21. Korrika

Normalizazioa "gizartearen atal guztietan" txertatzeko beharra nabarmendu du Korrikak

21. Korrikaren aurkezpen soziala egin dute Bilbon, ehundik gora gonbidaturekin: euskalgintzakoak, hedabideetakoak, alderdi politikoetako ordezkariak, sindikalgintzakoak eta eragile sozialak izan dira, besteak beste.

Bilboko BBK salan egin dute 21. Korrikaren aurkezpen soziala, gaur. @FOROKOOP
Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 28a
19:56
Entzun

Astebete baino ez da falta 21. Korrika hasteko. Datorren ostegunean egingo ditu lehen pausoak, Garesen (Nafarroa), eta ibilbideari behar bezala ekiteko azken lanetan dabiltza antolatzaileak. Aurkezpen soziala egin dute gaur, Bilboko BBK aretoan, aurtengo egitasmoari ongi etorria eman eta atzera kontua hasteko.

"Euskararen normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan, modu transbertsalean txertatuta", nabarmendu du Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak. Euskararen egoera hobetzeko, dena den, haren aldeko "hautua egitea, konpromisoa" beharrezko dela azaldu du Asier Amondo Korrikaren arduradunak. Horixe da, hain zuzen, aurtengo leloarekin zabaldu nahi izan duten mezua: "Klika egitea hautua da, konpromisoa. Gero eta beharrezkoa da Klika egitea".

Joan den astean Iruñean egin bezala, gizarteko ordezkari ugari bildu dituzte Bilboko aurkezpenean: ehundik gora. Besteak beste, euskalgintzakoak, hedabideetakoak, alderdi politikoetako ordezkariak, sindikalgintzakoak eta eragile sozialak izan dira. Ane Zabala kazetari eta aktorea aritu da aurkezpen lanetan, eta Kimu txalapartalari taldeak eta Ane Artetxe artistak ere hartu dute parte.

Horra ekitaldian izan diren batzuk: Jasone Mendizabal (Topagunea), Jon Zarate (EHU), Ilaski Serrano (EITB), Martxelo Otamendi (BERRIA), Pedro Garcia Larragan (Confebask), Yolanda Barbero (IKA), Inaxio Garro (Laboral Kutxa), Koldo Narbaiza Olaskoaga (Bilboko Udala), Idoia Peñacoba (Mondragon Unibertsitatea), Kepa Sarasola (UEU), Iñaki Unibaso (HABE), Oihana Pascual (Bilboko Konpartsak), Josu Labaka (Uema), Izaskun Landaida (Emakunde) eta Arrate Illaro (Bertsozale Elkartea). EAJko, EH Bilduko eta Ahal Dugu-ko kide batzuek ere hartu dute parte, baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietako ordezkariek ere.

Joan den larunbatean, "euskararen normalizazioa azkartzera" konprometitu ziren 30 erakunde. Astelehenean, berriz, Garesko egitaraua aurkeztuko dute 21. Korrikaren arduradunek. BERRIAk jarraipen berezia egingo du, eta aurreneko aldiz, Berria TBk saio bat egingo du egunero Korrikaren inguruan: Korriklika. Esketxak, bertsoak eta marrazkiak izango ditu, besteak beste. Papereko egunkarian eta webgunean ere zabal jorratuko du egitasmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.