Korrika

Dena prest Korrikari hasiera emateko

BERRIAk zuzenean emango du haren berri 21. Korrikaren lehen pausoen berri, webgunean. Euskararen aldeko lasterketa gaur arratsaldeko 17:00etan hasiko da. 2.560 kilometro egin ostean iritsiko da Gasteizera, apirilaren 14an.

2019ko apirilaren 4a
07:17
Entzun

Asier Amondok emango dio hasiera gaur Korrikari. Arratsaldeko 17:00etan izango da, Garesen, Nafarroan. Amondo izango da mezu ezkutua lekukoan sartzeaz arduratuko dena, eta ondoren, Gasteizerainoko 2.560 kilometroko bideari ekingo diote. Apirilaren 14an helduko da lekukoa Arabako hiriburura. BERRIAk jarraipen berezia egingo dio lasterketatik bertatik, eta zuzenean emango du haren berri.

Batetik, lasterketaren zuzeneko seinalea eskainiko du BERRIAk bere webgunean, eta irakurleek uneoro jarraitu ahalko dute Korrikaren ibilbidea. Bestetik, Korriklika saio berezia egingo du. Saio horretan, umorearen, bertsoen eta irudi bidezko sormen lanen bidez emango dute eguneko ibilbidean gertatutakoaren berri. Eguneko izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera.

Lekukoa eskuz esku igaroko da bide osoan zehar, baina hura eramaten duena ez da bakarrik joango. Aldamenean izango ditu milaka euskaldun eta euskaltzale, gauez eta egunez. Lehen egunak Nafarroan egingo ditu Korrikak.

Garestik hegoaldera egigo du, Erribera aldera eta larunbatean helduko da Iruñera, eta handik iparraldera, Donibane Garazi aldera. Igandean igaroko da Mauletik, eta handik Baionara, eta ondoren berriz ere Nafarroan sartuko da.

Araba zeharkatu ostean, datorren asteko ostegunean helduko da Bilbora. Hainbat orduz izango da Bizkaiko hiriburuko kaleak zeharkatzen, eta jarraian Gipuzkoa aldera abiatuko da. Apirilaren 12an helduko da Donostiara.

Klika da aurtengo Korrikaren leloa. Jarrera aldatzeko deia egin nahi dute antolatzaileek horren bidez, jokamoldeak aldatzekoa eta euskara aukeratzekoa. "Hautua da euskara ikastea, euskara erabiltzea, inplikatzea", azaldu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.