Euskal presoak

Oier Gomezi azken agurra emateko ekitaldiaren debekua salatu dute haren hurbilekoek

Gomezen hurbilekoek defendatu dute preso ohia "merezi bezala" agurtzea ez dela delitu. Agerraldia egin dute gaur eguerdian, Gasteizko Plaza Berrian, ehunka herritarren babesean.

Oier Gomenez hurbilekoen prentsaurrekoa, gaur, Gasteizko Plaza Berrian. ADRIAN RUIZ DE HIERRO, EFE
2019ko otsailaren 3a
10:47
Entzun

Oier Gomezi azken agurra egiteko ekitaldia antolatua zuten preso ohi gasteiztarraren hurbilekoek. Gomez joan den larunbatean hil zen, minbiziak jota. Epaitegi batek ekitaldia debekatu du, ordea, Espainiako Estatuko Abokatutzaren eskariz. Erabakia salatzeko agerraldia egin dute gaur Gomezen gertukoek, ehunka herritarren babesean.

"Merezi duen bezala agurtu nahi genuen, herri honen alde dena eman baitu. Zoritxarrez, ez digute hala egiten utzi", salatu dute. "Oier bere bizi guztian Euskal Herriaren alde borrokatu zuen militantea izan zen, eta hori bere agurrean islatu beharko litzateke". Hurbilekoek adierazi dute Gomez "merezi bezala" agurtzea ez dela delitu.

Atzo jakin zen Oier Gomezi azken agurra emateko ekitaldia debekatu zuela epaitegi batek. Aurretik, hainbat manifestazio egin ziren Euskal Herrian. Sarek mobilizazioak egin zituen Donostian, Galdakaon (Bizkaia) eta Gasteizen. Gomezen heriotza egungo espetxe politikari lotutako "azkena" izan dadila eskatu zuen. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak ere manifestazioa deitu zuen Gasteizen.

Oier Gomezen gasteiztarra minbiziak jota hil zen, joan den larunbatean. 2017ko urtarrilean diagnostikatu zioten gaixotasuna, Frantzian preso zela. Hala ere, DPS segurtasun handiko erregimenean atxiki zuen, Meauxeko espetxean. Ez zuten aske utzi iazko apirilaren 25era arte. 35 urterekin zendu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.