Hilberria

Jose Antonio Urbiola hil da, Nafarroako EAJko lehendakari ohia

Abokatu lanagatik atxilotu zuten 1973an, eta Venezuelan erbesteratu behar izan zuen. HBn eta EAJn militatu zuen; 1992tik 2004ra, Napar Buru Batzarraren lehendakari izan zen.

jarraia164785.jpg
Hodei Iruretagoiena.
2019ko apirilaren 4a
09:10
Entzun

Nafarroako politikan ibilbide luze bezain oparoa egin zuen Jose Antonio Urbiolak Matxinandiarenak (1937, Agoitz, Nafarroa; 2019). Frankismo aurreko ETA goraipatzen zuen bezala, 1978tik aurrerako ETA suharki kritikatzen zuen, eta abertzaletasunaren bi joera nagusiak gertutik ezagutu zituen. Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde eta EAJren NBBko buru izan zen, besteak beste. Gaur hil da, 81 urterekin, Unai Hualde NBBko egungo lehendakariak jakinarazi duenez. 

Zuzenbidean lizentziatu zen Urbiola, 1962an, eta abokatu lanak eraman zuen atxilotua izan eta ihesera jo behar izatera. Aurrez, ibilbide politiko bat egina zuen: 1961ean sartu zen EAJn, eta 1964rako EBBko kide ere bazen. Frankismoaren amaieran atxilotu zuten, 1973an, eta Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes haren ondoren. 1974an, kanporatu egin zuen Frantziako Estatuak, eta Venezuelara egin zuen alde. Bi urteren buruan itzuli zen, eta HBn sartzeko hautua egin zuen.

Kargu garrantzitsuak izan zituen ezker abertzalean ere. 1980 eta 1981 artean, Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde izan zen HBrekin, eta atxilotu ere egin zuten kargu horretan zela, batzorde batean egindako adierazpen batzuengatik. Ez zuen asko iraun HBn, ordea. Kritikoa zen ETAren jardunarekin, eta 1983an publikoki adierazi zuen aurkako iritzia. Horrek eraman zuen berriz ere ihes egin behar izatera; berriz ere, Venezuelara.

Ez zen itzuli 1988ra arte. Berriz ere EAJra egin zuen orduan, eta 1992an hartu zuen NBBeko lehendakari kargua. Hamabi urtez aritu zen horretan. Kargua hartu baino lehen, 1991ko maiatzean, hala deskribatu zuen urte haietako egoera Euskaldunon Egunkaria-k egindako elkarrizketan: "Egun, euskal faktoreak duela hamabi urte baino indartsuagoak dira Nafarroan. Atera dezakegun ondorioa argi dago: huts egin dugunok alderdi politikoak gara, ez baitugu jakin nola bideratu Nafarroako sentimendu nazionalista hori".

HBrekin lankidetzan aritzearen alde egiten zuen orduan, eta iritzi bera agertu zuen NBBko buru gisa egindako bidearen amaieran ere. 2002ko otsailean, Euskaldunon Egunkaria-n, "demokrata abertzaleen" batasuna aldarrikatu zuen.

BERRIAk 2016ko abuztuan argitaratu zuen haren azken elkarrizketa. "Harro" agertu zen abertzaletasunaren bi joera nagusietan militatu zuelako, eta, azken urteetan kritiko agertu arren, ez zuen arazorik frankismo garaiko ETA goratzeko ere: "Herrialde baten ohorea da ETA antifrankista".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.