Enpresak

Galerak handitu arren, enpresa hobeto dagoela dio Tubos Reunidosek

Petrolioaren garestitzearen eskutik, Arabako hodi egileak %32 handitu ditu eskariak.

Tubos Reunidosen lantegi nagusia, Amurrion. JUANAN RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 15a
07:32
Entzun

Iazko lehen hiru hilabeteetan 8,6 milioi euro galdu zituen Tubos Reunidosek, eta 13,3 milioi, berriz, aurtengo lehen hiruhilekoan. Salmentak %14 txikitu ditu, 69,6 milioira arte, eta EBITDA emaitza operatibo negatiboa izan du (-4,8 milioi).

Urte hasiera "zaila" izan arren, mezu positiboa zabaldu nahi izan du Amurrioko enpresak, urteak aurrera egin ahala emaitzek hobera egingo dutela uste baitu. Izan ere, petrolioaren prezioa berriro gora egiten ari da eta horren ondorioz atzeratutako inbertsio batzuk egiten ari dira petrolio konpainiak. Hidrokarburoen industria da Tubos Reunidosen hodien bezero nagusia.

Horrela, 2019ko bigarren hiruhilekoa 104 milioi euroren eskari zorroarekin hasi du enpresak, 2018 amaieran zuena baino 32 milioi gehiago. Eskari horiek AEBetatik, Ekialde Hurbiletik eta Asiatik iritsi zaizkio.

Zorra berriro negoziatzen

Gainera, Tubos Reunidosek jakinarazi du hurrengo asteetan itxiko duela taldearen zor handia (233,5 milioi euro) bankuekin berriro finantzatzeko akordioa. Apirilean, PwC auditoreak zalantzan jarri zuen Tubos Reunidosen lanean jarraitzeko gaitasuna, zorrak bere epean ordaintzeko arazoak zituelako.  

Iaz, Tubos Reunidosek 34,4 milioi euro galdu zituen, baina galeraren arrazoi nagusia zorraren ordainketa izan zen, emaitza operatiboak positiboak izan baitziren (18,6 milioi euro). Taldeak %10 handitu zuen bere negozio kopurua —342,5 milioi euroraino— petrolio industriaren eskaerei esker. Eta aurtengo bigarren seihilekoan eskariak eta salmentak handitzea espero du.  

Lanaldi murritzarekin

Tubos Reunidos saiatu da krisiari kostuak txikitzeko neurriekin aurre egiten. Hasieran, Productos Tubulares filialean 157 behargin botatzeko plan bat aurkeztu zuen, baina langileek aurre egin zieten kanporatzeei, eta enpresak atzera egin zuen. Alternatiba gisa, 2018 amaieran langile gehienei lanaldia laburtzeko erregulazio espediente bat aurkeztu zuen.

Amurrioko Tubos Reunidos enpresa nagusian, 700 langileetatik 660ri eragingo die lanaldiaren murrizketak, %50ekoa. Trapagarango Productos Tubularesen (Bizkaia), berriz, lantaldeko 407 lagunetatik gehientsuenak ziren  erregulazioan geratzekoak, baina eskari handi bat sartu zen urtearen hasieran, eta lanean normal aritu dira aste askotan zehar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.