JOSU URRUTIKOETXEAREN ATXILOKETA

Urrutikoetxea espetxeratzeko agindu du epaileak

Fiskalak goizean jakinarazi dio atxilotze agindua. 2017an ezarritako zortzi urteko zigor bat bete dezan atzeman dute.

Ustez Urrutikoetxea bizi zen etxea, Saint-Gervais-les-Bainsen (Frantzia). ANTONIO BROTO / EFE
jon olano
2019ko maiatzaren 17a
09:42
Entzun

Josu Urrutikoetxea ETAko buru izandakoa atzo atxilotu zuten Frantziako Alpeetako Sallanches herrian, eta gaur eraman dute Parisko fiskalaren aurrera. Hark eman dio atxilotze aginduaren berri, eta jakinarazi 2017an ezarritako zigor bat betetzeko atzeman dutela. Urte horretan, Parisko Auzitegiak Urrutikoetxea zortzi urtera zigortu zuen auzi ihesean, ETAren egitura politikoan aritzea egotzita.

Goizean, Bonnevilleko espetxetik fiskalaren aurrera eraman dute, eta, ondoren, epaile batek erabaki behar zuen haren askatasunaz. Hark agindu du Urrutikoetxea behin-behinean espetxeratzeko; Efe agentziak auzitegietako iturriak aipatuz zabaldu duenez, La Santeko kartzelara eraman dute.

Urrutikoetxearen atxiloketak arrabotsa atera du gaur ere. Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohiak "erretretaren heroitzat" jo zuen atzo, eta, gatazken konponbidean erabilitako kontzeptua bada ere, barkamena eskatu du Egigurenek: "Iraingarria izan daiteke biktimekiko, zintzoki barkamena eskatzen diet". Ñabartu du ez zuela Urrutikoetxea "goraipatu edo zuritu" nahi izan. Hitzon harira, Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Zelaak esan du ETAren biktimak direla "benetako heroiak".

Goizean, Pablo Salas Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuko general buruak agerraldi bat egin du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroarekin, eta azaldu du zergatik zuten lehentasun gisa Urrutikoetxearen atxiloketa: ETAn eginiko ibilbideagatik, erakundearentzako "ikur bat" izateagatik eta ETAk 2011ko urrian jarduera armatua behin betiko uzteko erabakian izandako "rol politikoagatik". Marlaskak Guardia Zibilaren lana goretsi du, eta erantsi erakundea desegin izanak ez duela esan nahi "krimen guztiak ikertzeari" uko egingo diotenik.

Urrutikoetxea askatzearen alde martxa bat egingo dute bihar Ugaon, Bizkaian (18:30). Urrutikoetxearen sorterria da Ugao.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.