joxe elorrieta

"Ez badago ezkerretik indar metaketa bat, ez dago prozesurik"

Euskal Herrian neoliberalismoari aurre egiteko, Joxe Elorrietak beharrezkotzat jo du ELAren eta LABen arteko aliantza estrategikoa. Prozesu subiranista aldarrikatu du, halaber, baina autonomia sindikala baldintza gisa jarrita. Liburu berria aurkeztu du ELAko idazkari nagusi ohiak. Bideoa albistearen barruan.

jarraia130982.jpg
enekoitz esnaola
2017ko urtarrilaren 26a
19:12
Entzun

Bideoa: Elorrietaren elkarrizketaren laburpena (Argazki Press).

[Youtube]https://youtu.be/-N178c1M9qE[/Youtube]

2008an utzi zion Joxe Elorrietak (Loiu, Bizkaia, 1951) ELAko idazkari nagusi izateari —1988tik egon zen karguan—, eta neoliberalismoaren hegemonia eta Mendebaldeko sindikalismoaren krisia sakon aztertzeari ekin zion. "Sindikatua utzita, denbora gehiago neukan irakurtzeko, eta idazten hasi nintzen". Beste kezka bat: "euskal kasua abstraktua" ez dela erakustea; badela agenda politikoa eta soziala. Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas (Begirada sindikal kontrakarreko bat. Klasea, lurraldea eta aliantza berriak) liburua osatu zuen (Icaria). Atzo aurkeztu zuen, Bartzelonan.

Neoliberalismoa borrokatu beharraz ari zara, baina Euskal Herrian, adibidez, ELAren eta LABen artean ez dago aliantzarik.

Ez dute, ez. Beharrezkoa eta derrigorrezkoa da.

1990eko hamarkadako aliantza hura oroitzen duzu liburuan.

Burutu gabeko lana dut gogoan. Segur aski, ELAn eta LABen, garai hartan, boluntarismo handia zegoen, eta horrek azaltzen du zergatik ez genuen lortu emaitza gehiago. Hori ez diot besteari errua egozteko. Liburuaren bukaeran galdetzen dut zer gertatuko zen aliantza estrategikoa gauzatu izan balitz, nola egongo ginatekeen orain. Ez da erraza bion arteko bat egitea. Kultura desberdinak ditugu, egoera soziala eta sindikala aztertzeko era desberdinak, kultura organizatibo bera ez.

Beste "entsegu" bat nahi duzu.

Bai, baina esandako hori kontuan hartu behar da.

Zein da eragozpen nagusia?

1990eko hamarkadan ETA zegoen, eta hura zen ENAMen abangoardia. Gaur egun, hurbiltasun estrategiko baterako, baztertu egin behar da Sorturen planteamendu instituzionala, eta onartu dialektikoki borroka instituzionala eta masa borroka, eta bakoitzak bere askatasuna daukala, bere autonomia, nahiz eta une batzuetan kontraesanak sortuko diren. Nafarroan, adibidez, ikusten da dagoeneko hori; zorionez, ELAk eta LABek azterketa bateratu eta kritiko bat egin dute, gobernuaren gauza batzuk salatuz. Hori da askatasun sindikala izatea politika instituzionalaren aurrean. Nik uste dut Sortuk eztabaida hori egin gabe daukala. 

Ezker abertzaleak berak erabaki du Sortu izatea euren mugimenduko "erreferentzia politikoa".

Ikusten da ENAMen estrategia politikoa Sortuk ezartzen duela, eta LABen eta Ernairen egitekoa, euren arloan ardurak hartzeaz gain, proposamenak egitea dela. Sozialdemokrazian, Frantziako eta Italiako komunisten artean, Brasilen edo Hegoafrikan estrategia politikoan sindikatuak alderdiarekiko menpekotasuna duenean zer gertatu den aztertu dut liburuan. Sindikatua egoera horretan galtzailea da, eta, okerrena: aldaketa geldiarazi egiten da. Sorturen praktikan lehentasuna arlo instituzionala da, eta, nire ustez, hori da oztopo nagusia ELA-LAB aliantza bat egiteko.

EAEn, EH Bildu orain ez dago Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Aldundian agintzen. ELAk kritikatu izan zituen hango politika batzuk. ETAk, berriz, duela bost urte eman zuen bukatutzat jarduera armatua. ETA gaitzetsi izan zenuten. Aliantzetarako aukerak erraztu al dira?

Bat ez dago [ETA], eta errazten du horrek, liburuan ere badiot, baina beste arazoa hor dago. Nire ustez, eta betiere kanpotik begiratuta diot, ezustekoa izan da Arabako Aldundiaren aurrekontuak babestea Sortuk...

...EH Bilduk.

Baina Sortu hor dago.

Zerk harritu zaitu Arabako babes horretatik?

Esan dute lortu dutela udal laguntzak %0,5 igotzea eta EAJk onartzea aurten azterketa fiskala egitea. Sekulako meritutzat jo dute! Ez dut piperrik ulertzen.

Liburuan diozu zentralismoagatik eta neoliberalismoagatik akats gutxi egin ditzaketela subiranistek. Zer akats ez luke egin beharko, adibidez, ELAk? Edo besteek dituzte bakarrik etxeko lanak egiteko?

Arazo bat dut nik: ELA estrategikoki oso-oso ondo kokatuta ikusten dut. Idazkari nagusiak oso ondo azaltzen ditu gauzak, pedagogikoki, oso koherente, garbi: ulergarria da. Gainera, zuzendaritzakoek esaten didate nik esaten diedanak ez duela askorik balio, fan bat naizelako.

Zertarako legoke prest ELA?

Baldintza batzuk baldin badaude, sindikatuak borondatea adierazia du konpromiso politikoa hartzeko. Oso ondo ezarria du hori.

Zein dira baldintza horiek?

Esan bezala, sindikalismoaren autonomia behar da, baina autonomia, politika egiteko; harremanak egin politika egiten dutenekin, aliantzak osatu ahal bada... Askatasun sindikala izatea, demokratikoki, izugarria da. Kontuan hartuta ELAk eta LABek zer lurralde okupazio duten —EAEn gehiengo osoa, Nafarroan goraka—, estrategikoki bat egitea lortuko balute, lana egiteko moduak zeharo aldatuko lirateke.

Prozesu subiranista bat behar dela aipatzen duzu, baina liburuko sarreran behin eta laugarren atalean beste behin prozesu "independentista" aitatu duzu. ELAren terminologian ez da ohikoa independentista hitza.

Ez, baina subiranista, independentista, hori eztabaida teoriko bat da. Subiranista batzuk independentista dira; oso garbi ikusten da praktikan. Aldiz, beste batzuek diote subiranista direla, baina, gero, gure burujabetza ukatzen dute, ez dute onartzen.

Batik bat, subiranista erabiltzen duzu zuk.

Funtzionala dela uste dugulako erabiltzen dugu hitz hori. ELAren kasuan, nahiz eta gutxi edo asko agertu independentista hitza, oso garbi ikusten da apustua kontsultaren aldekoa dela, erantzun positiboa emateko.

Euskal estatu baten aldekoa? Prozesu subiranistaren bukaeran euskal estatua sortzeko?

Bai.

1998an abiatu zenuten prozesu subiranista bat: Lizarra-Garazi. Han askotariko indarrak sartu ziren: EAJ, ezker abertzalea, EB, ELA, Elkarri...

Lizarra-Garazi EAJk eta ETAk egin zuten, haiek ziren protagonista nagusiak, eta besteok laguntzaile izan ginen.

Maltzaga bidea txarretsi duzu.

Teorikoki, prozesu interklasista bat defendatu dezakegu, puntu amankomun batzuk osatuta. Maltzaga hori zen —nik iraganean hitz egiten dut Maltzagaz—. Monzonek hori planteatzen zuen. Nire ustez, EAJk ez du nahi Maltzagara joatea. Hori ikusteko ez da igarlea izan beharrik. Nahikoa da irakurtzea zer esaten duen; oso garbi esaten ditu gauzak, urbi et orbi, denek ulertzeko moduan. Behintzat, EAJri eskertu behar zaio oso garbi hitz egiten duela. Garbi hitz egiteko interesa dauka, [Espainiako] estatuan homologazioa betiko lortzeko. Zein da EAJren helburu nagusia? Planteamendu neoestatutista bat, bai neurrietan eta bai prozeduran. Lortu nahi duena esaten du: eskumen gehiago eta ziurtasun juridiko handiagoa izatea. Hori ez badu onartzen estatuak, EAJk ez du beste planik. Eta hori ere oso garbi esaten du, eta dio helduko garela heltzen garen tokira. Eta, beti, instituzionalki eginda gauzak. EAJrentzat, gizartearen egitekoa Gasteizek eta Madrilen lortutako akordioa bozkatzea baino ez da; jakina, Iruñea ez da agertzen, ez hipotesi moduan, ezta erretorika moduan ere. Gainera, Urkulluk esan du estatutua berritzeko ez dagoela konstituzioa aldatu beharrik. Eta [EAEn] norekin egin ditu akordioak EAJk? PSOErekin, dudarik gabe. Eta Madrilen, hauteskunde aritmetikaren arabera gai bada PP baldintzatzeko eta kupoan zerbait lortzeko, hori egitera joango da, eta, bestela, AHTa, edo Konstituzionaletik bost edo hamasei helegite kendu...

Idatzi duzu: prozesuko "lehen etapan behintzat EAJrik gabe".

Egoera baldintzatzeko ez bada lortzen ezkerretik indar metaketa bat, ez dago prozesurik. EAJk ez du nahi prozesurik; PSOErekin eta PPrekin homologazioa lortzea nahi du. Ortuzarrek esan du estatuaren proiektua egituratzen lagundu duen indar bat izan dela EAJ, eta eredu berrian toki bat izatea aldarrikatzen duela. Oso garbi esan du. Gainera, badago beste arazo bat: daukan eredu neoliberalagatik ez da erraza EAJrekin indarrak biltzea. Orduan, fase honetan, hortik ez daukagu biderik. Baldintza berri batzuk lortzeko indar metaketa bat egin behar da beste eragile batzuon artean.

Eragile "neoliberalik" ezin al da egon lehen etapa horretan?

Planteamendu neoliberala hegemonikoa bada prozesu nazional batean, ez dago prozesu nazionalik. Neoliberalak egotea prozesuan? Ez dakit, hori beste eztabaida bat da. Baina hegemonikoa izatea planteamendu neoliberala, hori ez. Nola ikusten da neoliberalismoa hegemonikoa dela egun?

Nola?

ENAMek esaten du EAJrekin herri akordioak edo akordio historikoak nahi dituela. Baina ikusten da ez daudela baldintzak horretarako. Orduan, zergatik esaten du hori ENAMek?

Arkaitz Rodriguez Sortuko Ekintza Politikoko idazkariak igandean BERRIAn esan zuen prozesu subiranista-independentista bat hasteko ez direla EAJren zain egongo.

Baina, aldi berean, Arabako aurrekontuak babestu dituzte, eta [EAEko] hauteskundeen aurretik eta ondoren mezu nagusia izan da akordio historikoak lortu behar direla EAJrekin. Ez hori bakarrik: EAJrekin bildu ondoren esan dute gauzak ondo doazela, harremanak hobetzen eta abar.

Oraindik EAJri begira ikusten dituzu, beraz.

Nire hipotesi bat da hau: EAJrekin akordio historikoa lortzea koartada moduan erabiltzen du bere eguneroko praktika politikoa azaltzeko, eta bere eguneroko praktika politikoa instituzionala da. Nahiz eta jakin EAJ ez doala Maltzagara, Maltzagaren erreferentziari eustea koartada bat da azaltzeko zergatik dagoen Sortu joko instituzional batean erabat sartuta. Arabako aurrekontuak babestea ez bada klabe horretan azaltzen, nik ez dut ezer ulertzen.

Arkaitz Rodriguezek esan du prest daudela prozesua ELArekin hasteko.

Bai, eta hori ona da. Baina praxia beste bat da. Ahal Dugu-k, adibidez, hauteskundeen hurrengo egunean esan zuen bera oposiziora joango zela. Ezker abertzaleak zer esan du? Gobernatzen aritu zaitezkeela aldi berean oposizio izanda. Hori dio Gasteizko Udalean. Beraz, zer ari da, gobernatzen? Ala oposizioan dago? 

Prozesu subiranista hasi, ezkerretik, beraz. Hala diozu.

Lehen etapa ezkerretik indar metaketa lortzea da, ikuspuntu berri bat sendotzea eta gizarteratzea. Gero, praktika bat, eta, horren arabera, hutsuneak ikusi, agenda aldatu liteke eta abar. Teoriko batzuek esaten dute gertakariaren zain egon behar dela. Ez! Prestatuta egon behar duzu gertakaria datorrenerako. Aurretik egin behar da lana, lurraldea okupatu, aliantzak sendotu... Ezkozian prozesua ezkerretik egin dute, baina han lan hori duela mende laurden bat-edo hasi zuten, eta, gero, Erresuma Batuaren krisi ideologikoaz ere baliatu dira.

Sartzekotan, noiz sartuko litzateke EAJ prozesuan?

Dudarik gabe, abertzale guztiok ados egon behar dugu independentzia edo burujabetza lortzeko. Baina kontua da prozesua nola gauzatzen den, zer etapa dauden, eta garbi dut lehen etapa ezkerretik abiatutakoa izan behar dela.

Denbora amaitzen ari al da euskal subiranista-independentistentzat?

Pultsua galtzen denean, berreskuratzea batzuetan ez da zure esku egoten. Kezkagarriena arlo sozialean, ideologikoan eta nazionalean pultsua galtzea da. Maltzagaren apustuari eusteak egundoko arriskua dakar ezkertiar pultsua galtzeko, eta, azkenean, erretorika bihurtzeko. Joseba Sarrionandiaren pasarte bat aipatu dut liburuan, bikaina iruditu zaidalako. Alegia, azkenean politika da zer lor dezaket, zer da onena, zer txarrena, perspektiba historikoa galduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.