Euskara

Ertzaintzaren aurrean salatu dute hizkuntz eskubideen urratzea

Ernaik eta EHEk deituta, elkarretaratzea egin dute Donostiako Antigua auzoan. Argia-k ere bat egin du, informatzeko eskubidearen alde.

Donostiako Antigua auzoan Ertzaintzaren aurrean egindako protesta, gaur. JON URBE, FOKU
2019ko otsailaren 8a
21:39
Entzun

Erasorik ez erantzunik gabe. Euskaraz bizitzera goaz lelodun pankartaren atzean bildu dira protestan hamarka herritar, Ernai gazte antolakundearen eta EHE Euskal Herrian Euskaraz mugimenduaren deiari erantzunez. Ernaiko eta EHEko banderak eskuetan, iazko maiatzean gazte batek ertzainei euskaraz egiteko eskatu ondoren, 600 euroko isuna jarri diotela salatzeko. Gazteak iragarri du ez duela isuna ordaintzeko asmorik.

Argia-ko kazetari Lander Arbelaitz ere salatu dute bi ertzainek, gertakari haien berri ematean agenteak "iraindu" zituela iritzita. Martxoaren 20an deklaratu beharko du kazetariak Donostiako 2. instrukzio auzitegian. Hedabide horrek ere bat egin du protestarekin, eta Informatzen jarraituko dugu. Kazetaritza ez da delitua lelopean. 

Elkarretaratzean, Arbelaitz berak, EHEko Urko Aierbek eta Ernaiko Eneka Alvarezek —isuna jaso duen gaztea da— gutun bat helarazi diete ertzainei, hizkuntz eskubideen urratzea salatzeko. "Euskal Herrian euskaraz" oihuak egin dituzte protestan bildutakoek.

Bizitza Da Handiena dinamikaren barruan, Ernaik agerraldia zuen iazko maiatzean hiriaren "turistifikazioa" salatzeko, eta Ertzaintza joan zen. Ernaiko kideetako batek euskaraz egiteko eskatu zien, eta poliziek identifikatu egin zuten; isuna ezarri diote, mozal legea baliatuta —zigorra erdara hutsez bidali diote—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.