Iran

Konpromiso nuklearrak murriztuko ditu Iranek 60 egunez, negoziazioa behartzeko

Hasan Rohani Iraneko presidenteak iragarri du neurria. Salatu du Errusia, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania ez direla betetzen ari 2015eko akordio nuklearra.

Hasan Rohani Irango presidentea. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 8a
07:48
Entzun

Gaur urtebete utzi zuten AEBek Iranen programa nuklearra mugatzeko JCPOA ituna —Ekintza Bateraturako Plan Integrala—. Akordioaren etorkizuna zalantzan utzi zuen AEBren aldebakarreko erabakiak, baina konpromisoari eustea erabaki zuten gainerako sinatzaileek. Iranek, ordea, konpromisoak ez betetzea leporatu die Errusiari, Txinari, Frantziari, Erresuma Batuari eta Alemaniari. Hori dela eta, bere konpromisoak murriztea erabaki du, eta 60 egunez luzatuko du neurria, negoziazioa behartzeko.

Rohanik jakinarazi duenez, Iranek eten egingo ditu uranio aberastuaren eta ur astunaren salmentak, bere eskariak aintzat hartu arte. Presidenteak azaldu du Iranek uranio aberastua saltzen aritu dela bi herrialderi, ekoizpenak 300 kilogramoko maila gainditzen zuenean. Rohanik itunaren gainerako sinatzaileei eskatu die indargabetu ditzatela bere banku sistemarekin eginiko transakzioei eta petrolio salmentari ezarritako mugak. Erantzun positiboa espero duela adierazi du.

"Datozen 60 egunetan gure interes nagusiak betetzen badira, bereziki petrolio salmentari eta banku zigorrei lotutakoak, aurreko baldintzetara itzuliko gara", adierazi du Rohanik. Hala ez bada, bi urrats iragarri ditu. Batetik, ez du mugatuko uranio aberastuaren ekoizpena itunean jasotako konpromisora. Bestetik, Arakeko ur astun erreaktorea amaituko du.

Rohanik nabarmendu du itun nuklearrari segida ematea dela hartu dituen neurrien helburua. "Akordioak indarrean jarraitzen du. Konpromisoen murriztea iragarri dugu, ez gure irteera (...). Akordioak ebakuntza bat behar du salbatzeko, eta ez suntsitzeko". Irango presidenteak nabarmendu du bere gobernua beti dagoela elkarrizketarako prest. "Gaur, hizkuntza berri batekin hasi dugu negoziazioa; atzo, diplomatikoa eta lagunkoia zen, eta orain, juridikoa".

Itunaren gainerako sinatzaileek "urrats onak" egin dituzte, Rohaniren esanetan, baina pauso horiek hitzetan gelditu direla gaineratu du. Haren iritziz, herrialde europarrak AEBren "bahitu" ekonomikoak dira.

JCPOA itunak Iranen programa nuklearra mugatzen du, nazioarteko isun ekonomikoak etetearen truke. AEBren irteerak ahuldu egin zuen akordioa, duela urtebete. Europako herrialdeek hainbat neurri hartu zituzten AEBren isunak apaltzeko. Besteak beste, ordainketetarako kanal bereizi bat. Neurri horiek, baina, ez dira nahikoa izan, eta petrolioa saltzeko mugak pobrezia hedatu du iraniarren artean.

Irango ekonomia nabarmen ahuldu da azken urtebetean. AEBek ituna utzi eta Iranen kontrako isunak ezarri ostean, maila apaletara beheratu da rialaren —Irango monetaren— balioa. Dolar bat 40.000 rialen pare izatetik, 150.000 rialen balioa izatera igaro da. 

Erreakzioak

Errusiak AEBren jarrera kritikatu du, gaurk. Sergei Lavrov Atzerri Gaietarako ministroak Donald Trumpen gobernuari leporatu dio egoera "onartezina" sortzea. Mohamad Yavad Zarif Irango kantzilerrarekin bildu da gaur Lavrov, eta bilkuraren aurretik egin ditu adierazpen horiek. "Eztabaidarako gai nagusia AEBren jarrera arduragabearen erruz Ekintza Bateraturako Plan Integralaren inguruan sortutako egoera onartezina izango da. AEBek uko egin diote hartu zituen konpromisoak betetzeari".

Txinak ere Iran defendatu du, AEBen "aldebakarreko" isunen aurrean. Geng Shuang Txinaren Atzerri Gaietarako Ministerioaren bozeramaileak adierazi du Iranek "zorrotz" bete duela 2015ean sinatu zuten akordioa, baina AEBek isunak jarri zizkiotela Ekialde Hurbilean "tentsio gorakada" eragin asmoz. Shuangek nabarmendu du ituna sinatu zuten herrialde guztien ardura dela akordioari eustea, eta elkarrizketara deitu du.

Iranen jarrera salatu du, berriz, Israelgo Gobernuak. Benjamin Netanyahu lehen ministroak ohartarazi du Israelek ez diola utziko Teherani arma nuklearrak garatzen. "Hilko gintuztenen kontra borrokatzen jarraituko dugu", adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.