Jesuiten hilketa

Fiskaltzak 150 urteko espetxe zigorra eskatu du Ellakuriaren hilketa leporatzen dioten koronel ohiarentzat

El Salvadorren, bost jesuitaren heriotza "aktiboki erabaki eta diseinatu" izana leporatzen dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Inocente Montano El Salvadorreko Defentsa ministrorde eta koronel ohiari.

Inocente Montano El Salvadorreko armadako koronel ohia. RON ROGERS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 10a
11:12
Entzun

Ignazio Ellakuria euskal herritarraren eta beste lau jesuitaren kontrako hilketarekin lotuta, Espainiak epaituko duen lehen akusatua da Moreno. 1989an, Ellakuria, Ignacio Marin, Segundo Montes, Amando Lopez eta Juan Ramon Moreno jesuitak hiltzeko plan bat diseinatzea eta horien hilketa "aktiboki erabakitzea" egozten dio Fiskaltzak. Hori dela eta, 150 urteko espetxe zigorra eskatu du El Salvadorreko koronel ohiaren kontra aurkeztu duen akusazio idatzian. Eraso horretan hiru salvadortar ere hil zituzten: Joaquin Lopez apaiza, Julia Elba etxeko langilea eta haren adin txikiko alaba Celina Mariceth.

Fiskaltzak Rene Yusshy Mendoza El Salvadorreko teniente ohia ere akusatu du ardura berberak egotzita. Harentzako, ordea, urtebeteko espetxe zigorra eskatu du soilik hilketa bakoitzeko. IZan ere, hainbat aringarri ezartzeko galdegin du, justiziarekin izan duen elkarlanean "oso" aktiboa izan dela argudiatuta. Teniente ohia hilketak egin zituen Atlacatl batailoiko kide izan zen.

Akusazio idatziak jasotzen duenez, "auzipetuek, prozedimentu honetan ikertu ez diren beste pertsona batzuekin batera, egitura paralelo bat eratu zuten El Salvadorreko Estatuaren baitan, legeritik kanpo, bake publikoa larriki hondatu zuena, biztanlerian izu egoera bat sortuz zibilen exekuzioen eta desagertzeen bidez".

Fiskaltzaren iritziz, 1989. urtea El Salvadorreko gerra zibileko "puntu gakoa" izan zen, urte horretako hauteskunde emaitzak itxuraldatu zirelako eta horrek eragin "atzeraezina" izan zuelako herrialdearen egoera politikoan. Horrekin batera, garai horretan Tandona izeneko militar taldeak boterea eskuratu zuen, "armadako eta gobernuko postu gako guztiak okupatu" zituzten eta. Bestalde, FMLN ezkerreko talde armatuak "gerrilla talde txiki bat" izatetik, "mugimendu errebelde" bat izatera igaro zela dio Fiskaltzak idatzian.

Egoera horretan, "jesuitek eta, bereziki, Ellakuriak lidergoa hartu zuten beren gain" gatazka armatuari elkarrizketaren bidezko irtenbide bat bilatzeko. "Ellakuria, presidente ohi baten alaba bahiketa batetik askatzeko negoziazioetan parte hartu zuen eskarmentuko bitartekari gisa ezagun zena, alde guztiekin hitz egiten zuen bakarra zen: FMLNtik AEBen enbaxadara, Arenatik pasatuz". Bitartekari izaerak "eskuin muturreko militarren helburu" bihurtu zuen, Fiskaltzaren arabera. Jesuita euskal herritarra UCA Ertamerikako Unibertsitateko errektore zen orduan, eta Askatasunaren Teologiako ideologo garrantzitsuenetakoa.

Horrez gain, jesuiten "ikasleetako batzuk iraultza armatuaren jaiotzan funtsezko izan zirenez", jesuitei FMLNren aholkulari izatea leporatu zieten. Zehazki, Ellakuriari talde armatuaren "estratega" izatea egotzi zioten, eta mehatxu ugari jaso zituen.

Testuinguru horretan, 1989ko azaroaren 15ean Armadako "Goi Agintaritzak eta beste agintari militar beterano batzuk, gehienak Tandonako kide zirenak", jesuitak hiltzea erabaki zuten Fiskaltzaren esanetan. Idatzian jasotzen duenez, "Guillermo Benavides koronelaren agindu zuzena —hura da gertakari horiengatik El Salvadorren zigortu duten bakarra— armadako hainbat erakunderen erabaki prozesu baten emaitza izan zen".

Espainiako Auzitegi Nazionalak hogei militar ohi auzipetu ditu Ellakuriaren auzian, baina El Salvadorreko erakundeek muzin egin diete estradizio eskariei. Montano, berriz, AEBetan atxilotu zuten, eta gobernu estatubatuarrak 2019ko azaroan utzi zuen Espainiaren esku. Ordutik, espetxeratuta dago, oraindik datarik ez duen epaiketaren zain.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.