Udal eta foru hauteskundeak

Barkosek laukoa berritzearen alde egingo du apustu, "zalantzarik gabe"

Nafarroako lehendakaria gustura agertu da bere gobernuak azken legealdian egin duen lanarekin. Haren esanetan, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak gehiengorik lortuko ez balute, ez litzateke zentzuzkoa izango gobernua osatzeko babesa lortzeari uko egitea.

Uxue Barkos, gaur, Nafarroako Gobernuaren azken legealdiko lanaren balorazioa egiteko agerraldira iristen. / . JESUS DIGES, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 6a
07:16
Entzun

Uxue Barkos Nafarroako lehendakari eta Geroa Bairen presidentegaiak lauko formula errepikatzeko asmoa agertu du, eta adierazi du hori izango dela hauteskunde ondorenean gobernua osatzeko bere apustua, "zalantzarik gabe". Hala ere, zuhur mintzatu da, eta gaineratu du herritarrak izango direla maiatzaren 26ko bozetan "gehiengoen jokoa" erabakiko dutenak. "Geroa Baik beharrezko gehiengoak lortzeko lan egingo du, laukoarekin elkarlanean".

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak gobernua osatzeko nahikoa babes lortuko ez balute, Barkosek adierazi du ez litzatekeela "zentzuzkoa" izango gobernua osatzeko helburua baztertzea, baldin eta "aurrerakoi deitzen diren beste indar batzuk" prest agertuko balira Nafarroa "iraganean egin den bestelako terminotan eraikitzen jarraitzeko".

Lehendakariak galdetu du PSNk "indar aurrerakoien artean" kokatzen al duen bere burua, bere izenak hala adierazi arren, ez baitu "gobernu aurrerakoi bat" osatu Nafarroan horretarako aukera izan duenean. "Soilik PSNren indar parlementarioa beharrezko suertatu ez denean izan da posible aldaketaren gobernu bat", adierazi du. Barkosen iritziz, PSNk lau urte izan ditu "beste alderdi aurrerakoi batzuengana hurbiltzeko", baina "ez du jakin" hori egiten, "edo ez du nahi izan".

Gaineratu duenez, PSNren jarrerak ez du adierazten alderdi sozialistati botoa eman diotenen nahia. Barkosek PSNri dei egin dio argitzera "Nafarroako gehiengo aurrerakoiak ongi deritzon modu eta formulekin gehiengoak osatzeko prest" al dagoen.

Legealdiarekin, gustura

Barkosek legealdiaren balorazioa egiteko deitu duen prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek. Lehendakaria gustura agertu da azken legealdian bere gobernuak egin duen lanarekin. Barkosen iritziz, berak gidatu duen gobernuak frogatu du "gizarte ongizatea uztartuta dagoela garapen ekonomikoarekin, eta alderantziz". Adierazi duenez, "garapen ekonomikoak ez du zentzurik ez badago gizarte ongizate justu eta bidezko bat".

Bere agintaldian, Nafarroako ekonomia urtean %3 inguru hazi dela gogorarazi du Barkosek, "estatuko mailaren gainetik". Horrez gain, lehendakariaren esanetan, frogatuta gelditu da Errenta Bermatua pobreziari aurre egiteko "erreminta eraginkorra" dela. "Nafarroa da pobrezia maila baxuena duen estatuko erkidegoa", nabarmendu du.

Barkosek ohartarazi du lau urteko agintaldi bakar bat ez dela nahikoa "hamakadetako eredua leheneratzeko". Ohartarazi du beharrezkoa dela "lanean jarraitzea", "egiturazko aldaketak" errotzeko eta "XXI. mendeko Nafarroarantz aurrera egiten jarraitzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.