Prentsa askatasuna

'Ahotsa.info'-ko kide bat deklaratzera deitu dute, "terrorismoa" goratzea egotzita

2018ko urtarrilean argitaratutako bi albisterengatik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak salaketa jarri zuen, haietan EPPK-ko kideei "euskal preso politiko" deitu zietelako. Agoizko auzitegian deklaratu ondoren, libre utzi zuten atzo.

jarraia165527.jpg
Hodei Iruretagoiena.
2019ko apirilaren 25a
10:09
Entzun

2018ko urtarrilaren 5ean eta 13an argitaratutako bi albisterengatik joan behar izan zuen deklaratzera Ahotsa.info-ko kide batek atzo, Agoizko (Nafarroa) epaitegira. Albiste haietan "euskal preso politiko" izendatu zituzten EPPK-ko presoak, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak salaketa jarri zien "terrorismoa" goratzea leporatuta. Bideokonferentzia bidez deklaratu zuen Ahotsa.info-ko kideak, Auzitegi Nazionaleko epaile baten aurrean, eta libre utzi zuten balintzarik gabe.

Nafarroako hedabideak gogora ekarri du honakoa ez dela jasaten duen lehen erasoa, eta Euskal Herriko beste hainbat hedabideren kasuak ere oroitarazi dituzte: Egin, Egin Irratia, Egunkaria, Ardi Beltza, Apurtu, Ateak Ireki… 2011ko urtarrilean, Apurtu.org webgunearen aurkako operazioa egin zuen Espainiako Poliziak, "Askatasunaren propaganda aparatuko kide" izatea leporatua. Ateak Ireki webgunea sortu zuten orduan, eta Espainiako auzitegiek bide beretik jo zuten: ixteko agindua eman zuten 2013ko azaroan. Haren ondoren sortu zen Ahotsa.info.

Azkenaldian, ordea, Mozal legearen mamua ere batu zaio kazetarien jardunari, Ahotsa.info-k salatu duenez. "Mozal legearen aplikazioarekin herri komunikabide batzuen jarduera baldintzatzen saiatu dira. Hor ditugu, esaterako, Argia edo Hala Bediko kazetarien auziak. Adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna arriskuan daude oraindik Euskal Herrian, eta hori onartezina da", ohartarazi dute hedabideko kideek: "Bere garaian azpimarratzen genuen bezala, gaur ere ozen esan nahi dugu: jarraitzen dugu, jarraituko dugu".

Iazko uztailean ere joan behar izan zuen deklaratzera kide batek, auzi berberagatik, Espainiako Poliziak Iruñean duen egoitzara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.