Politika

Iñarrituk salatu du sektore ultra bat dagoela Ertzaintzaren barruan

Espainiako Kongresurako EH Bilduren hautagaiak ezinbesteko jo du "jokabide onartezinak" dituzten agenteak Ertzaintzatik bereiztea. Aitor Esteban Kongresurako EAJren hautagaiak adierazi du Voxek, Ciudadanosek eta ezker abertzaleak liskarren "argazkia" bilatu dutela.

Jon Iñarritu Espainiako Kongresurako EH Bilduren hautagaia, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
2019ko apirilaren 15a
13:57
Entzun

Jon Iñarritu Espainiako Kongresurako EH Bilduren hautagaiak gaitzetsi egin du, larunbatean, Bilbon, Voxen ekitaldiaren kontrako protestetan, Ertzaintzak masailezurra hautsi izana "era baketsuan" manifestatzen ari zen emakume bati. Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, "onartezina da halakorik berriro gertatzea, manifestatzen ari zen gazte bati foam jaurtigai batekin burura zuzenean tiro egitea. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diot gertatutakoa argitu dezala. Liskarrak tamalgarriak izan ziren, baina benetan larria dena da Iñigo Cabacasekin gertatu zen bezalako ezbehar bat gertatzeko zorian egon dela".

Iñarrituren esanetan, "esparru politiko guztietan muturreko sektoreak daudela egian den arren, Ertzaintzaren barruan ere bada sektore ultra bat". Iñarrituk gaineratu du horrekin ez duela adierazten "Ertzaintza bera edo Ertzaintzako kideen gehiengoa" ultra denik. Horregatik, defendatu du ezinbestekoa dela "era onartezinean jokatu dutenak bereiztea". Hala egin beharko litzateke, EH Bilduko hautagaiaren iritziz, Basurtun ospitaleratu behar izan duten gazteari tiro egin zion agentearekin.

Iñarrituk nabarmendu du zilegi dela Euskal Herrira "probokatzera" datozen "muturreko alderdien" kontra protesta egitea, eta gaineratu du ezin direla kriminalizatu alderdi horien aurkako "protesta zibil eta baketsuak". Iñarrituren esanetan, baina, "probokazio" horien aurrean, "burutsuena" da "bilatzen duten argazki hori ez ematea". Hala, adierazi du Ciudadanosek atzo Errenterian egin zuen ekitaldiaren aurretik, Julen Mendoza EH Bilduko alkateak argazki hori ekiditera deitu zituela herritarrak, baina hainbat herritarrek protesta egitea erabaki zutela. Iñarrituren arabera, Ciudadanosek eta Voxek badakite ez dutela ordezkaririk lortuko Euskal Herrian, baina Espainian dituzten hauteskunde helburuak betetzeko etortzen dira "probokatzera".

Aitor Esteban Espainiako Kongresurako EAJren hautagaiak adierazi du Voxek, Ciudadanosek eta ezker abertzaleak liskarren "argazkia" bilatu dutela "Ertzaintzaren kontrako enfrentamenduekin eta indarkeriarekin".

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Estebabek salatu du "batzuek Euskadiren irudi txarra eragin" nahi izan dutela. "Batzuek bilatzen zuten, eta besteek ere bai; batzuetan, elkar elikatzen dute".

Estebanen iritziz, Voxek eta Ciudadanosek abertzaletasunaren kontrako jarreran oinarritu dute beren kanpaina, "espainiartasunean eta birzentralizazioan". Bere esanetan, "kalera irten direnak indarkeria eta kale borroka defendatzen aritu direnak dira". Estebanek gaineratu du ezker abertzalea ados dagoela "mundu horrekin".

EAJko hautagaiak defendatu du "mundu guztiak hitz egiteko eskubidea" duela, Ciudadanosek eta Voxek "lasaitasun osoz" hitz egiteko aukera izan beharko luketela eta ondoren bakoitzak bere ondorioak atera behar dituela. "Horrela izan beharko luke gizarte demokratiko eta helbu batean".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.