Pablo Ibar

Heriotza zigorra baztertzeko eskatu du Ibarren defentsak

Pablo Ibarren kontrako epaiketaren azken fasea hasiko da gaur, Floridako (AEBak) epaitegi batean. Hiru hilketaren erruduntzat jo zuen epaileak, eta orain erabaki behar du ea bizi guztiko espetxealdia ala heriotza zigorra ezarriko dion.

Pablo Ibar bere kontrako epaiketako saio batean, joan den urtarrilean. GIORGIO VIERA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 15a
12:59
Entzun

Pablo Ibar euskal jatorriko herritar estatubatuarraren kontrako epaiketaren azken fasea gaur hasiko da, Floridan (AEBak). Epaileak erabakiko du zer zigor ezarri hiru hilketagatik zigortutako Ibarri: bizi guztiko espetxealdia ala heriotza zigorra. Defentsak eskatu du Ibarri heriotza zigorra ezartzeko aukera "debekatzea", bere "bi seme adingabeen nazioarteko giza eskubideak" aintzat hartuta. Epaileak, ordea, ez die onartu argudio hori —zigorrari buruzko erabakia hartzeko du oraindik—. Ibarrek 46 urte ditu, eta joan den urtarrilean erruduntzat jo zuen AEBetako Brodar Countyko (Florida) auzitegiko epaimahaiak, 1994an hiru lagun hiltzea leporatuta. 16 urte egin ditu heirotzaren korridorean, eta ia 25 urte daramatza preso.

Defentsaren idatziak dioenez, Tanya Ibar Pablo Ibarren emazteak 7 eta 12 urteko bi seme ditu, "jaio zirenetik bera aita bezala aitortzen dutenak". Ibarren abokatuek Haurren Nazioarteko Hitzarmenean eta Eskubide Zibil eta Politikoen Hitzarmenean oinarritu dute defentsarako arrazoiketa.

Floridako Fiskaltzak, berriz, heriotza zigorra eskatu du Ibarrentzat.

Ibar 2000. urtean zigortu zuten heriotza zigorrera. 2016an, ordea, epaia indargabetu zuen Floridako Auzitegi Gorenak, haren kontrako frogak urriak eta ahulak zirela iritzita. Beste epaiketa  bat egiteko agindu zuen. Bigarren aldi horretan ere hiru hilketaren erruduntzat jo zuen epaileak Ibar. Senideen esanetan, epaiketan agerian gelditu zen frogen zaintzan eta ikerketan izan ziren irregulartasunak.

Epaiaren ostean, epaimahaiko kide batek damua agertu zuen, hartutako erabakiarengatik. "Presioak" jasan zituela salatu zuen. Epaileak auzitik baztertu zuen.

Ibarri ezarri beharreko zigorraren erabakia epailearena izango bada ere, epaimahiak bere gomendioa emango du. Maiatzaren 22ra arteko epea izango du horretarako. Heriotza zigorra gomendatzekotan, epaimahaikide guztien adostasuna derrigorrezkoa da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.