Albistea entzun

Kataluniako prozesu subiranista

Epaitegi Konstituzionalak erreferenduma ez bultzatzeko agindu dio TV3ko zuzendariari

Aginduak ez diola informatzeko eskubideari eragiten argitu du Kataluniako Auzitegiak. Milatik gora kargudun publiko ohartarazi dituzte jada. Fiskaltzak mossoei agindu die erreferenduma galarazteko lan egiteko, baina Puigdemontek erantzun du horien lana ez dela hautetsontziak kentzea. Madrilen, epaile batek bertan behera utzi du hitzaldi bat. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin du Trantsiziorako Legea.

TV3 telebista katearen errealizazio gela bat. /
TV3 telebista katearen errealizazio gela bat. / CCMA

Arantxa Elizegi Egilegor - Jon Ordoñez -

2017ko irailak 12 07:28

Atzoko Diada arrakastatsuaren mobilizazioaren ondoren, gaur hainbat jakinarazpen bidali dizkie Kataluniako zenbait kargudun publikori, eta tartean Vicent Sanchis TV3eko zuzendariari jakinarazi diote ezin duela telebista publikoak erreferenduma edo parte-hartzea bultzatu. Zehazki, Konstituzionalak pasa den ostiralean hartu zuen erabakiaren berri eman dio. Kataluniako telebistak berak jakinarazi duenez, debekua erreferendumari buruzko edozein akordio edo ekinbide ditu jomuga, baina informatzeko eskubideari ez diola eragiten argitu dute. Sanchisek agindutakoa bete ezean, erantzukizun penala izango duela mehatxatu dute. Kataluniako telebistak, hala ere, ez dio utzi Generalitatea erreferendumean parte hartzea sustatzeko egin zuen iragarkia emititzeari (jarraitu irakurtzen bideoaren ostean).

Sanchisek jaso duen oharra beste kargudun publiko batzuek gaur jaso dituztenei gehitu zaie. Milatik gora dira Kataluniako hedabideen arabera. Kataluniako Generalitatea eta Parlamentuko Mahaia osatzen dutenek ere gaur jaso dituzte Auzitegi Nagusiaren jakinarazpenak. Gobernuko kideek eguerdian jaso dituzte. Fiskaltzaren kereilaren berri izan dute, eta desobedientzia, prebarikazioa eta diru publikoa gaizki erabiltzea leporatu diete; azken delitu horrek espetxe zigorra izan dezake, gainera.

Parlamentuko Mahaiko kideek ere jaso dute Auzitegi Nagusiaren jakinarazpena, eta gogorarazi diete erreferenduma debekatuta dagoela eta debeku hori gutxietsi edo saihestu nahi duen edozein ekinbide geratu behar dutela. Gainera, fiskaltzak ostiralean aurkeztu zuen kereila tramiterako onartu duela jakinarazi diete Carme Forcadell parlamentuko presidenteari eta Lluis Guino, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Joan Josep Nuet mahaiko beste kideei.

Erreferenduma egiteko udal espazioak uzteko prest dauden alkateak ere hasi dira jakinarazpena jasotzen. Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaritzak bidali dizkie. Alkateek, ordea, Vilaweb egunkariak argitaratu duenez, berretsi dute euren konpromisoa Generalitatearekiko eta herritarrekiko dela, eta muzin egingo dietela jakinarazpenei. Manuela Carmena Madrilgo alkateak baimendu zuen hitzaldi bat ere debekatu du Espainiako Justiziak. Erreferendumaren aldeko elkarte batek eskatu zion Madrilgo Udalari areto publiko bat hitzaldirako, Matadero kultur espazioko areto bat, eta PPk jarri zuen salaketa.

Mossoei hautetsontziak atzemateko eskatu die Kataluniako Fiskaltzak

Aurretik Kataluniako Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak mossoei gogorarazi die erreferendumarekin lotura duen edozer ikertzeko agindua dutela. Agindu hori Espainiako Fiskaltzak eman zien, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari ez ezik, mossoei ere bai. Gaur goizean Kataluniako Fiskaltzaren egoitzan bildu dira Josep Lluis Trapero mossoen burua, Espainiako Polizia Nazionalak Katalunian duen arduraduna eta Guardia Zibilarena. Kataluniako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak eskatuta egin dute bilera, erreferendumerako prestakizunei buruzko azalpenak emateko.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galdeketa legez kanpokotzat jo zuenean ohartarazi zien Generalitateko hainbat goi karguduni haren erabakia ez betetzeak ekar zitzakeen ondorioei buruz. Oharra jaso zuten arduradunetako bat da, hain zuzen, Josep Lluis Trapero mossoen burua, eta badirudi batik bat harentzako deitu dutela bilera, alegia, hari ohartarazteko ez daudela agindu horretatik aparte, eta haien lana dela hautetsontziak eta botopaperak bilatzea, eta erreferenduma galarazteko lan egitea. Gainera, ohartarazi die politikariren bat erreferendumerako lanean ari dela sumatzen badute berehala horri buruzko txostena egin eta hura fiskaltzara bidaltzeko eginbeharra dutela.

Ordea, Carles Puigdemont presidenteak babesa agertu die mossoei, eta ohartarazi du haien lana ez dela boto kutxak kentzea, herritarrak babestea baizik. Bilera horren aurretik RAC1 irratiari eskainitako elkarrizketan nabarmendu du Puigdemontek boto kutxak kentzeko agindua jasotzen badute "egin beharrekoa" egingo dutela, alegia, "herritarren eskubidea defendatu eta haien segurtasuna bermatu".

Trantsiziorako Legea, bertan behera

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman du Espainiako Gobernuak Trantsiziorako Legearen aurka aurkeztutako helegitea, eta, hala, legea bertan behera geratu da behin-behinean, auzitegiek haren edukia aztertu eta azken erabakia hartu bitartean. Gobernuaren helegitearen arabera, "1978tik Espainiako elkarbizitza arautzen duten neurrien aurkako mehatxu eta irainik handiena" da legea.

Azken urteetako Diadarik jendetsuenetako baten ostean, eta erreferendumerako bi aste inguru geratzen direnean etorriko da Konstituzionalaren erabakia. Zigorrak baztertu eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten atzo milaka katalanek Bartzelonako erdigunean, gurutze handi bat irudikatuta.

Mahaiko kideen kereila, aurrera

Espainiako Konstituzionalari entzungor egin, eta Erreferendumaren Legea tramiterako onartu izanagatik fiskaltzak haien aurka jarritako salaketa onartu zuen joan den ostiralean Kataluniako Auzitegi Nagusiak. Gaur, kereilaren berri eman die auzitegiak Generalitateari, Carme Forcadell parlamentuko presidenteari eta Junts Pel Sik eta CUPek legebiltzarreko mahaian dituzten ordezkariei.

Generalitateko mahaiko kideen aurkako behin-behineko neurriak ere eskatu ditu fiskaltzak; halakorik, ordea, oraingoz ez dute onartu auzitegiek. Aldiz, kasu guztietan diligentziak irekitzeko agindu du "etengabeko desobedientzia eta prebarikazio" deliturik egon ote den argitzeko, eta, Generalitateri dagokionez, baita diru publikoa "bidegabe erabili" den jakiteko ere. Epaileen iritziz, badago zantzurik pentsatzeko Generalitateko kideek "modu arbitrarioan" erabili zituztela "euren botereak" independentziarako erreferenduma antolatzeko.

Espainiako Gobernua tribunalen erabilera okerra egiten ari dela salatu du Forcadellek; erreferenduma geldiarazteko intentzioz, "bereizkuntzarik gabe" erabiltzen duela, arazo politikoak politikoki gainditzeko gai ez delako. Mahaiko lehendakariak Junts Pel Siko eta Catalunya Si Que Es Poteko mahaikideekin batera eman du prentsaurreko bat, eta salatu du Espainiak adierazpen askatasuna eta diputatuen ekimenerako eskubidea murriztu nahi dituela. Diputatuek beren buruari mugak jartzea da fiskaltzaren asmoa, Forcadellen iritzian, "Auzitegi Konstituzional txiki bat bezala" joka dezan. Baina ohartarazi du ez dutela halakorik lortuko: "Gure egitekoa eztabaidari laguntzea da, eta ez hura galaraztea".

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Hainbat armeniar errusiarren laguntzaz kamioi batean Karabakh Garaitik ihes egiten. / ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Karabakh Garaiko errepublika 2024an desegingo dela iragarri dute

Isabel Jaurena

Samvel Xahramanian presidenteak adierazi du «herritarren segurtasun fisikoa» dela lehentasuna. 65.000 armeniar inguruk utzi dute lurraldea.

Mahsa Aminiren hilketaren urteurreneko protesta bat Berlinen, hilaren 16an. ©CLEMENS BILAN / EFE

Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

Lide Iraola

Urtebete pasatu da Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren Iranen emakumeen askatasunaren aldeko mobilizazio jendetsuak hasi zirenetik. Errepresioak markatu zituen ondorengo hilabeteak. Ikusi beharko da aldaketarako atea zabalik gelditu ote den.

Emmanuele Macron Frantziako presidentea, Italiako presidente izandakoaren Giorgio Napolitanoren hiletan, atzo, Erroman. ©Riccardo Antimiani / EFE

Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean

Maddi Iztueta Olano

Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.

Iaroslav Hunka SSetako kide ohia hunkituta, Kanadako legebiltzarkideen txaloak jasotzen, joan zen ostiraleko saioan. ©BERRIA

Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean

Edu Lartzanguren

SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.