Kuba

Konstituzio erreforma bozkatu dute kubatarrek

Baiezkoak irabaziz gero, 1976ko konstituzioaren gaurkotzeak Raul Castroren agintaldiko (2008-2018) erreformak egonkortuko ditu. Besteak beste, jabetza pribatu mugatua aitortzea eta estatuburuaren agintaldiak epe mugatua izatea jasotzen du. Baiezkoak irabaztea espero da.

Kubako herritar bat, knstituzioaren erreformaren aldeko mezua due kafetegi baten aurretik pasatzen, Habanan. YANDER ZAMORA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko otsailaren 24a
07:28
Entzun

Baiezkoaren eta ezezkoaren aldeko kanpainek inoiz ez bezalako ikusgarritasuna izan dute sare sozialetan. Kubak Internet mugikorraren ateak berriki ireki izanak, konstituzio erreformaren aldekoen eta kontrakoen mezuak ugaritu ditu Twitterren nahiz Facebooken, herritarren bozka bideratzeko asmoz. Guztira, zortzi milioi kubatar baino gehiago daude deituta bozetara, 1976ko konstituzioa aldatu nahi duten ala ez erabakitzeko. Hain justu, 43 urte bete dira igandean, indarrean den konstituzioa onartu zenetik.

Gobernuak baiezkoaren aldeko botoa eskatu du, konstituzio berriaren alde bozkatzea "herrialdearen etorkizunaren alde" bozkatzea dela argudiatuta. Kontrakoek, berriz, salatu dute konstituzio erreforma "inposatutakoa" dela eta ez diela "gehiengoaren interesei" erantzuten. Erreformarako prozesuan "gardentasun falta" izan dela salatu dute.

Konstituzio erreformaren aurka agertu direnen artean da AEE Amerikako Estatuen Erakundea —Kuba ez da erakundeko kidea—. Haren esanetan, erreforma ez da zilegi, "ez delako herritik jaio, Alderdi Komunistatik baizik".

Kubako Gobernuak adierazi du ezezkoaren kanpaina bultzatzen ari direnak "Kubaren etsai tradizionalak" direla, eta konstituzio berriak "herrialde hobe bat eraikitzeko legezko erremintak" eskaintzen dituela gaineratu du.

Baiezkoak irabazten badu, konstituzio berria apirilaren 10ean aldarrikatuko dute, Kubako Lehen Asanblada Konstituziogilea sortu zela 150 urte beteko diren egunean.

Jabetza pribatua eta agintaldiei muga

Konstituzio erreforma indarrean jartzen bada, Raul Castrok bere agintaldian bultzatutako hainbat neurri egonkortuko ditu. Ekarriko dituen berrikuntzen artean da jabetza pribatua era mugatuan aitortzea. Neurri horrek eztabaida handia eragin du Alderdi Komunistaren baitan, askoren iritziz, balitekeelako interes orokorraren aurkako klase sozial bat sortzea. Arrisku hori onartuta ere, sistema berritzearen aldeko apustua egitea erabaki du alderdiak. Horrez gain, konstituzioak beharrezko gisa joko du atzerriko inbertsioa herrialdearen garapenerako.

Erreformak muga jartzen dio estatuburuaren agintaldiari. Gehienez ere, hamar urten egon ahal izango da agintean —bost urteko bi agintaldi—. Bestalde, Kubako Errepublikako lehen ministro kargua sortzea aurreikusten du.

Hasierako proposamenean komunismoari erreferentziari egiten ez zitzaion arren, komunismoa helburu gisa berresten du testu berriak.

Proposamenak eragin zuen eztabaidarik handienetakoa sexu berekoen arteko ezkontzari atea irekitzen dion artikuluaren gainekoa izan da. LGTBI aktibistek eta giza eskubideen aldeko elkarteek babesa adierazi diote, eta aurka agertu dira Eliza katolikoa eta Kubako gizartearen zati handi bat. Erreforma proposamenean eztabaida bi urtez atzeratzea jaso da, Familia Kodea zehazten denerako.

Kubako Asanblada Nazionalak 2018ko uztailean onartu zuen lehen zirriborroa. Dokumentuak hiru hilabete iraun zuen herri galdeketa bat gainditu zuen, eta atzerrian bizi diren 1,4 milioi kubatarren parte hartzea ahalbidetu zuen. Milaka proposamen aintzat hartu ondoren, konstituzio proiektu berria aurkeztu zion batzorde arduradunak Asanblada Nazionalari. Hasierako testuaren %60 moldatu zen. Behin betiko proposamena parlamentuak onartu zuen, aho batez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.