioa

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa | Finalaurrekoak | Miarritze
Miren Mujika Telleria.
2026ko azaroaren 14a
16:31

Abian da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioa. Sei bertsolari ari dira kantuan: Andoni Rekondo Izagirre, Julio Soto Ezkurdia, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Oier Etxeberria Zubimendi eta Sustrai Colina Akordarrementeria. Gai emaile lanetan, berriz, Ekhi Erremundegi Beloki. 

Saioa amaitutakoan jakingo da zer bertsolari pasatuko diren finalaurrekoen bigarren itzulira. 

azken momentuan

Txoperena eta Arzallus pisukideak dira gaiaren arabera. Etxean gastua murrizteko asmoz, berogailua ez piztea adostu zuten. Txoperenak berokia jantzita eta manta jarrita aurkitu du Arzallus.

«Ni bakarrik ari naiz/ esana betetzen/ Antartikoa esan didazu/ gaur ozen/ ba mantape hontara/ sartu zaitez zuzen/ pinguinoak bezala/ berotu gaitezen», Arzallusek. Hala erantzun dio Txoperenak: «Baina, gaur egiterik/ etzazu espero/ covid garaian hala/ jartzen ginen bero/ ale, egin dezagun/ crossfit pixkat edo». Oinetan masaje bat egiteko eskatu dio gero Arzallusek, eta eskaera onartu du Txoperenak: «Errealitatea dugu/ bekoz beko/ arrazoi bat gehiago/ manifestatzeko». 

Zortziko handiko ariketarekin amaituta, zortziko txikiari helduko diote segidan. 

Colinari eta Etxeberriari adinean gora doazen surflariak izatea egokitu zaie. Surfean hasi zirenean ez zen jende askorik ibiltzen, baina, orain masifikazioarekin nazkatuta daude.  

Etxeberriak abiatu du bertsoaldia: «Baina, garaiak aldatuz doaz/ gaur ikusten ditut hala/ ohol gaineko neoprenoak/ kakalardoak bezala». Metafora batekin ilustratu du Colinak erantzuna: «Askatasuna noiznahi bihurtu/ liteke askotasuna/ dagoeneko surfa moda da/ jasaterik eztuguna/ ta turismoa olatu bat da/ gainetik pasa zaiguna».

Segidan altxa dira Arzallus eta Soto, eta honakoa izan dute zortziko handiari heltzeko gaia: «Bi militante zarete. Le Canon Français enpresa faxistak Miarritzen bankete erraldoi bat egin asmo du azaro bukaeran. Horri erantzuteko antolatzen ari zarete».

«Ba gu parean euskaraz jarri/ astin dezagun mingaina/ pentsa dezagun noraino bota/ edota gorde iraina/ beren polo ta lurrin usainez/ etorriko dira, baina/ nik nahiago dut lur amak duen/ amalurraren usaina». Sotok adierazi du gorrotorik gabeko herri bat nahi dutela. «Heldu eskutik, jarri atean/ gure gogo ta bertuta/ biderik libre eztute izango/ pasa egin beharko dute»

 

Txoperena eta Rekondo izan dira zortziko handiari heltzen lehenak. 16 urteko bi gazte izan dira, errugbian dabiltzanak, eta kreatina eta proteina hartu behar dituztela esan diete klubean.

Txoperenak eman du lehen kolpea: «Proteina hitza entzun orduko/ sabelean daukat mina/ zeren segidan etorri zaizkit/ tranpa edo ta doping». Rekondoren irudiko, ez da aukera txarra klubak agindutakoa hartzea: «Neure gorputza fin-fina dago/ haur garaitan ere fin zen/ hezur ta azal artean eztet/ gihar puskarik aurkitzen/ kreatinari tira diote/ besoak jartzeko gizan/ gure jokoa hobetzen badu/ etzait gaizki iruditzen».

Gauzak argi, oholtzan da Colina ere. «Ze zortea kantatzea/ kide zahar zein berriekin/ ta gaurko agenda ikusita/ hemen biltzea zuekin/ sarrera ordaindu duzue/ ta kilometroak egin/ zereginak utziz nola/ haurrak aitona-amonekin/ garai nahasi hauetan/ etxean sentitu nendin/ eztut beti jakiten zer/ baina argi daukat norekin».

Etxeberria: «Burruntzirako patua daukan/ axuria mintzo da hor/ betikoa da segurua ta/ sofistikatua hauskor/ otargileen gure auzotik/ hona ezta heldu inor/ zumitza josten hasiko gara/ eta datorrena betor»

Harribitxiak sortu nahian igo da oholtzara Soto. 

Zortea eta justizia eskatu ditu kideentzat Arzallusek. «Dirudienez gaurkoa/ denontzat da berezia/ Andoni ta Oier dira/ lurrin fresko gutizia/ Sustraik bereganatu du/ adinaren malizia/ Maddi Ane txapeldun handi/ Julio napar bizia/ lasai, bertso saio batek/ ez du aldatzen bizia/ baina, opa dizkizuet/ zortea ta justizia».

«Dena neurtzen den hontan/ akats, aziertoka/ mundu desastre honi/ gabiltza zirtoka/ a, kaxo, Miarritze/ akaso ni harritze/ asmotan nator ta/ zein otea sorpresa/ seikoteak sor beza/ nahi den saio mota/ lana hain sinplia da/ altxa, eta bota/ ba konplikatu gabe/ jar gaitezen horta», Rekondok.

Hegoalderantz hegan egiteko gogoz dela esan du Txoperenak lehen agurretik.

Pum-pumpum-pum-pumpum-ka hasi da sintonia. Badatoz bertsolariak. Zoriak hala aginduta, ordena honetan eseriko dira: Maddi Ane Txoperena, Andoni Rekondo, Maddalen Arzallus, Julio Soto, Oier Etxeberria eta Sustrai Colina. Ekhi Erremundegi dute gidari.

Geroz eta zulo gutxiago dago pistako aulki sailean eta harmailetan, eta hasi da Olaia Inziarteren Denak begira daudelaik bozgorailuetan hoska. Horrek esan nahi du berehala direla bertsolariak oholtzan.

Bero dago Jai-Alai. Jendea pilotalekura sartu eta sartu dabil. Izan ere, gaur argituko da zer hemezortzi bertsolari pasatuko diren finalaurrekoen bigarren itzulira.

Minutu gutxiren buruan hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako laugarren finalaurrekoa, Miarritzen (Lapurdi). 

Interesgarria izango zaizu
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA