Ikur frankistak

Zazpi proiektu, mausoleoa ordezkatzeko

Aurkeztu dituzte prozesu ideien lehiaketaren finalera iritsi diren zazpi proiektuak. Soilik batek proposatzen du mausoleo frankista eraistea. Maiatzean amaituko da prozesua.

Erorien Monumentua osorik eraistea proposatzen duen proiketu bakarra. PROIEKTUAREN EGILEAK: JORDI COMAS MORA ETA ANNA PONT ARMENGOL.
jon ordonez garmendia
2019ko otsailaren 20a
10:47
Entzun

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egin erabakitzeko prozesua bigarren fasean sartu da. Aukeratu dituzten zazpi proiektuak aurkeztu dituzte Kondestable jauregian. Herritarrek hor bertan ikusi ahal izango dituzte martxoaren 7ra bitartean, eta horrekin batera euren ekarpenak egin ahal izango dituzte.

Eraitsi ala eraldatu? Hori izan da orain arteko galdera nagusia. Zazpi proiektuetako batek soilik egiten du horren alde. Proiektuak Euskal Herriko eta atzerriko arkitektoek aurkeztu dituzte. Hala jaso dituzte Iruñeko Udalaren webgunean zazpi finalistak:

1.- Pausoz pauso (6. zenbakia)
Egileak: Borja Gorostiaga Requejo, Nerea Aranbarri Kortabarria eta Aitor Acilu Fernandez.

Eraikina mantentzea eta "Nafarroako kulturari eta sanferminei" eskaintzea proposatzen du proiektu honek, aldi berean, Iruñeko zein Nafarroako XXI. mendeko kulturari eskainitako museo bilakatuz. Eraikina mantentzeaz gain, absideari atxikita beste eraikin bat eranstea proposatzen du, proposatutako programa hor gauzatzeko. Askatasun plaza eta Serapio Esparza parkeko lorategiak lotzea proposatzen du, alboetako galerietan bide bana erabiliz. Egungo monumentu-plazan herritarren eguneroko erabilpenak txertatzea da proposamena.

2.- Metamorfosia (12. zenbakia)
Egileak: Jordi Comas Mora eta Anna Pont Armengol.

Hau da Erorien monumentua osorik eraistea proposatzen duen proiektu bakarra, bai tenplua bera, baita alboetako arkuteriak eta pabiloiak ere. Eraitsitako eraikinaren materialarekin beste eraikin txiki bat eraikitzea proposatzen du, "oroitzapen-gune poetikoa sortuz". Lurrean Erorien Monumentuaren kokagunearen traza uztea proposatzen du, eta hor pergolaren antzeko osagai bat sortzea. Erabateko hustuketa-jarduketak oinezkoen eremu batua sortzen du Karlos III.a etorbidetik Monjardin Mendia kaleraino, Jesusen Bihotzaren misiolarien aldea ere eraldatzen baita. Eremua garbitu nahian, lurpeko garajeko maldak lekualdatzea proposatzen du, eta Iturralde y Suit kalean birkokatzea. "Eremu publiko osoan aske ibiltzea ahalbidetzen du eta mendebaldeko alboan oroitzapen-gunea hartzen du egungo monumentuan jatorria duen materialez. Proposamen hau, bereziki, monumentu osoa desagerrarazteko jarduketa eredugarritzat hartu da, baita oroitzapen-gune poetikoa sortzeagatik ere".

3.- Memoriaren zuhaitza (28. zenbakia)
Egileak: Jokine Crespo Garbisu eta Luis Beriain Sanzol.

Kulturari eta memoria historikoari eskainitako zentro bat jartzea proposatzen du proiektu honek, eraikin osoan eta horren atal guztietan. Erdiko tenpluak eta alboetako galeriek zein pabilioiak osatzen duten eraikin osoa mantentzen du. Osagai guztiak arkuterian solairuartea sortuz lotzen dira. Tenpluko barnealdean erdiguneko hutsune handia errespetatzen du. Egungo ur-gunea, eskailerak eta plataformak kentzen dira. Kultur gune berrirako sarrera nagusia kriptaren mailan egtea proposatzen du. Egungo Kristo Erregearen parrokia eraikinaren hegoaldera lekualdatuko litzateke, eta hiri-eremua eraldatzen da Joan Paulo II.aren etorbidearen hasieran, Lezkairu eta Askatasun plaza lotzen dituen oinezkoen ibilbide agerikoa sortuz.

4. Civitas (31. zenbakia)
Egilea: Oscar Mongay Jimenez

Eraikina mantentzea proposatzen da, hausnarketa-gune izateko, eta memoria historikorako gune batean sartzeko atari gisara. Arkuteriak kendu eta alboetako pabilioiak mantentzen ditu Civitas proiektuak. Tenplua mantentzen du, baina isolatuta. Monumentuko atzeko aldean, tarte bat utzita, beste eraikin bat proposatzen da. Egungo ur-gunea, eskailerak eta plataformak kentzen dira; eta, horrela, erdiko pabilioiaren isolamenduarekin batera, plazak eta hegoaldeko lorategiak ia gune bakarra osatzen dute, "horien arteko egungo banaketari naturaltasunez irtenbidea emanda". Lezkairuranzko oinezkoen ibilbideak indartzen ditu.

5. Denon etxea (34. zenbakia)
Egileak: Jose Ramon Sierra Gomez de Leon eta Practica Sociedad Civil

Proposamen honek monumentuaren erdiko gunea mantentzen du, baita arkuteriak ere, eta alboetako pabiloiak eraikin berri batez ordezten ditu. Eraikinean erakunde publikoren bat sartzea proposatzen du, modu horretan monumentuari beste esanahi bat emateko. "Askatasun plaza eta Serapio Esparza parkeko lorategiak eremu publikoko maldak leunki moldatuz lotzen dira, ibilbideak jarraian egotea ahalbidetuz".

6. Hegoaldeko atea (41. zenbakia)
Egileak: Tabuenca & Leache + DOA Arquitectura

Honek ere eraikina mantentzea proposatzen du, baina epaimahaiak azpimarratu nahi izan du proposamen honek baduela indargune bat: oso didaktikoa da eraikina bere horretan mantentzeak dakarrena ikusteko. Erabilerei dagokienez, museo bihurtzea proposatzen du baina bestelakorik baztertu gabe (azken erabakia beste une batean har daitekeela uste da). Aisialdirako behin-behineko programa alternatibo bat proposatzen du (jatetxea, liburu-denda, kafetegia), lekua erakargarriago egiteko, baina proposamenaren zati hau ez da garrantzitsuentzat jo. Hegoaldearekiko lotura ebazten du, galerien azpiko pasabide baten bidez. Plaza berrantolatzen da, "espazio publikoari garrantzia eman eta etengabeko tratamendua emanez"; gunea oinezkoendako bihurtzea proposatzen da, osorik, alboetako ibilgailuendako bideak zein erdiko ur-gunea. Gune publikoa hegoaldera zabaltzen da, Monjardin Mendiaren kaleko biribilguneraino, eta Agoitz kalearen birmodelazioa iradokiz.

7. Wu (49. zenbakia)
Egileak: Jose Manuel Rodriguez Peña, German J. Delgado Perez, Ingenieria y Arquitectura Techne Proyectos S.L.P.

Gaur egungo eraikinetik soilik tenplua mantentzea proposatzen du, arku-multzoak eta alboetako eraikinak kenduz. Tenpluaren mendebaldean eraikin berri bat egitea proposatzen du proiektu honek, "bi bolumenen arteko kontraste erakargarria lortzeko". Bi eraikin horien antolamenduak espazio publikoaren ihesbide argia sortzen du hegoalderantz plazaren albo batetik, eta lotura errazagoa eratzen du Lezkairurako, sortu den asimetria hori espazio publiko berri horren bereizgarri bihurturik. Oraingo tenplua liburutegi bihurtzea proposatzen du, eta erdiko hutsune handia libre mantenduz. Eraikin berriak gatazkak bideratzeko zentro bat hartuko luke. Bi erabilera horiek, bigarrenaren balizko definiziorik eza gorabehera, oso egokitzat jo dira, betiere lehiaketaren oinarrietan emandako irizpideekin bat.

Erabilera anitz

1936ko kolpe militarra goratzeko eraiki zuten Erorien Monumentua 1942. urtean, baina, ordutik, erabilera anitz izan ditu: eliza izan zen hainbat urtez, baita Mola, Sanjurjo eta beste zenbait militar kolpisten hilobia ere, handik atera zituzten arte; eta Yolanda Barcinak erakusketa areto bihurtu zuen, alkate izandako garaian. 2007ko memoriaren legea betetzeko, ikonografia frankista oihalekin estali zuen, baina ez zuen ezer moldatu.

Iazko irailean herritar talde batek mausoleoa botatzeko ekinbidea aurkeztu zuen. Hiru multzotan bildu zituzten eraistearen aldeko arrazoiak: "arrazoi demokratikoak, legalak eta arkitektonikoak", eta horren aldeko manifestua aurkeztu zuten. 120tik gora pertsonak sinatu zuten. Besteak beste, memoria historikoaren esparruko ekintzaileak, 1936ko kolpe militarraren eta diktaduraren biktimen senideak, kulturaren esparruko sortzaileak, unibertsitateko irakasleak, historialariak eta hainbat talde politikoko ordezkariak batu ziren egitasmora.

Duela urtebete hasi zuten Iruñean Askatasunaren plazan dagoen eraikinarekin zer egin erabakitzeko prozesua. Irailean Iruñeko Udalak nazioarteko ideia lehiaketa atera zuen, eta urrian Joseba Asiron alkatearen kalitatezko botoarekin atera zen aurrera (EH Bildu, Geroa Bai eta PSNk bozkatu zuten alde, eta UPNk eta Ezkerrak, kontra), eta zazpi proiektu hautatu dituzte bigarren faserako.

Maiatzerako, erabakita

Martxoaren 8tik apirilaren 21era herritarrengandik jasotako ekarpenak aztertuko dituzte, eta aurreproiektuak idatzi eta epaimahaiari aurkeztuko zaizkio maiatzaren 5erako. Prozesua, beraz, maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen aurretik amaituko da.

Asiron bera edo berak aukeratutako zinegotzi bat izango da epaimahaiburu eta, harekin batera, epaimahaia osatuko dute iaz Erorien Monumentuari buruzko jardunaldietara gonbidatutako adituetako batek, Hirigintza Gerentziak izendatutako arkitekto batek, administrazio publikoarekin loturarik ez duen beste arkitekto batek, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko arkitekto batek eta Nafarroako Gobernuko memoria historikoaren alorreko ordezkari batek.

Hirigintzaren ikuspuntutik, monumentua bidegurutze batean dago: Iruñeko hegoaldea (Lezkairu, Arrosadia, Mendillorri...) erdiguneko auzoekin lotzen du, eta itxitura ematen dio Karlos III.aren etorbideari. Inguru hori berezi egiten duena, ordea, ez da kokapena, eraikinaren historia iluna baizik. "Ukaezina da 1936ko estatu kolpearen eta errepresio frankistaren ikur gisa duen garrantzia. Hortaz, planteatzen den irtenbide orok aintzat hartu beharko du Memoria Historikoaren Legea", gogorarazi zuen Jose Abaurrea Iruñeko Udaleko Hiri Bizigarri eta Etxebizitza saileko zinegotziak (EH Bildu).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.