Korrika

Korrikan ere ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ rolak jokatzera deitu dute Topaguneak eta AEK-k

Korrika Euskaraldiaren esperientzia errepikatzeko testuinguru paregabea dela nabarmendu dute, gaur, AEK-ko eta Topaguneko ordezkariek, Bilboko Itsasadarra museoan egin duten agerraldian.

AEK-ko eta Topaguneko ordezkariak, gaur, Bilboko Itsasadarra museoan.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 6a
15:35
Entzun

Euskaldiaren estraineko esperientziari bi urte barru bigarren Euskaraldiarekin jarraipena emango zitzaiola iragarri zuen Euskaltzaleen Topaguneak. 2020ko azarora itxaron gabe, baina, ahobizi eta belarriprest rolak Korrikan berreskuratzera deitu dute Topaguneak eta AEK-k. Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak "euskarazko hizkuntza-praktikak zabaltzen jarraitzeko, aldatutako ohitura horiei eusteko eta euskarazko harremanak zaintzeko" eskatu die herritarrei. Eguneroko ariketa horiek lantzeko, Korrikak testuinguru ezin hobea eskaintzen duela nabarmendu dute. Aurten, apirilaren 4tik 14ra ospatuko da Korrika, eta Garestik Gasteizera egingo du 2.560 kilometroko ibilbidea.

Euskaraldiak sustatu duen hizkuntza ohituren aldaketa Korrikaren aurtengo leloarekin eta helburuarekin bete-betean bat datorrela nabarmendu du Mertxe Mugika AEKko koordinatzaile nagusiak. Klika aukeratu dute lelo, eta jarrerak aldatzea jarri dute helburu: alegia, euskararen alde "klik" egitea.  "Klika eta inertziak apurtzea eskutik doazen ekintzak dira", adierazi du Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak. Euskaraldian parte hartu dutenek "euren hizkuntza praktikak aztertu" eta ohiturak aldatzeko erabakia hartu zutela gogorarazi du.

AEK-k eta Topaguneak ahobizi eta belarriprest guztiei dei egin diete ikurrekin eta beren portaerarekin hizkuntza ohitura aldaketa ikusaraztera, "AEK-k aurten egin duen proposamenari jarraituz, klika egiteko, aldaketak eragiteko, urrats berriak emateko".

[youtube]https://youtu.be/CkLiCzvbw9A[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.