Albistea entzun

ETA-ren armagabetzea

ETAk jakinarazi du erakunde armagabea dela dagoeneko

BBC hedabidera igorritako ohar batean eman du armagabetzearen berri. Esan du kontrolpean zituen armak gizarte zibilaren esku utziak dituela, baina, armagabetzeak "bakearen etsaien erasoaldiak jasan" ditzakeelakoan, Baionan larunbatean egitekoak diren ekinbidea jo du berme gisa. Luhusoko polizia operaziotik 112 egunera jakinarazi du ETAk desarmatzea.

ETAren agiria, armagabetu dela jakinaraziz. /
ETAren agiria, armagabetu dela jakinaraziz. / Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2017ko apirilak 7

ETAk Euskal Herriari eta nazioarteko komunitateari jakinarazi nahi die jadanik erakunde armagabea dela, kontrolpean zituen armak eta lehergailuak gizarte zibilaren esku baitaude dagoeneko". Une historiko horri erantzunez, BERRIAk zuzeneko telebista saioa egin du armagabetzearen nondik norakoak azaltzeko eguerdian. ETAren agiriaren berri bart gauerdian eman du BBCk. Horrela dio ETAk Erresuma Batuko telebista kateari bidalitako agiriak.

 

"Ibilbide gogorra eta zaila izan da, Espainiako eta Frantziako estatuek ahal bezain beste oztopo jarri dituztelako, garaituen eta garaileen eskeman tematuta, bide polizialean gotortuta", dio ETAk.

Apirilaren 7ko eguna du agiriak. ETAk azaldu du "usteltzeko bidean zegoen blokeo egoera askatzeko ekarpen erabakigarria" egin duela gizarte zibilak, "armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa" bere gain hartuta: "Nabarmendu behar da, halaber, armagabetze prozesu honek euskal erakundeen aldetik jaso duen babesa".

Hala ere, ohartarazi du prozesua ez dela amaitu, eta larunbatean izango dela "armagabetzearen eguna": "Horregatik oraindik ohartarazi behar dugu bakearen etsaien erasoaldiak jasan ditzakeela. Bihar, armagabetzearen alde, Baionako hirian bilduko diren milaka eta milaka herritarrak dira aurrerabidean segitzeko berme bakarra".

"Euskal Herriaren alde egiteko hartu genituen armak eta Euskal Herriaren esku utzi ditugu orain, gure herrian bakea eta askatasuna lortzeko bidean urratsak egiten segitzeko, konponbidearen agendan aurrera egiteko konpromisoak hartu behar direlako", amaitu du ETAk.

BBCk eman du ETAren armagabetzearen albistea. 2011ko urriaren 20an ere, Erresuma Batuko hedabide hori izan zen ETAk jardun armatua behin betiko uzteko erabakiaren berri eman zuenetako bat. 2014an ere, egiaztatzaileek baieztatu zutenean ETA armategia indargabetzen hasia zela, BBCk argitaratu zituen irudiok.

Ekinbidea, Baionan

Martxoaren 17an jakinarazi zuen Jean Noel Etxeberri Txetx-ek ETAren desarmatzea apirilaren 8rako gauzatuko zela. Harrezkero, datorren larunbateko egitaraura begira egon dira erakundeak, eragile politiko, sindikal eta sozialak nahiz gizarte zibila.

Goizean goizetik egingo dira bihar Baionan ETAren armagabetzerako agerraldiak eta beste ekinbideak. ETAren armagabetzeari buruzko agerraldi instituzional bat izango da Baionan, eta Euskal Elkargoak batzarrera deitu du 09:00etarako. 15:00etan egingo da bakearen artisauek aurkeztutako egitarauko ekitaldi publiko nagusia: elkarretaratzea, Paul Bert plazan, Baiona Ttipian —San Andres plaza ere esaten zaion horretan—.

Asteotan, modu batera edo bestera, Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta instituzionalaren babesa jaso du armagabetzeak. Ostegunean, esaterako, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, PPk salbu, babestu dute ETAren desarmatzea "alde bakarrekoa, osoa, behin betikoa eta egiaztatua" izatea, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei dei egin diete prozesua bururaino eramaten lagun dezaten.

Ostegunean bertan, Frantziako Estatuko hainbat lagunek eta eragilek babestu zuten desarmatze prozesua; tartean, NPA eta EELV alderdiak, CNT sindikatua, Giza Eskubideen Liga, Ruptures sare feminista... Henri Leclerc, Jean Pierre Dubois, Jose Bove... Aurretik, bakearen artisauak "milaka" izango zirela adierazi zuten Ipar Euskal Herriko dozenaka lagunek; besteak beste, Miarritzeko eta Hendaiako auzapezek eta Euskal Elkargoko presidenteordeak.

Ia lau hilabete Luhusotik

Abenduaren 16an atera zen argitara ETAren armagabetzea gauzatzeko gizarte zibileko hainbat kidek hasitako bidea, Luhuson (Lapurdi). Mugarri izan zen hura. Iazko urriaren 3an idatzitako eskutitzean, Michel Tubianak, Mixel Berhokoirigoinek eta Jean Noel Etxeberri Txetx-ek esana zioten ETAri "bake prozesua blokeo egoeratik" ateratzeko "armagabetzean engaiatzeko prest" zirela. Horretan ari ziren Luhuson atxilotu zituztenean. Adierazgarriak izan ziren, aske geratu berritan, Berhokoirigoinek BERRIAri egindako hitzak ere: "Erabakia hartu dugu, uste baikenuen garaia zela. Lehen helburua lortua da. (...) Zerbait aldatu da. Bada lehenagoko garaia, eta oraingoa".

Halaber, jarduera armatua behin betiko eteteko erabakiaren berri eman eta bost urte eta erdira gauzatu da ETAren armagabetzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

PSNko eta UPNko kideen arteko bilera, atzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

PSNk ez du UPNrekin akordiorik egingo, eta EH Bildurekin bilduko da

Iosu Alberdi

Esan dute EH Bildurekin ere ez dutela gobernua negoziatuko. Geroa Baik EH Bilduren hautagaia babestuko du Eguesibarren. Ortuzarrek dio Iriartek Gipuzkoarako egindako proposamena ez dela «arrazoizkoa»
 ©IñIGO URIZ / @FOKU

«Batez ere Bilduri dagokio gehiengo aurrerakoia lortzea»

Joxerra Senar

Ekainaren 17ko Iruñeko udalbatzarrari begira, kezkatuta dago. Martinezek ukatu egin du bere hautagaitza planteatu duela, korapiloa askatzeko. Ardura EH Bildurena eta PSNrena dela dio.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko saio batean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Legegintza egutegiak estututa

Edurne Begiristain

Urtebete falta da Jaurlaritzak legealdia amaitu dezan. Gobernu programan jasotako lege egitasmoen erdiak onartu ditu orain arte; beste 11 proiektu tramitatzen ari dira.
ERCko eta EH Bilduko senatariak. ©EH Bildu

EH Bildu eta ERC batera aurkeztuko dira Espainiako Senaturako bozetara

Iosu Alberdi

Azken urteetako akordioak indartzeko urratsa dela adierazi dute bi aldeek. Batzarrek onartu du Sumarrekin batera aurkeztea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...