Aberri Eguna

Euskal Herriaren aitortza nazionalerako orain arte jarraitu diren bideak "guztiz itxita" daude, ELAren iritziz

LABek ere gaur kaleratu du bere agiria eta sindikatuak faxismoaren oldarraldiari zein kapitalismoari aurre egiteko ezker subiranismoa indartu behar dela deritzo

jarraia165249.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko apirilaren 15a
07:11
Entzun

Zuzendaritza berrituarekin ospatuko du ELA sindikatuak aurtengo Aberri Eguna. Apirilaren 5ean utzi zuen Adolfo Muñoz Txikik sindikatuko gidaritza, Mitxel Lakuntzaren esku. Muñozek iragarri zuen gidaritza aldaketak ez zuela sindikatuaren ildo estrategikoa moldatuko, eta orain arteko ildotik, Euskal Herriaren burujabetzarako prozesu nazional bat aldarrikatuko du ELAk. Aberri Egunaren harira gaur zabaldu duen oharrean nabarmendu du, 40 urteko "ibilbide estatutarioaren ostean, orain arte jarraitu diren bideak guztitz itxita" daudela ondorioztatzeko beharra. Bestalde, ELAk ohartarazi du sindikatu abertzaleen arteko "aliantza egonkor ezak" lan munduak askapen nazional eta sozialerako egin dezakeen ekarpena mugatzen duela.

"Porrot egin dute borroka armatuak hausturarako bide bezala; estatutismoak nazio aitortzarako bide posibilista eta progresibo gisa; marko juridikoa estatu espainiarreko legediaren arabera moldatzeko saiakerek, Ibarretxe Plana eta Kataluniako 2006ko Estatuta, esaterako, eta orain —Felipe Borboikoak 2017ko urriaren 3an emandako agindu zuzenari jarraituz— jazarria izaten ari da duela urte eta erdi autodeterminazio galdeketa batean burutu zen prozesu zibil eta baketsua", dio sindikatuaren oharrak. Hori dela eta, ELAren iritziz, argi gelditu da Euskal Herriak eta Kataluniak ez dutela tokirik Espainian.

Sindikatuak adierazi du "arazoa" ez direla "eskuin zahar ala berriak" soilik, eta gatazkaren parte dela autodeterminazio eskubidea aitortzen ez duen "ezkerraren zati handi bat ere".

Testuinguru "hain gogorrean", ELAri "etsigarriak" iruditzen zaizkio Urkulluren zenbait jarrera. Esaterako, Jaurlaritzako lehendakariari leporatu dio Kataluniako auzian egin zuen "bitartekaritza" saiakera, eta Kataluniako agintariekin eta autodeterminazio erreferendumarekin "solidario" ez agertzea.

Horrez gain, lehendakariari aurpegiratu dio iraganari buruzko kontakizunaren eztabaida fede txarrez erabiltzea ezker abertzalea "politikoki indargabetzeko". Urkulluk ezker abertzaleari "eragindako min bidegabea" aitortzeko eskatzen dionean, ezker abertzalea jokoz kanpo utzi nahi duela ziuratu du ELAk, "agenda estatutista eta neoliberala" garatuko duen aliantza politika bermatze aldera, PSErekin eta PPrekin batera. ELAren esanetan, Urkulluk printzipio etikoen araberako aliantzak eta politikak garatu nahi baditu, ez lituzke demokratikoki homologatu behar Euskal Herrian "giza eskubideen urraketa larriak gertatu direla ukatzen dutenak".

ELAk Euskal Herriaren burujabetzarako prozesu nazional bat abiatzea proposatu du, eta ohartarazi du prozesu horrek instituzioen bultzada behar duela, baina horrekin ez dela nahikoa izango. "Behar ditu indar batuketa, mobilizazio militantea, kuadroen errotzea eta gizarte dinamikak indartuko dituen ildo estrategiko bat ere".


LAB SINDIKATUA, @labsindikatua

LABen adierazpena

LABek ere gaur kaleratu du Aberri Egunerako adierazpena, eta bertan “faxismoari eta kapitalari aurre egiteko ezker subiranismoa indartzeko garaia” dela azpimarratu du. Ostiralean onartu zuen agiria LABeko Nazio Biltzarrak, eta gaur eguerdian eman dute edukiaren berri Garbiñe Aranburuk eta Igor Arroyok.

LABen arabera, krisi sistemikoa bizi du sistema kapitalistak, baina Aranburuk ohartarazi du horren aurrean “faxismoaren gorakada eta kapitalismoaren oldarraldi berria” datorrela mundu osoan: “Kapitalismoak kapitalismo gehiagorekin erantzuten du”. Hauteskundeetan, Vox alderdiaren agerpeneak eskuineko beste alderdietan eragina duela deritzo: “Agenda politikoa markatu dute eta eskuina gero eta eskuinerago eraman du”. Aranburuak uste du horrek ez duela ahalbidetzen gizarte gaietan aurrera egitea edo lurralde ereduaren arazoari konponbidea ematea.

Atzeranzko joera horren aurrean, indarrak biltzeko unea dela deritzo: “Halako inboluzio baten aurrean, demokratizazioaren bidean pausoak eman behar dira, autodeterminazio eskubidea aitortzeko eta eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko, justizia soziala eta feminismoa oinarri”, azaldu du LABeko idazkari nagusiak. LABen arabera, sistema bidegabeari erantzuteko eraldaketa soziala indartu behar da. Horregatik Aranburuk uste du “mobilizazioa soziala garrantzitsua” dela eta “Euskal Herria borrokan” dagoela bai kalean bai lantokietan.

Aktibazio sozialera bidean, marko juridikoak egokitu behar direla deritzo ere bai. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, estatus politiko berria aldarrikatu du: “Egungo markoa gainditu behar da”. Aranbururen ustez, transferentzien eztabaida “garaiz kanpokoa” da. Nafarroan, “erregimenaren mehatxua itzuli da”. Lehen erronka da “erregimena instituzioetatik kanpo uztea” eta bigarrenik estatuarekiko menpekotasuna haustea zein patronalak Geroa Bairen politiketan izan duen eragina murriztea. Ipar Euskal Herrian, eremu propioaren alde borrokan daude eta besteak beste lan esparruko erabakiak Euskal Herritik kanpo diraute. LABen arabera, eraldaketa sozialerako eta prekarietateari aurre egiteko beharrezkoa da lan harremanetarako esparru propioa izatea, bai Hegoaldean bai Iparraldean.

Hala, LABek nabarmendu du eraldaketa sozialaren alde borrokan diren kideekin aliantzak indartu behar direla: mugimendu feministarekin, pentsiodunekin, gazteekin edo migranteekin. Halaber, autodeterminazio eskubidearen aldeko apustua berretsi du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.