Espainiako hauteskundeak

Otegi: "Sanchezena da ardura, eta guk arduraz jokatuko dugu"

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du EH Bildu prest dagoela Pedro Sanchezi babesa emateko, baina programa bat aurkeztu beharko duela eta "gatazka politikoari termino politikoetan erantzun".

Otegi, hauteskunde gaueko ekitaldian. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
jon ordonez garmendia
2019ko apirilaren 30a
15:41
Entzun

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hauteskunde gauean Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari egindako eskaintza berretsi du gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Azpimarratu du EH Bildu prest dagoela modu batera edo bestera Sanchezi babesa emateko, baina horretarako eurekin hitz egin beharko duela lehenik: "Gure babesa edo abstentzioa nahi badu, gatazka politikoari termino politikoetan eman beharko dio erantzuna, termino demokratikoetan, eta presoen aferari konponbide bat eman. Berak du ardura eta guk ere arduraz jokatuko dugu".

Inbestidura saioaz iragarri du, ezin dela besterik gabe egin, programa bat aurkeztu beharko duela PSOEk. Edozein kasutan Otegik garbi utzi du eskuinak ez duela gobernatuko Espainian: "Ez du aukerarik eta guk ez diogu atea irekita utziko. Eskuinari guk atea ixten diogu Gasteizen itxi genizkion bezala".

EH Bilduk lau diputatu eskuratu zituen igandean Espainiako Gorteetarako bozetan, eta ERCk eskuratutako hamabost diputatuekin batera erabakigarriak izan daitezke PSOEk (123) Unidas Podemos (43), EAJ (6) eta PRCrekin (1) akordioa egiten badu; hiru faltako lituzkete. Ciudadanosekin ados jartzea baztertuta, PSOEk gobernua bakarrik osatzeko asmoa adierazi du, ordea. "Aukera desberdinak ditu Sanchezek: ezer egin nahi ez badu, Ciudadanosekin egingo du ituna. Baina aurreikusten dut bakarrik gobernatu nahiko duela, akordioak denekin eginez. Baina horretarako zenbakiek eman egin behar dute".

Inbestiduran, ERCrekin batera

EH Bildu eta ERC Orain Errepublikak koalizioan aurkeztu ziren Espainiako bozetan BNG Galiziako alderdiarekin batera. Otegik iragarri du hastear den legegintzaldian elkarrekin lan egin dezaketela bi taldeek Kongresuan, eta inbestidura saioan behintzat, hala egingo dutela. "Ikusiko dugu, baina guk batasunaren aldeko apustua egingo dugu, eta inbestiduran jarrera bera izango dugu".

PSOE eta ERCren arteko balizko negoziaketen inguruan aurreratu du alderdi katalana ez dela konformatuko indultu batekin eta autogobernu gehiagorekin: "Katalunian hori egitea gaur egun suizidio bat da, eta ez dut ERC bere buruaz beste egiteko asmoz ikusten. Autogobernu gehiago zertarako, gero PPk eta Voxek irabazten dutenean kentzeko? Batzuek diote independentzia abentura bat dela, baina ez al da abentura bat gure etorkizuna horien menpe uztea? Hori ere abentura bat da, eta gaizki bukatzen dena".

Gaineratu du ERCk itun bat egin nahi duela Espainiako Gobernuarekin erreferendum bat adosteko, eta gogorarazi du Pedro Sanchezek Espainako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzearen alde agertu zela.

"Olatua" zaintzera

EH Bilduri dagokionez, pozik agertu da igandeko emaitzekin. Esan du gazte jendea erakarri duela koalizioak, 16, 17 eta 18 urteko gazteak, eta emaitzen joera gorakoa dela eta "olatua hori" zaindu egin behar dutela: "Feminismoa, ekologismoa, independentismoa, soberanismoa, ezkerreko politikak... balore hegemonikoak egiten ari dira, gure baloreak hedatzen ari dira".

Bel Pozuetak Nafarroan eserleku bat eskuratzeko 400 botora geratu izanaz galdetuta, esan du Geroa Bai-ri eskaini ziotela Orain Errepublikak koalizioan sartzea, Nafarroa akordioa eginda, baina ez zutela nahi, eta igandean Geroa Bai-ren botoak "alferrik" galdu zuela adierazi du. Hala ere, udal eta foru hauteskundeei begira Nafarroan aldaketari indartzeko aukerak ikusten dizkio, eta Sanchezen efektua apalduko delakoan dago.

Orokorrean Hegoaldeko lau herrialdeetako emaitzetan EH Bilduk gora egingo duela aurreikusi du Otegik eta herri batzuk berreskuratuko dituztela, adibidez, esan du, Bergara eta Pasaia (Gipuzkoa). "Gipuzkoan irabaztera aterako gara. Aukera asko dauzkagu", adierazi du. Igandean herrialde horretan EAJk 23.000 boto atera zizkion EH Bilduri, eta PSEk 77.000 jaso zituen, baina hilaren 26ko bozetan horrelako alderik ez dela izango uste du: "Jendeak beldurrez bozkatu zuen igandean, baina Gipuzkoaz hitz egiten dugunean ikusteko dago zer gertatzen den". 

EAJren gorakada PPren porrotari egotzi dio Otegik. "Jeltzaleen estrategiak balore kontserbadoreak ditu, eta EAJ kontserbadoreen babesleku bihurtu da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.