Korrika

Euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoak berretsi dituzte 50 eragilek, Bastidan

Aro berriari, 'klika' egitasmoaren barruan, "esanetatik konpromisoetara jauzi egitea" aldarrikatu dute sinatzaileek. Egitasmoarekin bat egin dute, besteak beste, Nafarroako Gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak. Bidearen erdira iritsi da Korrika, Trebiñun (bideoa, albistean).

'Aro berriari, klika' egitasmoarekin bat egin dute erakundeetako eta euskalgintzako eragileetako ordezkariek elkarrekin eraman dute Korrikaren lekukoa, Bastidan (Araba). ENDIKA PORTILLO, FOKU
2019ko apirilaren 9a
07:02
Entzun

Euskararen normalizazioa sustatzeko konpromisoak hartuak zituzten 30 eragilek Aro berriari, 'klika' egitasmoa aurkeztu zutenerako. Gaur, konpromiso horiekin bat egin duen eragile kopurua zabaldu dutela iragarri dute AEK-k eta sinatzaileek, Bastidan (Araba) egin duten agerraldian. Egitasmoarekin bat egin duten eragile horien artean dira Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa eta Eusko Jaurlaritza, besteak beste.

Korrikaren esanetan, duela bi urte Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko Santiago zubian egin zen jauziaren segida da gaurko urratsa. Euskalgintzako eta instituzioetako ordezkariek elkarrekin eraman zuten lekukoa orduan, lankidetzan egin beharreko bidearen ikur.

Hartutako konpromisoak orokorrak dira, oro har. Ildo batzuk nabarmenak dira. Lankidetza ildoetan sakontzea aipatu dute ia guztiek. Kontseiluak, adibidez, zera sinatu du: "Eragile sozialen, herritarren eta eragile politikoen adostasun berria eraikitzeko prozesua garatzea". Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aipatu du horretarako oinarri gisa. Erakundeek ere azaldu dute asmoa elkarlan bidea zabaltzeko. Euskaltzaleen Topaguneak beste zabaltze bat ere aipatu du: "euskaltzaleen mugimendua hedatzeko" plan bat abiaraziko du. Erakundeei dagokienez, gehienek aipatu dute zerbitzuak euskaraz bermatzeko urratsak egitea.

Ane Pedruzo kazetariak gidatutako ekitaldian, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo KORRIKA arduradunak adierazi dute euskalgintzak elkarlan esparru berriak zabaldu dituela. Gainera, Euskaraldian izandako parte hartzea ere nabarmendu dute, baina argi daukate hori ez dela nahikoa: "Normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatuta". Hori dela eta, norbanakoen konpromisoez gain, engaiamendu kolektiboen beharra aldarrikatu dute: "Euskararen aroan gaude. Orain da unea hizkuntza politika integrala abiatzeko eta garatzeko".

Ekitaldiaren ondoren, bertaratutako eragile guztiek parte hartu dute Korrikaren 1.252. kilometroan.

Korrikak aurtengo ibilbidearen erdia egin du gaur, asteartea. 22:30 inguru zirela iritsi da euskararen aldeko lasterketa 1.280. kilometrora. Alea aldizkariari egokitu zaio kilometro hori, Trebiñuko lurretan. Xanpaina irekita, suziriak piztuta eta umorez ospatu dute:

Bihar asteazkena, Bizkaira sartuko da Korrika, eta lurralde horretan ibiliko da etzi ere. Igandean, Gasteizen emango diote amaiera. Egun horretarako jai berezia antolatzen ari da AEK. Gaur bertan egin dute egitarauaren aurkezpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.