imanol murua uria (kazetaria)

"Giltzarri izan zen Batasunak aurre egitea ETAren batzarraren erabakiei"

Ekarri armak. ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika liburua idatzi du Imanol Murua Uria kazetariak, ezker abertzaleko eztabaidan gertatu zena kontatzeko xedez. (papereko elkarrizketaren bertsio luzea da hau) [YouTube]https://youtu.be/VX2cbp6pWXg[/YouTube]

enekoitz esnaola
2015eko abenduaren 4a
10:45
Entzun

Imanol Murua Uriak (Zarautz, 1966) 2010eko martxoan aurkeztu zuen Loiolako hegiak liburua, huts egindako konponbide prozesu bati buruz. Hilabete bat lehenago ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria adierazpena plazaratua zuen, eta Muruak dio Loiolako hegiak-en aurkezpenetan etorkizunaz ere asko galdetzen ziotela. "Erdi bromatan" esaten zien hurrengo liburua "bukaera zoriontsuago batez" idatziko zuela. Gauzatu du asmoa; atzo aurkeztu zuen.

Mamira: nork gidatu zuen ezker abertzalea estrategia politiko-militarretik estrategia politikora aldatzera?

Modu desberdinetan konta daiteke, azpimarra non jarri nahi den betiere. Nik jaso dudan informazioagatik, esango nuke ezker abertzaleko sektore eta antolakunde guztietan zegoela aldaketarako gogoa, baita ETAn ere, eta, aldaketa esaten dudanean, da borroka armatua uztea. Aldaketa hori errezeloz ikusten zuten sektoreak ere alde guztietan zeuden. Eztabaida transbertsala izan zen, ez zen izan Batasunaren eta ETAren arteko eztabaida bat bakarrik; antolakunde guztietan eman zen. Baina eztabaida hori eman zedin eta eztabaida horrek dena auzitan jar zezan —borroka armatua barne—, giltzarri izandako une batzuk badira, eta haietako bat talka bat izan zen: Batasuneko zuzendarizak une batean aurre egin zien ETAren batzarrak hartu zituen erabakiei [2008an ziklo armatuarekin segitzea erabaki zuen]. Horrek ahalbidetu zuen ezker abertzaleko oinarrietan gehiengoaren borondatea azaldu eta gauzatu ahal izatea. Beraz, ezker abertzaleko oinarrietan bazegoen borondate bat, erakunde guztietan bazegoen eztabaida bat, baina momentu batean gertatu zen talka hartan jende batek paper erabakigarria jokatu zuen.

Zure liburuan Eugenio Etxebeste Antton-ek esaten du garai hartaz: "Zuzendaritza politikoa ezker abertzale politikoan kokatzen hasten da".

Ezker abertzaleak hartu zuen erabaki hura hartzeko, ezker abertzale politikoak gidaritza hartu zuen. Horretarako, erresistentzia batzuk puskatu behar izan zituen, eta hori guztiz erabakigarria izan zen. Hura eragin zuten faktoreak ere asko ziren.

Sarreraren osteko lehen kapituluan —Krisia (2007-2008)—, aurreneko atal Barajasko biharamuna hasteko Rufi Etxeberriak Arnaldo Otegiri esan ziona jarri duzu: "Negoziazio eta estrategia eredu hau agortuta zegok".

Hori Arnaldo Otegik Argien aroa liburuan kontatu zuen. Oso esanguratsua da esaldia, eta horregatik jarri dut narrazioaren hasieran. Esaldi horrek eraman ninduen gauza nabarmen bat egitera: zer bukatu zen azaltzeko eta gakoak emateko, Rufi Etxeberriak aipatu zuen eredu hori zer zen aztertzera. Horregatik, esaldi horrek 1980ko hamarkadara eraman ninduen, ezker abertzalea zer eredurekin saiatu izan zen aztertzera.

Etxebestek Aljerkoaren ondoren aipatu zuen negoziatzeko "heldutasunik" ez zegoela, liburuan jaso duzunez. Batasunak gauza bera zioen 2006an, Barajasko atentatuaren ostean.

Lan hau egiten hasi nintzenean, Egunkaria-n lankide izandako kazetari batek —Felix Iriartek— esan zidan: "A!, Anttonek idatzi zuena 1992an; hor daude gako guztiak". Anttonek Santo Domingotik [ETAko zuzendaritzarentzat] barne txosten bat idatzi zuen, autokritikoa, eta bukaeran esaten zuten bataila militarra galtzeak ezin zezakeela eraman bataila politikoa galtzera. 2011n egindako aldaketarekin ezker abertzaleak hori lortu du, neurri handi batean: bataila politiko-militarra galtzea onartu, gutxienez bataila politikoan irabazteko edo aurreratzeko aukerarekin jarraitzeko. Gaztazken konponbideen teorietan bada bat oso zabaldua dagoena —Ira William Zartmanena—, eta esaten du gatazkak elkarrizketen bidez konpontzeko edo bideratzeko baldintza egokiak izateko heldutasun puntu bat behar dela, eta hori lortu ahal izateko blokeo puntu batera heldu behar duela gatazkak. Puntu horretara iritsi direla ondorioztatzen dutenean eragile desberdinek –tartean, nazioarteko bitartekariak–, orduan hasten da funtzionatzen. Hemen heldutasuna, dirudienez, berandu iritsi zen.

Espainiako Estatuak zenbateraino lagundu izan du ezker abertzale politikoak har zezan lema edo aitzindaritza? Izan ere, estatuak berak ETArengana jo izan du hitz egitera: Aljerren, Genevan, Oslon… 1992an, adibidez, Santo Domingora joan zen haren mezulari bat, Etxebesterengana, "zuk erabakitzen duzu" esanez; Etxebeste ETAren solaskidea zen.

1980ko eta 1990eko hamarkadak ez ditut zehatz ikertu; interpretazio bat egin dut. Nik uste Espainiako Gobernua beti saiatu izan dela HBrekin komunikazio bide batzuk irekitzen, eta gehiago izan zen HBtik esaten zitzaiola negoziaziorako leihatila Santo Domingon zegoela. Baina gobernuaren nahia ezker abertzalean zatiketa edo, gutxienez, nahasmendua eragitea ere bazen.

Alternatiba Demokratikoan (1995) ETAk bi erreien lehen diseinua egin zuen, eta Batasunak garbiagoa, Anoetan (2004).

Beste alderdiek lehenagotik proposatzen zuten eskema hori. 2011 hasieran Renora joan nintzenean, ikerketa hau dela-eta euskal gatazkari buruz ingelesez argitaratutako bibliografia irakurtzen hasi nintzen. Besteak beste, Robert Clark-ena, euskal gatazkari buruzkoa –hiru liburu atera zituen 1980ko hamarkadan eta 1990eko hasiera-hasieran–, eta hark ordurako proposatu zuen bi erreien eskema. Lortu nuen haren kontaktua, eta idatzi nion, aitortuz berak aspalditik bi erreien ingurukoa idatzi zuela. Erantzun zidan berak ez zuela ezer deskubritu, garai hartako eztabaidatan hori bazegoela —ez ezker abertzalekoetan—, baina gorputza geroago hartu zuela. Batasunak 2004an Anoetako belodromoko ekitaldiari garrantzi handia eman zion, sustapen kanpaina deigarria eta berezia eginez; atentzioa eman zidan orduan kanpainak. Ekitaldia baino lehenago Batasunekoek off the record batean aurreratu ziguten eskema haren aldaketa zela ETA negoziazio politikotik kanpo geratuko zela, etor zitekeen prozesua errazteko. Pauso handia zen. Gero ez zen gauzatu behar bezala.

Batasunekoek gero esana da Loiolako garaian, Lizarra-Garazikoan bezala, ez zela bi erreien "filosofia" eta "izpiritua" bete.

Nik uste 2006ko prozesuan eutsi izan balitzaio eskema horri funtzionatuko zukeela, edo askoz aukera handiagoak izango zirela funtzionatzeko.

Barajaskoa gertatu zen 2006 bukaeran, eta liburuan diozu ezker abertzalean lehen aipatu duzun "talka" gertatu zela.

Talkarik bazela sumatzen genuen. Gero Bateragune auziko epaiketan auzipetuek berek [Otegik-eta] garbi azaldu zuten talkaren neurria zein zen, nahiz eta defentsa estrategia batean ere koka zitekeen azalpen hori. Talkaren garai haren hasieran gogoratzen naiz ezker abertzaleko hamasei lagun ezagunek nola eman zuten prentsaurreko bat, ezker abertzale osoaren irudia eman nahian, estrategia eraginkor baterako pausoa ematera zetozela esanez. Han zeuden gazte erakundekoak, preso ohiak, HBko eta Batasuneko beteranoak eta berriak, EHAK-ko eta LABekoak… 2009ko martxoa zen. Egia esan, nik interpretatu nuen talka gainditu zela. BERRIAn asteroko analisia idatzi, igandean kirola egitera atera, eta bizikletan Itziarren gora nindoala, Iñigo Iruin ere bizikletan, ni baino azkarrago. Azkartu egin nuen haren martxan jarraitzeko, eta hark erritmoa mantsotu zuen nire martxan joateko. Iruin ez zen prentsaurreko hartan izan, baina banekien bazekiela esanahia zein izan zitekeen; nik baino askoz gehiago zekiela, seguru. Banekien Iruin zer joeratan zegoen, eta bizikletan gindoazela aipatu nion aste hartako argazkiak esan nahi zuela eztabaida aurrera eramaten ari zirela. Eta esan zidan ezetz, lasai egoteko, hura hasiera besterik ez zela, oraindik gelditzen zela eta auskalo zer aterako zen handik. 2009ko martxoa zen. Talka hasten ari zen.

Rafa Diezek Bateragune auziko epaiketan adierazi zuen "ezker abertzaleko barneko statu quo-a hautsi nahi" izan zutela beraiek.

Bai, baina ez dakit zein neurritaraino zen defentsa estrategia eta zein neurritaraino pentsatzen duen Rafa Diezek hori horrela izan zela. Ez dakigu aldaketaren alde zirenek barne prozedura jarraitu zuten eta prozedura puskatu egin behar izan zuten; hau da, interpretazio bat izan daiteke Otegik eta horiek bazekitela egituretan ez zutela gehiengoa, baina oinarri sozialean bai, eta aldaketa gauzatu ahal izateko barne prozeduraren gainetik jo zutela. Baina beraiek esango dute ez zituztela hautsi. Beste batzuk saiatu ziren eztabaida geldiarazten. Nik ez dut hor tesi garbirik, barne prozedura ez dudalako hainbeste ezagutzen.

Ezker abertzaleak aitortzen du "zatiketa arriskua" egon zela.

Bai, eta zatiketa kosta ahala kosta saihestu nahian ibili ziren alde guztietakoak, eta hori behintzat lortu zuten. Zauri batzuk hor egongo diren arren, meritutzat dute zatiketa eragoztea.

Batasunarentzat beste momentu garrantzitsu bat Europak haren ilegalizazioa berretsi izana izan zen. Otegik esan zuen "katastrofea" izan zela. 2009ko ekaina zen.

Legez kanporatzearen zirkulua itxi zen, eta nola gainera, zirrikiturik utzi gabe. Europaren erabakia beste mugarri bat izan zen. Horrek indartu egin zuen aldaketa bat derrigorrezkoa zela pentsatzen zutenen jarrera.

Barne eztabaidan zergatik atera zen irabazle Batasuneko zuzendaritzaren jarrera?

Nahiko garbi zutelako gehiengoak babesa ematen ziela. Bazekiten ezker abertzaleko oinarri sozialaren gehiengoarentzat ETAren borroka armatua garaiz eta lekuz kanpo zegoela, euskal gizartearen zati baten babesa galdua zuelako, eta gizartearen beste zati handi baten arbuioa gogorragoa eta esplizituagoa zelako. Iritzi hori kanporatzeko beharra zegoela sumatzen zuten, eta nik uste horrek ematen ziela sortzen zitzaizkien eragozpen guztiak gainditzen joateko indarra edo zilegitasuna. ETAren borroka armatuaren moldeen bilakaera eta nazioarteko testuinguruarena ere aztertu behar dira horra iristeko. Azkenean, ezker abertzalearen barruan ere ikusten zuen ETAren borroka armatua bukatu egin behar zela; eztabaida gidatu zutenek detektatua zeukaten, eta horrek eman zien bultzada.

ETAk zergatik onartu zuen Batasunaren txostena izan zedin eztabaidatuko zen bakarra? Borroka armatua segitzearen aldekoek Mugarri txostena aurkeztua zuten.

Jasanezina izango zelako ildo armatuarekin segitzea; ezker abertzaleko gehiengoak esplizituki esan zuen ez zuela bide horrekin bat egiten. Liburuko azken kapituluan aipatzen dut nola Argalak esan omen zuen —hari buruzko biografian dator— "guk borroka armatua erabili behar dugu, baina babes politikoa izan behar dugu. Babes politikorik ez badago, utzi egingo dugu"; hau da, ez zirela izango Italiako Brigada Gorriak eta Alemaniako Baader-Meinhof bezalakoak. Gizartearen gehiengo batek aspalditik arbuiatu izan du ETAren jarduera, baina ETAk ezker abertzaleko sektorearen babesarekin legitimatu izan du jarraipena. Hori galdu ondoren, aukerarik gabe gelditu zen, eta jakinik jarraituz geroz zatiketa bat eragingo zuela.

Liburuan azpimarratzen duzu Otegik-eta ez zutela esaten eta idazten borroka armatuaren bukaera behar zela, baizik eta "estrategia eraginkorra" behar zela.

Oso esanguratsua eta berezia izan zen nola jokatu zuten. Ezker abertzale barrutik-eta jaso ditudan iritzietan oinarrituta, esango nuke asmatu egin zutela. Otegi Martutenetik 2008ko abuztuan atera zenean, estrategia eraginkorraren diskurtsoa zabaltzen hasi zen, iradokiz ordura artekoa ez zela eraginkorra. Hasi izan balitz esaten "borroka armatuaren garaia bukatu da" eta abar, segur aski segituan geratuko zen biderik gabe. Zutik Euskal Herria ebazpen erabakigarrian ere —ezker abertzalearen gehiengoak ETAri esan zion honaino iritsi gara—, ez da esaten borroka armatua bukatu behar zela. Tabu bat izan da ezker abertzaleak hori auzitan jartzea, eta hori auzitan jartzeko beste formulazio bat aurkitzea eraginkorra izan zen, nonbait.

2010eko otsaila mugarria da, ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria plazaratzeaz aparte. Izan ere, 2011ko apirileko Zutabe-an ageri da ETAk orduan atentatuen asmoa bertan behera uztea erabaki zuela.

2010eko otsailean erabaki zuen ETAk gelditzea, sortu zen jokaleku berri hartan zer egin eta nola jokatu aztertzeko. Garbi ikusten zen ETAk 2007-2008 batzarrean erabakitakoa auzitan jarri zela. ETAk erabaki zuen, beraz, gelditzea, eta gogoeta egitea eta eztabaidatzea, gauzak nola bideratu pentsatzeko. ETAk 2010eko irailean Gara-ko elkarrizketa batean esan zuen Zutik Euskal Herria nolabait ezker abertzalearen egituretako batek egindako eztabaidaren ondorioak zirela –Batasunarenak–, eta berak ez zuela parte hartu prozesuan. Zioen berak ere bazuela eztabaida bat, kontuan hartzen zuela Zutik-eko apustu politikoa, baina ez zegoela guztiarekin ados. Erreparo batzuk jarri zituen. Zaila da jakitea ETAren barruan zer gertatu zen. Ikusi dut zer adierazpen publiko egin zituzten, eta badira barne dokumentu batzuk eskuragarri izan ditudanak. Zutik Euskal Herria-k esan nahi zuena eboluzionatzen eta barneratzen joan zen, horrek bide bakarra uzten zuela ikusiz. 2011ko urtarrilean su-etena eman zuenean, jarduera armatua uzteko borondate bat agertu zuen, su-etenak irauteko bokazioa azaldu zuelako. Ematen zuen erabakia hartuta zegoela, baina ez zela edonola hartu nahi.

ETAk 2011ko urrian jakinarazi zuen betiko utzi zuela jarduera armatua. Zuk diozu "ezker abertzale osoak" hilabete bat lehenago bukatu zuela barne eztabaida.

Eztabaidak bideratuta zegoela ematen zuen ETAk 2011ko urtarrilean su-etena ematean, baina eztabaidak segitu egin zuen. Agian, zer baino gehiago, nola izango zen eztabaidagaia. 2011ko irailean EPPK-k Gernikako Akordioa sinatzean, hor ikusten da orduan bukatu zela ezker abertzale osoaren eztabaida.

Espainiako Gobernuak, Zapaterorenak, bazekien zer zetorren, jasotzen zuelako informazio onik. Ustez, konpromiso batzuk hartu zituen gatazkaren ondorioei buruzkoak. Zergatik ez zituen bete?

Zergatiaz hitz egitean, igual espekulatu egin behar da. Baina garbi dagoena da Zapateroren gobernua oso ahul zegoela krisi ekonomikoagatik, eta 2012ko martxoan tokatzen ziren hauteskundeak 2011ko azarora aurreratu zituen. Gainera, alderdian bakardadea zeukan Zapaterok, eta inkestetan, balorazio eskasa. Hori arazo bat zen prozesuan zebiltzanentzat, bazekitelako Zapateroren ordez jarriko zenarekin —Rajoyrekin— dena zailagoa izango zela. Azkartu egin zuten, eta iritsi ziren helmugara, Moncloan artean Zapatero zegoela. Liburuan kontatzen dut konpromiso batzuetara iritsi zirela ETA eta Espainiako Gobernua, baina inoiz egin gabe aurrez aurreko bilerarik eta dokumenturik sinatu gabe. Ematen duenez, nazioarteko bitartekariak ibili ziren batzuekin eta besteekin bilduz: Henri Dunant zentrokoak eta Jonathan Powell. Zeharkako harreman haietan iritsi ziren idaztera dokumentu bat konpromiso batzuekin, bide orri batekin, ETAren erabakiaren ondoren alde bakoitzak zer egingo zuen jarriz. ETAk negoziatzeko indarra mugatua zeukan alde bakarreko erabaki bat emango zuela esan zuen momentutik. Nire ustez, gobernuaren jarrera zen konpromiso sekretu eta sinatu gabeko haiei baietz esatea, eta gero, gerokoak. 

Baina bitartekariak ez ziren edozein.

Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro izan zenean haren kabineteburu Powell zen. Eta Blairrek berak ETAren erabakiaren biharamunean oso artikulu esanguratsua atera zuen The New York Times-en —A Basque Peace—: esaten zuen gatazkaren ondorioetan zer pauso eman behar ziren. Baina orduko egoera ez zen Aljerko negoziazioetakoa, 1989koa; orduan Aljeriako Gobernua bertan zegoen. Azkeneko horretan nazioarteko bitartekari horiek gobernuz kanpoko eragileak dira, azken batean. Horrek bitartekariei eman zien jokatzeko malgutasun handi bat, baina gero, gauzak betearazteko momentuan, indar txikia zuten. Nik uste Currinek eta horiek benetan espero zutela Zapaterok konpromisoak betetzea. Harrituta geratu ziren bete ez zituenean, eta, segur aski, haserre ere bai.

ETAk jarduera armatua bukatutzat eman zuenetik hilabete batera izan ziren Espainiako hauteskundeak: 2011ko azaroan. Azkarregi, gauza onerako?

Libururako Ramon Jauregirekin ere hitz egin dut —ministroa zen garai hartan—, eta esan zidan tarte hartan ezin zela erabakirik hartu, eta ez zela zilegi izango gainera, laster beste gobernu bat egongo zelako. Gainera, Jauregik ez du onartzen konpromisorik zegoenik. Gero Rajoyk loturarik ez zuen onartu; kontagailua zeron jarri zuen. Beraz, baliorik gabeko dokumentu batean geratu zen.

Rubalcaba 2011ko uztailerako esana zen "terrorismoaren bukaerak nazionalismoaren berrosatzea eta independentismoaren berpiztea" ekarriko zuela.

El País-en esan zuen hori, baita hau ere: "Gu gerra irabazten aritu ondoren, ezin diegu utzi bakea irabaz diezaguten".

Beraz, gatazkaren ondorioen konponbidea trabatzeko asmoa al du estatuak? 2011ko maiatzean Bilduk lortutako emaitza ikusgarriak zer pentsatua eman ote zion estatuari?

PSOEk, PPk, estatuak buruan zeukaten ETAren borroka armatua bukatu behar zutela, baina ez hori bakarrik. Buruan zuten une horretara mugimendu independentistak eta ezker abertzaleak ahalik eta ahulen iritsi behar zutela, ez indar handiarekin. Bilduren emaitza haiek, agian, seinale bat eman zien. Baina bestaldean ere berdin esango zuten: buka dezagun, baina mugimendu independentista indartsu bat abiatzeko moduan. Estatuak bilatu zuen ezker abertzalean zatiketa lortzea, edo, gutxienez, hura ahultzera jo zuen, eta hortik uler daitezke Otegiren eta Bateragune auziko besteen atxiloketak. Iñaki Oiarzabal EAEko PPko orduko idazkari nagusiak liburuan esaten du sozialistekin zituzten elkarrizketetan haiek esaten zietela kontua ez zela azkar bukatzea [ETAren jardun armatua], baizik eta ez zezatela indartsu bukatu.

ETAren jarduera armatuaren amaierarako beste faktore batzuk izan zirela ere idatzi duzu: gerra hotzaren bukaera eta Berlingo harresiaren erorketa, Europako talde armatuen bukaera, GAL, Ajuria Eneko ituna, Elkarri... Zenbaterainoko eragina izan zuten?

Zergatik bukatu da ETAren jarduera armatua? Ezker abertzalearen gehiengoak babesa emateari utzi ziolako. Baina hurrengo galdera da: eta zergatik utzi zion ezker abertzalearen gehiengoak babesa emateari? Ikusi zuelako azkenaldian borroka armatua ez zela eraginkorra izan eta, gainera, kaltegarria ere bazela. Baina zergatik iritsi da ondorio horretara orain? Hori azaltzeko, aipatutako faktore haiek denak ikustera joan behar dugu. Mendebaldean mugimendu armatu, iraultzaile eta abertzale moduan ETA baino ez zen geratu, eta, era berean, oso faktore garrantzitsua izan da euskal gizarteak 1960ko hamarkadatik aurrera emandako aldaketa, oraingoa guztiz desberdina delako. Gainera, Batasuneko zuzendaritzak aztertu zuen zer gertatu zen Aljerren, zer Lizarran, zer Loiolan, eta ondorioztatu zuen ordura arteko negoziazio eredua agortu egin zela, eta ez zuten beste aukerarik ikusi.

Esaten duzu Loiolan aukera handi bat galdu zela.

Irakurketa pertsonal bat da hori. Gero ikusi da azkeneko aukera izan zela Loiolakoa. Oso garbi ikusten dut gatazkaren ondorioen partea hobeto bideratuko zukeen aukera handi bat galdu zela. Iruditzen zait presoen gaia ez zela egongo gaur egun dagoen moduan. Beste partean, politikoan, potentzialitate handia izan zezakeen zirriborro batean ados jartzera heldu ziren Loiolan, baina uste dut Madrilen nekez egingo zuela aurrera. Izan ere, ikusten da zer gertatzen ari den Kataluniarekin.

Presoen kontua aipatu duzu. 2011n, Bilduren legeztatze garaian, Urkulluk aipatu zuen balekorik ezean Zapaterorekiko elkarlan oro bertan behera utziko zuela EAJk, eta Ortuzarrek liburuan dio "ultimatuma" eman ziotela PSOEren gobernuari. Presoen auzian EAJk zer jarrera du?

EAJkoek beraiek esaten dute asko busti zirela Konstituzionalak mahai gainean Bilduren legeztatzea eduki zuenean, eta beste batzuek ere hori esaten dute, Urkullu Zapaterori deika ibili zelako eta abar. Presoen auziaz, berriz, EAJk dioena da hori ezker abertzalearen arazo bat dela. Sakabanaketaren diseinuan-eta EAJk izan zuen erantzukizunik, baina orain presoen auzian Bildurenean agertutako konpromiso berarekin ez dut ikusten.

--------------------------------------------

Loiolako hegiak liburua 2010eko martxoan aurkeztu zenuen. Huts egindako konponbide prozesu bati buruzko lana zen. Baina ordurako bazetorren zerbait.

Loiolako hegiak-eko elkarrizketak, ikerketa eta idazketa 2009an egin nituen, eta orduan sumatzen nuen ezker abertzalean eztabaida prozesu batean ari zirela,ikusten nuen justu liburua atera nuen momentuan hori segida bat izaten ari zela eta aspaldian bilatutako bukaera hori iritsi zitekeela. Liburua aurkeztu genuenerako Otegi-eta atxilotu zituzten, 2009ko urrian; Altsasuko adierazpena etorri zen 2009ko azaroan; eta 2010eko otsailean, Zutik Euskal Herria adierazpena. Ikusten zen gero etorri dena etor zedin bidea egin nahian bazebiltzala batzuk, baina ez neukan haren sakontasunaren berririk. Zerbaiten oihartzuna heltzen zitzaidan, baina ezer zehatzik ez. Egia esan, ezjakintasun hark lagundu egin zidan Loiolako hegiak lasai egiteko. Orain egin dudan ikerketan ohartu naiz Zutik Euskal Herria-tik aurrera ere bide luzea zegoela egiteko.

Euskal gizartean ilusiorik bazegoen 2010ean.

Loiolako hegiak garai jakin batean argitaratu zen eta, perspektibarekin begiratuta, garai egoki batean neurri batean, argitzen zituelako iragan hurbileko kontu batzuk eta hori, akaso, lagungarri izango zitzaien batzuei eztabaida batzuk bideratzeko. Herriz herri egindako aurkezpenetan ikusten zen jakin-min handia zegoela gertatu zenari buruz, eta gertatu behar zuenari buruz ere bai, jendea gogoz baitzegoen jakiteko gauzak nondik nora joan zitezkeen. Aurkezpenetan etorkizunari buruz asko galdetzen zidaten, eta esaten nien kristalezko bolarik ez nuela. Erdi bromatan esaten nuen hurrengo liburua bukaera zoriontsuago batez idatziko nuela. Buruan baneukan aukera hori.

Eta liburua egiteko asmoa agertu zenuen Renon, berehala.

2010eko udaberrian aurkeztu nuen ETAren jardun armatuaren bukaerari buruzko proiektuaren asmoa, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikerketa Gunean [Reno, AEB], lana egiteko beka bat lortu nahian. Euskal Herrian 2010ean bazihoazen aurrera, baina han inondik inora ez zuten ikusten ETAren bukaera zetorrenik, eta galdetzen zidaten ea nik aurkeztu nuen proiektuko ideia gero errealitatean gertatuko zen, egongo al zen ETAren bukaera. Etorriko zela erantzuten nien. Bekarena lau urteko programa bat zen, eta nire kalkuluen artean sartzen zen lau urteen barruan gertatuko zela bukaera. 2011n etorri zen, urrian, ETAren adierazpen harekin.

Liburu bat bukatu, eta berria egiteko indarrik ba al zenuen?

Bai. Loiolako hegiak-ek izan zuen harrerak eman zidan horretarako indarra eta motibazioa. Loiolako hegiak-ekin ikusi nuen gauzak momentuan bertan kontatzeko ditugun zailtasunak handik gutxira, urtebetera, bira edo hirura, hobeto konta daitezkeela. Oraingo lana egitean ere ikusten nuen ezker abertzalean 2007, 2008 edo 2009an zer gertatzen ari zen ezin genuela behar bezala kontatu orduan BERRIAn, iturriek ez zigutelako gauza handirik esaten eta dokumentuak ezkutuan zeudelako oraindik. Baina ezin genuen hogei urte itxaron hau kontatzeko. Historiagileak etorri baino lehen kazetariok badaukagu lan bat egiterik; ez berehalakoa, baina ikusi dut bi-hiru urte pasatu ondoren gauza batzuk errazago kontatzen direla. Loiolako hegiak egiteko urtebete soilik behar izan nuen; ondo atera zen, eta segitzeko indarra banuen. Oraingo ikerketak lan gehiago eskatu dit.

Zer iturri erabili dituzu?

Erabili ditudanak prentsa —lagungarri izan zait—, elkarrizketak —40ren bat— eta dokumentuak izan dira. Lortu ditut publiko egin ez ziren txosten batzuk, adibidez. Saiatu naiz kontatu gabe zegoen hori aurkitzen, gakoak ematen direlako. Adibidez, ETAko zuzendaritzak 2011ko uda partean Zapaterori gutun bat bidali zion; bidali ziola nonbait irakurri nuen, baina gutunak zer zioen ez, eta lortu nuen, eta liburuan badaude edukiaren aipamen batzuk. ETAren barne prozesuko beste txosten batzuk ere lortu ditut. Halakoek asko lagundu didate narrazioari sinesgarritasun bat emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.