Akusazioen hutsuneak agerikoak izan dira auzipetuen deklarazioen txandan

jon ordonez garmendia
2019ko otsailaren 26a
10:56
Entzun

Cuixartekin eta Forcadellekin amaitu da gaur Kataluniako epaiketan buruzagi independentisten deklarazioen txanda. Otsailaren 13an hasi zen deklaratzen Oriol Junqueras, eta lehen fase hau amaituta lekukoak hasiko dira asteartean deklaratzen. Auzipetuen deklarazioek hainbat gako utzi dituzte, eta horien artetik nabarmentzen da Fiskaltzak oraingoz ez duela lortu frogatzea auzipetuek indarkeria erabili zutenik sedizioaz baliatzeko. Hori bakarrik ez, akusazioek hainbat hutsune utzi dituzte agerian deklarazioen lehen txanda honetan. Informazio okerra, lekuz kanpoko baieztapenak eta zentzurik gabeko galderak ugariak izan dira akusazioen partetik, eta Manuel Marchena epaileak berak behin baino gehiagotan ohartarazi behar izan ditu euren jardun okerragatik. Baita aretoan bilduta zeudenei ere barre egin baitute jardun horrek eraginda.

"ANCko edo Omniumeko kidea zara?", galdetu diote Turulli. Cuixarti, berriz, ea bazekien irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzan zeuden poliziek ogitartekoak eskatu zizkiotela mosso bati. Gainera, epaiketa behar bezala prestatu gabe eraman dutela utzi dute agerian, katalanezko hainbat hitz itzultzeko eskatu dietenean auzipetuei edo A-7 autobidearen eskumena Generalitatea dela esan dutenean (estatuarena da). Marchenak hainbat kasutan esku hartu behar izan du, eta adierazi auzipetuek nahi dutena erantzuteko eskubidea dutela, edo galdera ulergarriak egiteko eskatzeko: "Estatuaren abokatu anderea, ni galdu naiz". Fidel Cadena fiskalak, gainera, une batean esaten du irailaren 20an Guardia Zibilaren zazpi auto "suntsitu" zituztela, eta gero dio berak ez duela "suntsitu" hitza erabili. BERRIAk zuzenean eman du epaiketa guztia orain arte, eta zuzenean ikusi ahal izanda. Bideoak, azpidatzita, BERRIA telebistan edo BERRIAren YouTubeko kanalean daude ikusgai.

Lehen fase hau amaituta, bigarren hasiko da. Lekukoen txandan, ordena hau dago aurreikusita:

Asteartea: Joan Tarda (10:00), Roger Torrent (10:30), Artur Mas (11:00), Soraya Saenz de Santamaria (11:30), Cristobal Montoro (12:00), Mariano Rajoy (16:00), Marta Pascal (16:30), Nuria Gispert (17:00), Eulalia Reguant (17:30) eta Antonio Baños (18:00).

Asteazkena: Iñigo Urkullu (10:00), Gabriel Rufian (10:30), Albano Dante-Fachin (11:00), Ernest Benach (11:30), Ada Colau (12:00), Juan Ignacio Zoido (16:00), Xavier Domenech (16:30), Josep Ginesta (17:00), Francesc Iglesies (17:30) eta Adria Comella (18:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.