gazteria

'...Eta segi aurrera!" aurkeztu dute, ezker abertzaleko gazte antolakundeen historia biltzeko liburua

Aurkezpenean nabarmendu dute "memoria" eta belaunaldien arteko "transmisioa" landu nahi izan dutela liburuarekin.

Donostiako Añorga auzoko Zinema Zaharrean egindako aurkezpena, gaur arratsaldean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2019ko maiatzaren 6a
07:09
Entzun

Gaurko egunez duela 40 urte eratu zen Jarrai, gazte antolakundea sortzeko batzarraren bigarren zatian, Beasainen (Gipuzkoa). Eta efemeridea baliatuta aurkeztu dute gaur Eta segi aurrera! Ezker abertzaleko gazte antolakundeen 40 urteko historia bat liburua; "memoria" ariketa bat eta belaunaldien arteko "transmisiorako" lanabes bat izan nahi duena, liburuaren koordinatzaileen esanetan.

Txalapartak argitaratu du liburua, eta, Garazi Arrula argitaletxeko editoreak azaldu duenez, lan "kolektiboa" izan da: Markel Ormazabal, Irati Sienra eta Xabier Iraola izan dira koordinatzaileak, eta zazpi lagun aritu dira lanean; horiez gain, 53 pertsona elkarrizketatu dituzte. Informazioa biltzeko, artxibo lanaz gain, zazpi taldetan bildu dituzte 53 lagun horiek, garai ezberdinetakoak, Ormazabalek azaldu duenez.

Halaber, pasarte batzuk lehen pertsonan daude idatzita, testigantza gisa: horrek testua "aberastu" egiten duela uste du Arrulak, "beste ikuspegi bat" ematen diotela liburuari. Horrela, lau hamarkadatan eginikoaren "bilduma bat" jasotzen du liburuak, "ziur aski osatu gabea", Arrularen hitzetan: "Egin diren topaketak, eztabaidak eta abarrak daude jasota; urteotako borrokak eta lorpenak".

Ezker abertzaleko gazte antolakundeen ibilbidean landu eta liburuan ageri diren gaien aniztasuna ere nabarmendu du, besteak beste soldadutzari, drogen kudeaketari, feminismoari, hezkuntza alorreko etabaidei eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanei buruzko gogoetak bildu baitira.

Arratsaldean egingo dute liburuaren aurkezpen soziala, Añorgako zineman. Horrekin, Ernaik eta Aitzinak amaitutzat eman dute Bulkada berrien garaia da dinamika, Jarrairen sorreraren urteurrenaren harira iaz abiatutakoa. Xabier Iraola liburuaren koordinatzaileak aurkezpenean azaldu duenez, dinamika horren barruan egitasmo ugari egin dituzte, baina liburuari "garrantzi berezia" aitortu diote: "Balio erantsia dauka".

Iraolak azpimarratu zuen "transmisioaz eta memoriaz" sarri jardun dutela liburuan, iritzita "irakaspen asko" atera daitezkeela iraganetik eta aurreko belaunaldien esperientzietatik: "Ilegalizazioaren ondorioz etendura handi bat egon dela ikusten genuen. Horregatik, ariketa honek garrantzi berezia zeukan. Ekarpena egiten dio hariari segida emateari". Testuinguru horretan, "katebegi ezinbestekotzat" du gazte antolakundea: "Horregatik egon gara jomugak eta izan gara kolpatuak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.