Arnaldo Otegi

Otegiren aldeko ekitaldiak "zaintzeko" agindu du Espainiako Fiskaltzak

Fiskaltzak "neurriak" hartzeko eskatu dio Urkijori, Elgoibarko eta Belodromoko ekitaldietan "terrorismoa goratzearekin lotutako deliturik" egin ez dadin. Eloy Velasco epaileak aztertuko du AVTk bi ekitaldien aurka jarritako salaketa.

Donostian, Otegiren alde, egitekoa duten ekitaldiaren aurkezpena. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
arantxa elizegi egilegor
2016ko otsailaren 24a
13:05
Entzun

Arnaldo Otegiri ongietorria egiteko antolatutako ekitaldiak martxoaren 1ean eta 5ean izango dira, Elgoibarrren eta Donostian, hurrenez hurren, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Javier Zaragozak eskatu du "zaintzeko". Bide batez, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari, Carlos Urkijori, eskatu dio har ditzala "beharrezko neurriak" ekitaldi horietan "terrorismoa goratu" ez dadin. 

Urkijok aste hasieran eskatu zion Espainiako Fiskaltzari debeka zitzala Otegiren aldeko ekitaldiak. Urkijok argudiatu du terrorismoa goratu daitekeela bi ekitaldi horietan, eta legea betetzen dela zaintzeko neurriak hartzeko eskatu dio. "Talde terrorista bateko kide bat goratzea delitu gisa jasota dago Zigor Kodearen 578. artikuluan, eta ezagunagoa izatea ez da aringarri bat, legea berbera baita guztiontzat".

AVTren salaketa, Velascoren esku

AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ere bi ekitaldiak debekatzeko eskatu du, iritzita horien helburua "ETAko kide izateagatik zigortutako norbait gorestea" dela eta horrek "umiliazioa eta mespretxua" eragiten diela biktimei. Gainera, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari eskatu die azter dezatela nortzuk diren ekitaldien antolatzaileak, "horien atzean legez kanpoko erakunderen bat" dagoen jakiteko. AVTren salaketa Eloy Velasco epaileak aztertuko du.

Otegi martxoaren 1ean aterako da espetxetik, sei urte eta erdiko zigorra osorik beteta. Otegi 2009ko urriaren 13an atxilotu zuten azkenengoz, eta Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Rafa Diezekin batera zigortu zuten Bateragune auzian. Zabaleta, Rodriguez eta Jacinto aske daude iazko urritik. LABeko idazkari nagusi ohia, ordea, preso dute oraindik, eta beste hamabost bat hilabete falta zaizkio zigorra betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.