Gure Esku Dago

Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek utzi egingo diote GEDeko bozeramaile izateari

Sei urte egin dituzte biek Gure Esku Dago-ko eledun lanetan. Aurrerantzean ere mugimenduaren barruan jarraituko dute, baina ez lehen lerroan.

Nikolas eta Oiarbide, artxiboko argazki batean. ARITZ LOIOLA, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2019ko martxoaren 13a
14:04
Entzun

Gure Esku Dago-ren barruan jarraituko dute lanean Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek, baina dagoeneko ez dira izango plataformari aurpegia ematen diotenak. Sei urtez bozeramaile lanetan aritu ondoren, lehen lerroa utziko dute biek. Hala iragarri dute komunikabideetara helarazitako oharrean.

Gure Esku Dago martxan jartzearekin ia batera hartu zuten haren gidaritza Oiarbidek eta Nikolasek, eta mugimenduak antolatutako ekitaldi orotan ikusi izan dira biak ala biak geroztik. Hasi herri galdeketa, giza kate eta manifestazioetatik, instituzio eta politikariekiko bileretaraino.

Baina estatus politikoari buruzko eztabaida sortzea izan da mugimenduaren helburu nagusietako bat eta hori lortutzat eman du Oiarbidek berak. "Eztabaidak Euskal Herri osoa hartu du, eta harago ere joan da. Esan dezakegu emaitza oso positiboa izan dela. Bigarren funtzioa da ariketa demokratiko bat egikaritzea".

Hainbeste denbora mugimenduaren lehen lerroan aritu ondoren, atzera egitea erabaki dute biek, eta aurpegi eta ahots berriei bide egitea. Mugimenduak martxoaren 31n egingo du hurrengo ekitaldia. Etapa berri baten hasiera iragarriko dute egun horretan, "pauso berriak eta eraginkorrak emateko determinazioarekin". Orduan aukeratuko dute zuzendaritza berria ere.

Lurralde osorako jauzia egin nahi du Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak. 2013ko ekainean jendaurrean aurkeztu zenetik, bost urte eta erdiko ibilbidea egin du gizarte mugimenduak. Aro berri horren abiapuntua izango da martxoaren 31n Bilboko Euskalduna jauregian egingo duten ekitaldia. Eguerdian elkartuko dira, jauregiko auditorium nagusian, eta herritar orori dei egin diote hara joatera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.