Josu Urrutikoetxearen atxiloketa

«Erretretaren heroia»

ETA erakundean ibilbide luzea eginik, Urrutikoetxeak konponbide prozesuan jardun du taldearen zuzendaritzatik. Bera izan zen iazko maiatzaren 3an publiko egin zen ETAren azken komunikatuari ahotsa jarri zioten bi kideetako bat.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
jon olano
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
«Esan ohi da uztea dela erakunde terrorista baten erabakirik zailena, eta horretarako beharrezkoa dela erretretaren heroi bat». Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak atzo Radio Euskadin esandako hitzak dira, Josu Urrutikoetxearen atxiloketaren berri izan eta gerokoak. Aurrena Eusko Legebiltzarrean lankide eta 2005-2007 aroko bake elkarrizketetan mintzaide izan zuen Egigurenek Urrutikoetxea, eta bake prozesuaren esperientziatik abiatuta deskribatu zuen «erretretaren heroitzat»; izan ere, Urrutikoetxeak jarri zion ahotsa, Marixol Iparragirrerekin bat, ETAren desegiteari iazko maiatzaren 3an.

Josu Urrutikoetxearen historia (Ugao, Bizkaia, 1950) ETAren azken 30-40 urteetakoa da, neurri batean. Ingeniaritza ikasketak hasi zituen, baina ETAn sartu, eta ez zituen amaitu. Fakultatean eta erakunde armatuan kide izanik, harreman estua izan zuen Jose Miguel Beñaran Argala-rekin. Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen, eta, informazio ugariren arabera, ETAren zuzendaritzan zegoen 1975erako. Frantziako Poliziak atxilotu, eta Porqueroll irlara deportatu zuen, baina aske geratu zen 1977ko amnistiaren ondorioz. Sasira jo zuen berriro, eta 1980ko hamarkadaren hasierarako ETAko ordezkaririk inportanteenetakotzat jotzen zuten.

Angelun (Lapurdi) atxilotu zuten berriro, 1989ko urtarrilean, Aljerko negoziazioak abiatzear zirela, eta Frantzian epaitu. Hamar urteko zigorra ezarri zioten. 1996an Espainiaratu, eta 2000ko urtarrilean utzi zuten libre. Espetxetik irten berritan, Euskaldunon Egunkaria-k elkarrizketatu zuen, eta bertan ez zion eperik jarri nahi izan gatazkaren konponbideari: «150 urte daramatzagu borrokatzen; gaur egun, ukaezina da urratsak egin ditugula, ezker abertzalea borrokatu egin delako. Duela 20 urte marko juridiko-politiko honen alde apustu egin zutenek esaten dute hori pasatua dela. Ni ez nintzateke ausartuko eperik jartzen; borrokari ekin behar diogu, arrazoia dugulako eta lortuko dugulako, bai barruan eta bai kanpoan».

Orduan bete zuen bere lekua Eusko Legebiltzarrean. 1998ko bozetan, Euskal Herritarrok-en zerrendan aurkeztu zen, eta Urrutikoetxea izan zen alderdiak lortutako hamalau ordezkarietako bat. Berriro hautatu zuten 2001ean. Ez zuen denbora luzea egin karguan: 2002ko azaroan berriro deitu zuten deklaratzera, 1987an Guardia Zibilaren Zaragozako kuartelaren aurkako erasoa agindu izana egotzita. 11 lagun hil ziren atentatu hartan. Ez zen azaldu auzitegian, eta harrezkero ibili da klandestinitatean.

Elkarrizketa mahaian

1998ko urrian, preso zegoela, ETAk haren izena proposatu zion Espainiako Gobernuari bake negoziazioetarako mintzaide gisa. Bide motza egin zuen aukera hark, baina 2002an alde egin, eta 2005eko ekainean ETAko ordezkari gisa azaldu zen Genevako negoziazio mahaian. Solasaldiek ekarri zituzten emaitza batzuk, horrela iritsi baitzen ETA 2006ko martxoan su-etena ematera. Urte hartako irail bukaeran Genevan eginiko bilera, ordea, Urrutikoetxearen azkena izan zen, eta Xabier Lopez Peñaren lehena. Bigarrenak hartu zuen gidaritza hortik aurrera.

Saioek porrot egin zuten, baina, ETAk 2011n jarduera armatuaren behin betiko etena iragarri ostean, Urrutikoetxeak hilabeteak eman zituen Oslon, David Pla eta Iratxe Sorzabalekin, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza baten zain, gatazkaren ondorioez hitz egiteko. Mintzaiderik joan ez, eta Norvegiatik egotzi zituzten. 2013ko ekainean, Parisko Auzitegiak zortzi urtera zigortu zuen auzi ihesean, ETAren egitura politikoan aritzea egotzita.?Harrezkero, Espainiako segurtasun indarrak bila ibili zaizkio; atzo arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.