udal eta foru hauteskundeak

M-26an "bi ereduren" artean bat hautatuko dela uste du Olanok

Gipuzkoako ahaldun nagusiak espero du EAJren eta EH Bilduren arteko "lehia estua" egongo dela aldundira iristeko, eta balioa eman dio EAJk legealdian eginiko lanari.

Markel Olano, gaurko aurkezpenean. @EAJPNVGIPUZKOA
jon olano
2019ko maiatzaren 2a
17:29
Entzun

Lau egun dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin zirenetik, eta ate joka daude jada udal eta foru hauteskundeak. Horiei begira jarri da gaur Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta EAJko ahaldungai nagusia, eta azpimarratu du Gipuzkoan "bi ereduren artean" erabaki beharko dela: EAJ edo EH Bildu. Izan ere, "lehia estua" espero du bi indar politikoen artean, Espainiako Gorteetarako bozek erakutsi dutenez: "Oso lehia estua edukiko dugu, auzoz auzo, herriz herri, bailaraz bailara eta lurralde osoan".

Maiatzaren 26ko hauteskundeen aurrean EAJk izango dituen ildo batzuk aurkeztu ditu Olanok. Batetik, nabarmendu du Espainiakoa "konfrontazio handiko kanpaina" izan dela, eta EAJ ez dela horretan "sartuko": "Ez gara deskalifikazioetan sartuko. Ez dugu klima horretaz kutsatu nahi". Edukiari begira, berriz, uste du "bi eredu" ariko direla aurrez aurre: "konfrontazio handikoa" bat, "ezker abertzalearena", krisi ekonomikoak eta "proiektuen trabatzeak" ezaugarrituta; bestea, EAJrena, "herritarrekiko gertutasuna eta elkarrizketa, suspertze ekonomikoa eta proiektuak martxan jartzea" ardatz duena.

Kanpainarako, EAJren asmoa da, batetik, "jendeari entzutea": "Proiektua aberastuko dugu horrela, eta eztabaidatu eta kontrastatu egingo dugu EAJren proiektua jendearekin". Bestetik, "Gipuzkoa sendo bat" eratu nahi dute, "enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa" sustatuta, "desberdintasun sozialak murriztuta", herrialdearen "etorkizuna eraikita eta bermatuta" eta "jendearen konfiantza berreskuratuta".

Olanok balorazio positiboa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak azken lau urteetan eginiko lanaz, eta uste du "jarrera aldaketa" izan dela legealdiaren "arrakasta nagusia": "Lehentasun osoa eman diogu suspertze ekonomikoari, giltzarria zelako sozialki aurrera egiteko". Hori horrela, "zirkustantziak errepikatzen badira", PSE-EErekin gobernu koalizioa errepikatzeko asmoa adierazi du.

Espainiako hauteskundeei erreparatuta, uste du "autogobernua" izan dela EAJren "lehentasuna", eta hori saritu dutela hautesleek; hortaz, aurrerantzean ere irizpide berdinaren arabera jardutearen alde agertu da: "Erakundeen defentsan, nola egin ondoen".

Jeltzaleek larunbatean aurkeztuko dituzte hauteskunde programaren ildo nagusiak, eta Gipuzkoako udalerri guztietako hautagaiak egongo dira aurkezpenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.