Eskuduntzak

Akordiorik gabe amaitu da eskumenei buruzko bilera teknikoa

Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua elkarrizketetan dira lau eskumen eskualdatzeko. Bihar ziren deitzekoak eskumenei buruzko Batzorde Mistora.

Josu Erkoreka eta Meritxell Batet, elkarri bostekoa ematen, Transferentzien Batzorde Mistoan, iazko azaroaren 26an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jon olano
2019ko apirilaren 10a
10:19
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin aurretik, 1979ko estatutuaren arabera Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumen gehienak eskualdatzeko negoziazioetan ari dira bi gobernuak. Gaur, lau eskumenen transferentzia lantzeko bilera teknikoa egin dute, baina akordiorik gabe amaitu da batzar hori, Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez. "Negoziazioan aurrerapausoak" antzeman dituzte, hala ere.

AP-68 autobideko Bizkaiko eta Arabako zatiaren kudeaketa, produktu farmazeutikoen legeen aplikazioa, ohiko erretiroaren aurretiko laguntzak enplegu erregulazio espedienteengatik kaltetutakoentzat eta eskola asegurua dira mahai gainean dauden eskumenak.

Bideokonferentzia bidez egin dute batzarra, hiru ordukoa, eta hamar lagunek hartu dute parte Jaurlaritzaren izenean; Gobernantza Publiko eta Autogobernu, Garapen Ekonomiko, Ogasun eta Ekonomia, Osasun eta Lan eta Justizia sailetako zuzendari eta kontseilariordeek. Jaurlaritzako iturriek zehaztu dutenez, gaur arratsalde-iluntzean lanean jarraituko dute bi aldeek, bihar bertan egin ahal izateko eskumenei buruzko Batzorde Mistoa. Foro horretan ematen diote oniritzia mahai teknikoan adostutakoari, eta bi aldeen asmoa zen batzar hori hauteskunde kanpaina hasi aurretik egitea. Akordiorik lortu ezinda, ordea, ikusteke dago Batzorde Mistoa bihar elkartuko den.

Edozein gisara, Pedro Sanchezen gobernua autogobernuaren alorrean egiten ari den lana goraipatu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Esan duenez, Sanchezek eskumenen eskualdaketarako egutegia beteko du, "ahal badu". Egutegi horrek 2020ko urtarrilera arteko epea jasotzen zuen 33 eskumen Jaurlaritzaren esku uzteko. ETB1ean eginiko elkarrizketa batean, Mendiak azaldu du "konpromiso bat" dagoela Sanchez berriro presidente izanez gero "egutegi hori betetzeko eta lanean jarraitzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.