Espainiako hauteskundeak

Espainiako Segurtasun Indarrak Euskal Herritik joateko eskatu du EH Bilduk

"Bada garaia indar armatu eta polizialen presentzia garai berrietara egokitzeko", esan du Jon Iñarritu Gipuzkoako zerrendako bigarrenak.

Jon Iñarritu, atzean Intxaurrondoko kuartela duela. BERRIA
jon olano
2019ko apirilaren 16a
07:36
Entzun

Guardia Zibilak Intxaurrondon (Donostia) duen kuartelaren atarian, agerraldi bat egin du Jon Iñarritu Espainiako Kongresurako EH Bilduren Gipuzkoako zerrendako bigarrenak, horiek Euskal Herritik joan daitezela eskatzeko. Izan ere, uste du ez duela "zentzurik" Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Euskal Herrian jarraitzeak: "Bada garaia indar armatu eta polizialen presentzia garai berrietara egokitzeko".

Iñarrituk hiru arrazoi nabarmendu ditu Espainiako Segurtasun Indarrak joan daitezela argudiatzeko. Batetik, arrazoi "demokratikoa": "Gure herrian, gure erakundeetan, oso argi geratu da herri honetan gehiengoak ez duela nahi indar polizial hauen presentzia". Bestetik, "legezkoa": gogora ekarri du 1979ko estatutuak jasotzen duela Ertzaintza Polizia "integrala" dela: "Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren funtzioak erresidualak dira, eta horregatik, ez dauka zentzurik milaka eta milaka polizia egotea".

Ildo horretan, oroitarazi du Euskal Herria dela Europan polizia ratio handiena duen lurraldea; mila biztanletik zazpi polizia daude, eta milatik bi egotea aholkatzen du Europako Batasunak.

Azkenik, Iñarrituk azpimarratu du "zentzuzkoa" dela Segurtasun Indarrek Euskal Herritik alde egitea, "oso kasu ilunetan" nahastuta egon direlako. Gerra zikina eta tortura jarri ditu adibide: "Horretaz asko dakite hemen, Intxaurrondon".

Mugimendu handirik gabeko zonaldea da Intxaurrondoko kuarteleko sarrera, eta ez zegoen inor hesian. Iñarritu hitz egiten ari zela, ordea, Guardia Zibilaren bi furgoneta iritsi dira, kaletik kuartelera. Barrura sartu beharrean, hesian geratu dira, Iñarritu agerraldia egiten ari zen lekutik hogei bat metrora, eta zortzi polizia inguru atera dira autoetatik. Agerraldia amaitzearekin batera sartu dira kuartelera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.