Korrika

Izarbeibarko eta Mañeruibarko herrietako ordezkariek abiatuko dute Korrika

Gaur aurkeztu du Korrikak ostegunean Garesen izango duen egitaraua. Eremu mistora pasatu diren udalerriek elkarrekin egingo dute laugarren kilometroa.

Garesko egitarauaren aurkezpena. KORRIKA
jon ordonez garmendia
2019ko apirilaren 1a
07:11
Entzun

Garesen prest dute dena ostegunean 17:00etan Korrika hasteko. Protagonismoa, baina, eskualde osoarena izango da lehen metroetan, Izarbeibar eta Mañeruibarreko hamasei herrietako ordezkari bana izango baitira lehen kilometroan lekukoa eramango dutenak. "Hamasei lagun horien bidez, lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; eta, bestetik, Izarbeibarren euskarak tinko aurrera egiteko Korrikak hauspo izan nahi duela", adierazi dute antolatzaileek gaur goizean egin duten agerraldian.

Egun osoko jaia prestatu dute Izarbeibarreko herritarrek 21. Korrikari hasiera emateko. Dianekin esnatuko da Gares, eta goizean hainbat ekitaldik alaituko dute eguna herri bazkariaren aurretik. Plazan izango da hasiera ekitaldia, 16:30ean, Anabel Arraizak gidatuta eta Demode Quartet taldearen parte hartzearekin.

Mezua hasiera ekitaldi horretan sartuko dute lekukoan, eta lehen kilometrotatik aurrera eskuz esku pasatuko da, apirilaren 14an Gasteizen hortik atera eta irakurtzen duten arte. Izarbeibar eta Mañeruibarko ordezkarien ondoren, Garesko Udalak hartuko du lekukoa. Antolatzaileek nabarmendu dute gaur garestarrek eta udalak "auzolan erraldoia" egin dutela azken hilabeteetan Korrikaren hasiera antolatzen. "Ohore handitzat jo dute bertakoek, Euskal Herriko 16 herrik baino ez dutelako Korrika hasiera ezagutu. Garesko Udalak eta AEK-k elkarlan hitzarmen bat sinatu dute, eta bertako alkateak, Oihan Mendok, deialdi berezia egin du ostegunean denok Garesen elkartzeko".

Udalaren ostean, Zabaltzagain guraso elkarteak hartuko du lekukoa hirugarren kilometroan, eta, horien ondoren, eremu erdaldunetik eremu mistora pasatu diren Nafarroako herrietako ordezkariek. Gero, hurrenez hurren, Garesko ezker abertzaleak, Garesko Gazte Asanbladak, Artazu herriak, Izarbeibarko mankomunitateak, Garesko eskolako irakasleak eta Emunek hartuko dute lekukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.