Prentsa askatasuna

Arbelaitzen auziarekin jarraituz gero "kazetaritza konprometitua" epaituko dutela ohartarazi dute

Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariak Donostiako epaitegietan deklaratu du, bi ertzainek jarritako salaketa baten harira. Hizkuntza eskubideen urraketa baten berri eman zuen, kazetari gisa lanean ari zela.

2019ko martxoaren 20a
15:25
Entzun

Kazetari batek epaile aurrean deklaratu behar izan du gaur, kazetari gisa egindako lanagatik bi ertzainek salaketa jarri ondoren. Jende andana bildu da Donostiako epaitegiena aurrean, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariari elkartasuna agertzeko. Haren lankideek azaldu dutenez, Arbelaitzi deklarazioa hartu, eta auzia amaitutzat eman edo epaiketara joko ote duten erabaki behar du epaileak.

Halakorik ez dutela espero adierazi dute Argia-ko kideek gaurko protestan: "bidegabekeria" bere horretan amaitzea espero dutela. Epaiketa egingo balitz, ordea, "kazetaritza konprometitua" epaituko luketela ohartarazi dute.

11:30ean bildu dira Donostiako epaitegien aurrean Arbelaitzi elkartasuna agertzeko. Informatzen jarraituko dugu, kazetaritza ez da delitua zioen pankarta atera dute kazetariaren lankideek, eta "informatzen jarraituko dugu" eta "eskubidea da kazetaritza" oihuak egin dituzte. Kantari ere aritu dira tarte batean: Guk euskaraz, zuk zergatik ez?

Bi ertzainek salatu zuten Arbelaitz. Otsailaren hasieran jakinarazi zuen Argia-k ertzainak "iraintzeagatik" salatu zutela Arbelaitz. Maiatzaren 21eko agerraldi batean du jatorria guztiak: Bizitza Da Handiena dinamikaren barruan egin asmo zuten Ernaiko kideek, turistifikazioa salatzeko. Ernaik salatu zuenez, Ertzaintzak identifikazioa eskatu zion gazte bati, erdaraz. Hark, euskaraz eskatuz gero emango ziela erantzun zien, eta gertaera haien berri emateagatik salatu zuten Arbelaitz. Euskaraz egiteko eskatu zuen gazteari 600 euroko isun bat jarri zioten.

Gaurko zitazioaren harira, elkartasun kanpaina bat ere jarri dute martxan Argia-koek, eta 400 kazetari eta eragilek agertu diote babesa. Epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute guztiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.