Mari Paz Artolazabalek, Jose Luis Lopez de Lacalleren alargunak, "bizikidetza guztien artean" eraiki behar dela aldarrikatu du gaur, 2000. urtean ETAk hildako kazetariaren alde PSEk egindako ekitaldian. Horretarako, gertatutakoen "azterketa zorrotza" egin behar dela azaldu du, "herri honetan bizikidetza behingoz normalizatzeko". Ohartarazi du, ordea, "irakurketa kritikoa" egin beharra dagoela, "iragana ez zuritzeko". "Ez dut ezer gehiago erantsiko", esan du: "Atera ditzala bakoitzak bere ondorioak".
ETAk gaur hemeretzi urte hil zuen Lopez de Lacalle kazetaria, Andoainen (Gipuzkoa). Herriko PSEk antolatuta, oroimen ekitaldia egin dute han, eta besteak beste, parte hartu dute Maider Lainez PSEren Andoaingo idazkari nagusiak eta Eneko Andueza Gipuzkoakoak.
Artolazabalen ildotik, Lainezek gogora ekarri du "bere ideiak defendatzeagatik eta pentsalari librea izateagatik" hil zutela Lopez de Lacalle, eta nabarmendu du ezin direla ahaztu "haren ahotsa eta ETAk hildakoena". "Konplexurik gabeko ahotsa izan zen, beldurrik gabea". Memoria "kolektibo eta inklusiboa" eraikitzeko ardura "guztiena" dela azaldu du PSEkoak, baina ohartarazi du "benetan gertatu zenaren gainean" egin behar dela lan hori. "Hori ezin dugu egin batzuek gertatutakoa zuritzen badute eta gauzei bere izenez deitzen ez badiete. Ezinbestekoa da hemen gertatu denaren gaineko irakurketa kritikoa egitea, berriz errepika ez dadin".