Euskal presoak

Sei hilabetez bisitarik gabe utzi dituzte euskal presoen bi senide

Albocasserko espetxean (Herrialde Katalanak) ukipen bidezko miaketei uko egiteagatik zigortu dituzte Juan Ramon Karasatorre eta Harriet Iragi euskal presoen emazteak, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.

Iazko abenduan Iruñean egindako giza-kate bat, euskal presoen sakabanaketaren eta urruntzearen aurka. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2019ko maiatzaren 15a
07:19
Entzun

Joan den asteburuan bisitarik gabe geratu behar izan zuten Juan Ramon Karasatorre eta Harriet Iragi euskal presoek eta haien senideek. Albocasserko espetxean (Castello, Herrialde Katalanak) dituzte biak, Euskal Herritik 550 kilometrora. Etxerat elkarteak salatu duenez, "tratu arbitrario eta onartezina" jasan zuten bi presoen emazteek, eta orain, gainera, zigorra iritsi zaie espetxetik: sei hilabete bisitarik gabe. Etxerat: "Erabat salagarria eta onartezina da".

"Karasatorreren emazteari, beti bezala, [metala eta antzeko materialak atzemateko] erraketa pasatu zioten bisitara sartu aurretik", kontatu du senide eta lagunen elkarteak. Gailuaren alarmak jo ez arren, "funtzionarioak garrasika eta errespeturik gabe esan zion eskua sartuko ziola bularretan [bularretakoek metala eraman ohi dute sarri]. Karasatorreren emazteak uko egin zion ukitzeari, argudiatuz bularretakoek ez zutela alarmarik piztu, eta behar izanez gero kendu egingo zituela esanez". Une horretan, bisitarik gabe geratuko zela esan zioten, eta Karasatorreren alabak eta Iragiren senideek erantzun zuten, hark ezin bazuen, beraiek ere ez zirela sartuko.

"Tentsio eta urduritasun handiko une horretan, bi zerbitzuburu agertu ziren, eta senideek bisita gauzatu zezaketela adierazi zuten, gainera, Karasatorreren emazteari arrazoia emanez", azaldu du Etxerat-ek: "Gainera, enpatiarik gabeko testuinguru arbitrario berean, hasieratik arazoak egon ziren euskal presoen senideekin, hiru urteko haur bat sartzea debekatu baitzuten, Harriet Iragiren emazte, alaba eta lehengusuarekin batera halako bidai luzea egin ondoren, eta ahaidetasuna ziurtatzen zuen dokumentu eta baimen guztiak eraman arren".

Gaur, elkarretaratzeak egingo ditu Etxerat-ek Donostian eta Gasteizen, Oier Urrutia presoaren lagun batek izandako istripua salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.