Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Katalunia

Puigdemont inbestitu ahal izateko "beharrezko neurriak" hartzea onartu du parlamentuak

JxC, ERC eta CUPek aurkeztutako bi adierazpen onartu ditu parlamentuak. Puigdemont presidente izendatzearen alde agertu dira JxC eta CUP; Kataluniako presidentea parlamentuak erabaki behar duela nabarmendu du ERCk, Puigdemont aipatu gabe. ANCk ere Puigdemont presidente izendatzeko galdegin du.

Quique Garcia/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko martxoak 28

Espero bezala, hiru talde independentistek aurkeztutako bi adierazpenak onartu ditu Kataluniako Parlamentuak, presazko saio batean. JxCk, ERCk eta CUPek bozkatu dituzten testuek —zenbait puntutan alde bozkatu du Catalunya En Comu Podemek ere— ordezkari independentista auzipetuen eskubide politikoak aldarrikatu dituzte. Horien artean, Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak, eta Jordi Sanchez eta Jordi Turull JxCko diputatuek inbestituak izateko duten eskubidea. Adierazpenaren bidez dei egin diote parlamentuari eskubide horiek gauzatu ahal izateko "beharrezkoak diren neurriak" hartzera.

Bi testu horiek oinarri dute NBEren Giza Eskubideen Batzordeak Espainiari egin dion eskaria. NBEk Jordi Sanchezen eskubide politikoak gauzatu ahal izateko "beharrezko diren neurriak" hartzera deitu du Espainia, kautelazko neurri gisa, nazioarteko erakundeak Sanchezek aurkeztutako salaketa aztertu artean. 

JxC, ERC eta CUPek aukeztutako adierazpenek ez dute inolako ondorio juridikorik; aldiz, parlamentuaren jarrera politikoa finkatzeko idatziak dira, eta bidea zabaldu diezaiokete JxCk aurretik aurkeztua duen beste proposamen bati: inbestidura saioan telematikoki parte hartzeko aukera araudian jasotzeko proposamenari. Neurri horrek Puigdemonten inbestidura ahalbidetzea luke helburu.

Osoko bilkuraren eztabaidak argi utzi du Puigdemont presidente izendatzeko aukerak indarra hartu duela haren atxiloketaren ostean. JxC argi agertu da hura inbestitzearen alde, eta hala egin du CUPek ere. Aldiz, ERCk ez du aukera horren aldeko apustua egin; Kataluniako presidente nork izan behar duen erabakitzea parlamentuari dagokiola, eta ez epaile bati, besterik ez du esan. Parlamentuko korridoreetan, Puigdemont presidente inbestitzeko galdegin du ANCko presidente Elisenda Paluziek, "subiranotasun ekintza" gisa.

Aurora Madaula JxCko diputatuak nabarmendu du azken egunetan Katalunian izan diren mobilizazioetan jendeak "Puigdemont presidente" oihukatu duela, eta hura jotzen duela herritarren gehiengoak "presidente zilegi". Ziurtatu du JxCk ez diola uko egin Puigdemont inbestitzeari.

Puigdemont presidente egiteko saioa ahalik eta azkarren egitea galdegin du, berriz, CUPeko diputatu Carles Rierak. Haren esanetan, hura inbestitzea "subiranotasun ekintza ezinbestekoa" da Kataluniako Errepublika eraikitzeko bidean. Izendapena posible egite aldera, CUP prest agertu da beharrezkoak diren ardurak hartzeko. Azken egunetan adierazi duenez, parlamentuko mahaian sartzeko gertu da alderdia. Rierak adierazi du gaurko adierazpenen onarpenak batasun independentistarako itxaropena dakarrela.

Ez dirudi, ordea, batasun horretara iritsi direnik. Anna Caula diputatuak hartu du hitza ERCren izenean, eta gainontzeko bi alderdi independentistek ez bezala, ez dio erreferentzia argirik egin Puigdemont inbestitzeko aukerari. Caulak Espainiaren "jazarpena" salatu du. "Espainiako Gobernuaren aurka dagoen oro arriskuan dago. Inor ez dago seguru estatu honetan. Larrialdi nazional egoeran gaude". Caularen iritziz, NBEko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiari egin dion galdea "demokraziaren garaipena" izan da, eta ohartarazi du "tantaz tanta Espainia bere sinesgarritasuna galtzen" ari dela.

Jakina da ERCk Espainiako legedia urratu eta estatuarekin zuzeneko lehia bilatu ordez nahiago duela prozesu subiranistaren aldeko gehiengoak zabaltzearen aldeko apustua. Norabide horretan egin du eskaintza Catalunya En Comu Podemek gaurko saioan. Xavier Domenech koalizioko bozeramaileak gobernu "zabala" eta "zeharkakoa" osatzea proposatu die indar independentistei. Gobernu horrek "izaera independentea" duten ordezkariak izango lituzke, eta ohikoa baino agintaldi laburragoa egin beharko luke. Gainera, gobernuko kideek hurrengo hauteskundeetara ez aurkezteko konpromisoa hartu beharko lukete. Legealdi horren helburuetako bat Kataluniarentzako estatus politiko berri bat adostea izango litzatekeela ere zehaztu du Domenechek, "marko autonomikoa" gaindituko lukeena. Domenechen esanetan, Puigdemont inbestitzea akatsa litzateke. "Puigdemont eta gero, zer?", galdetu du.

Ciutadanseko bozeramaile Ines Arrimadasek botere judizialaren esparruan esku hartu nahi izatea leporatu die indar independentistei. Adierazpen batek espetxeratutako ordezkari independentistak aske uzten zuela eta, gaitzetsi egin du epaileei kartzelatik "nork irten behar duen eta nork sartu behar duen" esan nahi izatea. Ciutadansek uko egin dio puntu hori bozkatzeari.

PSCko Ferran Pedretek adierazi du bere alderdiak bat egiten duela NBEren Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenarekin, baina PSCk ez duela jarrerarik finkatuko Sanchezek NBEn aurkeztu zuen salaketari buruz, harik eta erakundeak behin betiko ebazpena eman arte. Pedretek alderdi independentistei leporatu die auzipetuen egoera, eta gaineratu du PSCk ohartarazi zuela prozesu subiranistak ondorio kaltegarriak ekarriko zituela.

Azkenik, PPko Xavier Garcia Albiolek adierazi du gaurko osoko bilkura egitea "akats bat" dela, arazoan sakondu besterik ez duela egingo iritzita. Albiolek independentistei leporatu die gatazka soziala sustatzea, eta egunotan Kataluniako kaleetan dagoen "gasolina" alderdi independentisten ardura dela ziurtatu du.

 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Beharrezkoa da tratamenduen erabilera profilaktikoa sustatzea»

Gorka Berasategi Otamendi

Gizadiak «askotariko epidemiei» aurre egiteko prestatu behar du, Abdool Karimen iritziz. Nabarmendu du GIBaren eta COVID-19aren aurkako borrokak ezin direla gainditu desberdinkeriari aurre egin gabe.
 ©BERRIA

«Afganistango emakumeek rol eta inplikazio baliotsua zuten gizartean»

Igor Susaeta

Afganistandik alde egin behar izan zuen duela hiru hilabete pasa, bestela ziur baitago talibanek hil egingo zutela seguru. Nazioarteari eskatu dio ez ditzala gobernu gisa onartu, eta lagun dezala erresistentzia fronte nazionala eratzen.
Emakume bat, maskara jantzita, Municheko aireportuan (Alemania). ©PHILIPP GUELLAND, EFE

Omikron aldaeraren hainbat kasu atzeman dituzte Alemanian, Italian eta Erresuma Batuan

Gorka Berasategi Otamendi

EBk eta AEBek Afrika hegoaldeko zenbait herrialderi ezarri dizkieten bidaia debekuen antzekoak jarri dituzte indarrean estatu gehiagok. Mundu osoko biztanleria txertatzearen garrantzia nabarmendu du OMEk.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.