Tortura

Nazioarteko erakundeak "torturaren praktika hedatua" egiaztatzen ari dira, Sorturen esanetan

NBEren Giza Eskubideen Batzordeak Gorka Lupiañezen torturatu salaketari sinesgarritasuna aitortzen dion ebazpena baloratu du ezker abertzaleak. Sortuk gogorarazi du Euskal Herrian 4.000 tortura kasu baino gehiago egiaztatu direla, eta PPri, PSOEri eta EAJri eskatu die "beren arduren erantzule" egin daitezela.

Guardia Zibilaren polizia operazioa, 2007ko abenduan, Gorka Lupiañezek ustez erabilitako baserri bat miatzeko, Lupiañez espetxean inkomunikatuta zegoela. Tratu txarrak salatu zituen ordurako. ALFREDO ALDAI, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 21a
18:46
Entzun

NBEren Giza Eskubideen Batzordeak frogatutzat jo du Guardia Zibilak Gorka Lupiañez torturatu zuela. Ebatzitakoa nazioarteko beste erakunde batzuk torturaren inguruan hartutako erabakien testuinguruan kotatu du Sortuk. Adierazi duenez, "tantaka-tantaka, azken urteotan nazioarteko instantziak egiaztatzen ari dira tortura praktika hedatua izan dela hemen". Gaineratu du "euskal jendarte osoak" jakin duela hori, eta ezker abertzaleak "urte luzez" salatu duela.

NBEren Giza Eskubideen Batzordeak Lupiañezi arrazoia eman aurretik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia hainbatetan zigortu du, hamar euskal herritarren torturen auziengatik: Mikel San Argimiro (2010), Aritz Beristain (2011), Martxelo Otamendi (2012), Oihan Ataun (2014), Beatriz Etxeberria (2014), Patxi Arratibel (2015), Xabier Beortegi (2016), Igor Portu (2018) eta Mattin Sarasola (2018).

Sortuk salatu duenez, "estatu aparatuek independentismoa borrokatzeko sistematikoki erabili dute tortura hamarkada luzez, eta praktika horrek erabateko zigorgabetasuna izan du". Nabarmendu du "alderdi nagusiek, epaileek eta komunikabide handiek" tortura ukatzen jarraitu dutela, "beraien ardurak zuritu eta onen eta gaiztoen errelato faltsu bat eraikitzeko".

Bake eta bizikidetza agertoki baterantz urratsak egite aldera, Sortuk ezinbesteko jo du nork bere ardurak onartzea. Ezker abertzaleak urrats hori egin duela adierazi du, "sufrimenduaren parte batean izan dituen ardurak bere gain hartuz", eta PPri, PSOEri eta EAJri exijitu die gauza bera egin dezatela, "beren arduren erantzule egin daitezela".

Sortuk gogorarazi du Euskal Memoria Fundazioak 5.657 tortura kasu egiaztatu dituela Hego Euskal Herrian eta EHUren Kriminologia Institutuak 4.113 kasu EAEn. "Tortura horien guztien atzean ardura politikoak daude eta oraindik inork ez ditu bere gain hartu". Sortuk espero du aipatutako alderdiek borondatea agertzea "irtenbidea aurkitzearen aldeko pausoak" emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.